Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Komisariotza graduondoko ikasketetan formakuntza emango da zinema edo ikusentzunezko arteak xede dituzten era guztietako programen kontzeptualizazio, garapen, kudeaketa eta hedapenean

Alde batetik, ikastaroak ofizio honen berezitasuna definitu nahi du, etorkizunerako proiekzio handiko lanbidea baita, baina oraindik epistemologia propio baten ezagutza behar duena. Espezialitate honen bitartez, kuradoretza zinematografikoari buruzko emari teoriko zabala jasoko dute ikasleek-neurri batean arte plastikoen kuradoriatik jasoa dena- eta programazioan dauden tradizio eta eskola desberdinetako ekarpenak bereganatuko dituzte. Partaide bakoitzaren irizpide eta begiratu berezia lantzeaz gainera, zinema proiektuak garatzeko lanabesak emango zaizkie ikasleei, kutxa beltzean nahiz zurian eta ideia fasetik exekuzio fasera bitartean aritzeko tresnak. Espezialitateak, gainera, zaintzailearen ikerlana, lan kritikoa, saiakera eta akademia lana bultzatzen du. Gure ustetan, ez dago kuradore lanik ikerketa lanik gabe, mundu akademikoan gara daitekeen bezain zorrotza eta sakona, baina kasu honetan ez da testu zientifiko batean gauzatzen, eta proiektu publiko batean baizik (erakusketa, katalogoa, programa, jaialdia…).

Ikasketa hauen ezaugarri nagusietako bat da lana sortzen duten erakundeekiko etengabeko harremanean egiten dela, lanbide eta irakaskuntza ildoak estu-estu lotuta, erakundeok eraikin berean ari baitira eta kuradoretza proiektu aski desberdinak baitituzte, esaterako Tabakalerarena edota Donostia Zinemaldiarena.

María Palacios Cruz
Komisariotza Saileko koordinatzailea

María Palacios Cruz komisarioa da (Tate Britain, Londres; Union Docs, New York; Cinematek, Brusela; Impakt, Utrecht; Centre Pompidou, Paris…) eta irakaslea (Ecole de Recherche Graphique eta Academie Royale des Beaux-Arts, Bruselan, eta Kingston University eta Central Saint Martins, Londresen). Zinemari eta mugimenduko irudiari buruzko argitalpenak eta liburuak idazten ditu, eta The Visible Press diziplina artistiko horretan espezializatutako Londreseko editorialaren kofundatzailea da. Belgikako Courtisane jaialdiko arduraduna izan zen, eta, egun, LUXen zuzendari-laguntzailea da. Banatzaile horrek egoitza Londresen du, eta zinema independente eta esperimentalaren banatzaile garrantzitsuenetako bat da mundu osoan.


“Komisariotza espezialitateak proposatzen du komisariotza osoko praktika integralaren oinarrizko alderditzat hartzea, estuki lotuta Sorkuntza eta Artxiboen ibilbideetara. Zinemak bizitza hartzen du ikuslearekin topatzen denean, eta hori areto batean edo sarean gertatu daiteke, erakusketa batean edo testu batean.

Zinema komisarioak ahalbidetzen du topaketa hori gertatzea, testuinguru kritiko bat sortuz lanerako, eta bermatuz aurkezpenaren kalitatea, batetik, eta, bestetik, bitartekari izanez ikusleekin, artistekin, erakundeekin, teknikariekin eta ikusleekin lanean eta haien artean lanean. Babeslea eta ez zaindaria, kuradoreak lehenik passeur bat izan behar du, Serge Daney ekarriz.

Ibilbide hau modu profesionalean bideratua dago, komisariotzatik beratik datozen gai praktikoen ikasketan barrena eta mugimenduko irudiaren gaineko idazketan barrena testuinguru zinematografiko eta artistikoan –profesional askoren ekarpenarekin–, baina kontzeptualean ere bai, zinemaren interpretazio global baten alde eginez, eta aldeztuz, Henri Langloisen Cinémathèque Française-en egin zuen bezala, ez daudela bi edo hiru zinema mota, baizik eta bakarra".

 

María Palacios Cruz

Zinema edo ikusentzunezko arteak xede dituzten programen kontzeptualizazio eta garapena

  

  1. modulua 2. modulua 3. modulua 4. modulua 5. modulua

Derrigorrezko
ikasgaiak

(hiru) Artxibategien mapa Zinemaren materialitatearen historia Zinemagilearen pentsamendua: praktikak eta teoriak Soinu ikuspegia Harreraren estetikak

Moduluko gaiak

Kuradoria-pentsamendu artistiko eta filmikoa Zinemaren aparatu filmikoa, espazioak eta materialitatea Proiektuen zuzendaritza: programazioa Proiektuen zuzendaritza: erakusketarako zinema Proiektuen zuzendaritza: ekoizpen filmikoa

Ikasgai nagusiak

Kuradoria-pentsamenduaren kontzeptu gakoak Emanaldi eta erakusketa espazioak. Kutxa beltza vs kutxa zuria Programazio-ereduak, irizpideak, eskolak eta paradigmak Zinema, arte plastikoen alorrean: proiektuen ideiagintza, ikerketa eta jarraipena Kuradorea ekoizle gisa
  Kuradoria filmikoaren berezitasunak Aparatu zinematografikoa eta bitartekotza teknologikoa Kuradoria-proiektuen idazketa eta lanketa Kuradorearen argitaratze-lana: katalogoak eta argitalpenak Zinema garaikidearen finantzaketa-moduak
    Idazketa eta pentsaera kritikoa 1 Idazketa eta pentsaera kritikoa 2 Kuradoria, bitartekaritza eta publikoak  
Topaketak, hautazko ikasgaiak eta beste ekintzak          
Tabakalerako programazioa
         

 

Irakasgai komunak

  • (hiru) Artxibategien mapa

    Artxibategi zinematografikoa eta ikusentzunezkoa, gaurkoz, ikerketa, zaintza eta sorkuntzako profesionalen arreta erreklamatzen duen lurralde oparo eta mugaezina da. Ez da, inolaz ere, biltegi estatiko bat, bertan murgiltzen direnen asmoen arabera irakurketa eta eskuhartze aukera ezberdinak eskaintzen dituen lurralde bat baizik. Gaiak EQZEko ikasleek beren eginkizuna (sorkuntza, ikerketa edo zaintzakoa) berenganatzeko aukera proposatzen du oroimen zinematografiko eta ikusentzunezkoa esploratze modura.

  • Zinemaren materialitatearen historia

    Zinemaren materialitate (optikoak eta haptikoak ere) adina zinema dago. Gai honek zinematograforako hurbilpena proposatzen du bere materialitatetik abiatuta. Zedarri teknologikorik nabarmenenak ez ezik, diskurtso artistiko zehatzak sortzen irudiaren materialitateak lagundu duen moduen argitzea du helburu. Material fotokimiko sentsiblearen materialitatean zentratuko da asignatura hasera batean, eta aurrera ahala (erresoluzio, testura, kolorea) eta ikusentzunezkoen beste euskarri batzuei jarriko die arreta, magnetikoei bezala digitalei

  • Zinemagilearen pentsamendua: praktikak eta teoriak

    Sormenaren teoriara zinemagileek beraiek egindako hurbilketa, filma egin aurretik edo egin ostean: filma proiektu moduan edo bere obrari buruzko gogoeta moduan. Metodologia tradizionaletatik urrundutako pentsamendu zinematografikoaren irakurketaz gain, zinemagileen teoriak, kasu guztietan, diziplinaren dilema estetiko oinarrizkoetarako hurbilketa saiatzen du. Gaiak jartzen die arreta hurbilketa intuitibo soil eta ez erreflexiboei ere, sormenaren arrazionalizatzearen kontrakoei

  • Soinu ikuspegia

    Zinemaren soinuaren azterketa, beste soinu adierazpen garaikideekin loturak bilatuz, musika eta artearekin, eta bai eta ere egunerokotasunaren soinu dimentsioarekin.

  • Zinemaren estetika eta ideiak. Historia bakarra. Historia bat besterik ez

    Irudi zinematografikoetarako hurbilpena, zinemaren kontakizun bakarra da helburu, genero eta ohiko kategorien arteko zatiketak berezi beharrean (fikzioa, dokumentala, zinema esperimentala, eta abar) filma eta irudien arteko elkarrizketa eta gurutzatze etenik gabea ezarriko dituena. Historia bakarra azterketa ikonologiko malgu, zeharkako eta ez diakroniko baten ondorioa da eta EQZEren proiektu dozentearen oinarrian dagoen zinemaren batasunari buruzko gogoeta planteatzea du asmo.

  • Harreraren estetikak

    Zinemaz gogoeta harreratik egitea ez da audientzia edo takilako emaitzetatik abiatuta egitea, filma oro den osotasunean ikusleak duen eginkizunetik egitea baizik. Bere aktibo edo pasibotasuna, filmean beretzat egokitutako lekua, identifikatze eta urruntze prozesuak, arroztasun sorrera eta emozio eta enpatia mekanismoak, osagai funtsezkoak guztiak zinema sorkuntzan, asignaturan lantzen dira. Gai hauetaz guztietaz galdetzen da zeren, azken finean, zinema harreratik pentsatzeak esan nahi du onartzen dela, ezeren aurretik, ikusle aktiboa ez den zinemagilerik ez dagoela.

Ibilbideko irakasgaiak

  • Kuradoria-pentsamenduaren kontzeptu gakoak

    Hurbilketa kuradoria-pentsamendura. Ikasgaiak kuradoria artistiko garaikidearen kontzeptu gakoetarako irispidea planteatzen du, baita museologiaren, erakusketen, bildumazaletasunaren eta programazio artistikoaren bilakaeraren, eta komisario independenteen sorreraren historiaren azterketa ere.

  • Kuradoria filmikoaren berezitasunak

    Sortu zenetik izan du bidelagun zinemak film-emanaldien inguruko hausnarketa, baina haien kontzeptualizazioa oso kontu berria da, eta sistematizazio-fasean dago oraindik. Ikasgaia honako hauek identifikatzen saiatzen da, hain zuzen ere: kuradoria zinematografikoaren ezagutza- eta ekintza-arloa; beste ekintza batzuekin, hala nola zainketarekin eta artxibatzearekin duen harremana; sorkuntzan duen rol eragilea; eta film-emanaldien espazio berrien zabalkundean duen erantzukizuna.

  • Emanaldi- eta erakusketa-espazioak. Kutxa beltza vs kutxa zuria

    Egitate filmikoaren lanketa emanaldi-espazioen kategorizaziotik abiatuta. Zinema-pantailen historia konplexuari batu zaizkio berriki museo-geletako eta galerietako proiekzioak, eta zinema jasotzeko modu berriak ekarri ditu horrek. Ondorio teorikoak eta ikerketa-kasu esanguratsuak aztertzen dira ikasgai honetan; eta, horrez gain, ikasgaiak tresnaz hornitzen du ikaslea programazio- edo kuradoria-proiektu baten doitze espaziala ikuspuntu praktikotik lantzeko.

  • Aparatu zinematografikoa eta bitartekotza teknologikoa

    Hausnarketa teorikoa eragin dute hirurogeita hamarreko hamarkadatik zinemaren esperientzia emozional eta intelektuala eratzean emanaldi-aparatuak dituen berezitasunek. Horrez gain, proiekzio-sistema digital berriek eta Interneteko irudi-sarea ehundu izanak aldaketak ekarri ditu azken urteetan, eta, horren ondorioz, berebiziko protagonismoa hartu du aparatu filmikoak sorkuntzaren eta, horrenbestez, komisariotzaren ikuspuntutik; ez bitarteko teknologia beharrezko gisa, baizik eta zentzuaren sorkuntzaren eragile aktibo gisa. Ikasgai honek aparatuaren eta bitartekotza teknologikoaren analisia, konparaketa eta ikerketa ditu oinarri.

  • Idazketa eta pentsaera kritikoa 1

    Ikasgai honek bi atal ditu, eta ikasturte osoan zehar egituratuta dago. Bere oinarrian daude zinemaren inguruko pentsaera kritikoa aktibatzeko beharra eta pentsaera hori ariketen eta irakurgaien bidez modu praktikoan garatzeko moduak bilatzeko beharra. Ikasgaiaren lehen atalean, irudien eta soinuen inguruko idazkera lantzen da. Bigarrenean, berriz, irudi eta soinudun idazkera.

  • Programazio-ereduak, irizpideak, eskolak eta paradigmak

    Ikasgaiak xehe-xehe lantzen ditu zinema-programazioaren paradigmak, bai denboran erregularrak direnak (filmoteketakoak eta zentro egonkorretakoak) bai denboran kontzentratutakoak (jaialdi eta ekitaldi puntualetakoak). Ikasgaiak ibilbide historiko eta kontzeptual bat proposatzen du, eta arreta berezia ematen die programazioa “filmak muntatzeko” arte bilakatu duten autoreei, espazioei eta proiektu espezifikoei.

  • Kuradoria-proiektuen idazketa eta lanketa

    Ikasgai honek izaera metodologikoa du, eta haren xedea da kuradoria-proiektu bat idazteko beharrezkoak diren atalak, baldintzak, ikuspuntuak eta tresnak aurkeztea. Kuradoria-proiektua dokumentu idatzi batean azaltzea funtsezko urratsa da ideia bat zabaltzeko eta hezurmamitzeko. Fase hori da proiektuaren lehen gauzatzea, eta, beraz, proiektuaren errealitate-zentzuaren eta bideragarritasunaren froga ukaezina da. Ikasgai honetan lantzen dira dokumentuen estiloen, idazketaren, aurkibidearen eta egituraren inguruko kontu praktikoak; baita proiektuen idazketarekin zerikusia duten beste kontu batzuk ere.

  • Idazketa eta pentsaera kritikoa 2

    Idazketa eta pentsaera kritikoaren programaren jarraipena. Oraingoan, irudidun idazketatik sortutako pentsamenduaren sorrera lantzen da. Garrantzi berezia emango zaio ikus-entzunezko saioak garatzeari, zinemaren beraren baliabideekin sortutako pentsaera kritikoa sustatzeko asmoz.

  • Zinema, arte plastikoen alorrean: proiektuen ideiagintza, ikerketa eta jarraipena

    Zinemarekin lotutako erakusketa-proiektuen artikulazioan sakontzea. Ikasgai honek kutxa zuriaren berezitasunak aztertzen ditu, parametro bikoitz bati jarraiki: alde batetik, proiektuen sorkuntza, zeintzuetan zinema erakusketarako edukia den; eta, bestetik, zinema hedatuari lotutako proiektuen sorkuntza, zeintzuetan aparatu filmikoa bera zalantzan jartzen den eta white box delakoa betearazten den. Ikasgaia espezifikoki bideratua dago, halako proiektuak garatzean, ideiagintzaren eta metodologiaren alorreko alderdiak lantzera.

  • Kuradorearen argitaratze-lana: katalogoak eta argitalpenak

    Kuradorearen argitaratze-lanaren alderdi guztien analisia eta garapena: ziklo eta erakusketen katalogoak, argitaratutako monografikoak, artista-liburuak, liburuxkak, kartelak eta sareko argitalpenak. Edukiari eta argitaratze-egiturari lotutako kontuak lantzen dira saioetan, baita irudi eta kolaborazio literarioen eskubide gaiak ere; gainera, inprimaketaren eta banaketaren prozesu tekniko-mekanikoekin eta epeekin lotutako beste hainbat kontu ere lantzen dira.

  • Kuradoria, bitartekaritza eta publikoak

    Hein handi batean, kuradoria artelanaren eta gizartearen arteko bitartekaritza lana da . Azkenean, haren lan guztia esparru publikora bideratua dagoen arren, funtsezkoa da prozesu horretan amaierako komunikazioa eta bitartekaritza lantzea, erraz dezan bien arteko nolabaiteko bihurkaritasuna, hartu-emana, elkarrizketa eta elkar aberastea, artistarena edo zinemagilearena barne. Ikasgaiak publikoen ikuspegi heterogeneo eta plural batez lantzen ditu gai horiek .

  • Filmen ideiagintzaren eta ekoizpenaren prozesua: kuradorea ekoizle gisa

    Kuradoreak sarri egiten du eragile-rola proiektu filmiko baten ideiagintzan eta kudeaketan, hots, film baten edo film multzo baten ekoizpenean. Ekoizpen horien jatorria ohikoa ez den arren, ekoizpen-prozesuek jarraibide berberei jarraitzen diete. Analisi-bide horri jarraituta, ikasgaiak sakondu egiten du komisariotzak zinema-ekoizpenen eta ikus-entzunezko ekoizpenen abiarazle eta eragile gisa duen lanean.

  • Zinema garaikidearen finantzaketa-moduak

    Zinema garaikideak Estatuan eta nazioartean dituen finantzaketa-moduetan sakontzea. Finantzaketa-iturrien analisi zorrotzetik abiatuta ematen du ikasgaiak askotariko jatorritako baliabide alternatiboen mapa: jaialdiak, foroak, fundazioak, babesak, diru-laguntzak, egonaldiak, txapelketak, autofinantzaketak eta mezenasgoak. Ikasgai honek proposatzen du zinemaren eta ikus-entzunezko arteen finantzaketa moduaren arteko irakurketa konparatua, eta haien arteko loturarako eta elkarlanerako bideak bilatzen ditu; haren asmoa da XXI. mendeko zineman sortzen ari den panorama ekonomikoa marraztea.