Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Elías Querejeta Zine Eskolarekin, Tabakalerarekin eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean egindako ikerketa- eta komisariotza-lanari esker, Zinemaldiaren funts dokumentalen zaintza eta sarbidea bermatuko da

Zenbat historia kabitzen dira nazioarteko zine jaialdi baten zazpi hamarkadako historian? Nola berreskuratu Donostiako Zinemaldiak 1953an jaio zenetik gaur arte sortu dituen historia zinematografiko, politiko eta sozial guztien arrastoak? Donostiako Zinemaldiak, EQZEko ikerketa sailarekin, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin eta Euskadiko Filmategiarekin batera, “Zinemaldia 70. Historia posible guztiak” proiektua sortu du, jaialdiaren artxibo bizi bat sortzeko, zeinaren lehen fasea 70. edizioan amaituko den, 2022an.  

 “Zinemaldia 70” egitasmoak agerian jartzen du 1953an sortu zen jaialdiaren funts dokumentalen garrantzia (gutunak, argazkiak, egunkari eta aldizkarietako kritikak eta aipamenak, liburuak…). Helburua da artxibo bilduma argitaragabe hori egokitzea, jendaurrean jartzeko, eta gogoeta eta eztabaida sortzea jaialdiaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz, elkarrizketa bultzatuz kreazio zinematografikoarekin eta pentsamendu kritiko garaikidearekin.    

Honako hauek osatzen dute lantaldea: Pablo La Parra, EQZEko ikerketa-alorreko koordinatzailea; Carlos Muguiro, zuzendaria; Artxiboren eta Komisariotzaren espezializazioetako ikasleak; Ubik Tabakalerako sorkuntza liburutegiko eta Euskadiko Filmategiko ordezkariak; eta Zinemaldiko lantaldea. Halaber, ikertzaileen lan-eremua Ubik-ek hartuko du, eta Zinemaldiaren artxiboen kokaleku fisikoa Euskadiko Filmategia izango da.

       

Proiektuaren metodologia

Proiektuaren barnean, egun Martuteneko biltegi batean dauden materialak Tabakalerara eramango dira, aztertuak, egokituak eta katalogatuak izateko, eta Euskadiko Filmategiaren instalazioetan modu egokian gordetzeko. 2022an, artxiboa herritarren eskura jarriko da, aurrez aurre nahiz on-line, eduki digitalizatuen bidez. Funtsen kontsultak foku komisariatuak izango ditu, proiektuan eginiko ikerketan oinarrituak, arreta berezia jarrita hainbat gaitan: besteak beste, zentsuraren eta disidentziaren arteko lehia diktaduran, Trantsizioaren eragina jaialdian, indarkeria politikoa espainiar eta euskal zineman, euskal zinema nazionala eraikitzeko saioak eta Kimuak belaunaldia.

Ikerketa proiektuak bi lerro proposatzen ditu, aldi berekoak eta elkarri lotuak, 2022. urte arteko emaitzak ezagutarazteko: alde batetik, ikerketa material espezializatua sortuko du (artikulu akademikoak, aurkezpenak batzarretan, proiektu editorial propioak, mintegiak…), elkarrizketa kritikoa bultzatzeko azterlan zinematografikoen alorreko azken garapenekiko;  bestetik, programa publikoak egingo dira, diziplinarteko elkarrizketa batean oinarrituak eta publiko zabalagoei begira. Horrela, urtero, proiektuaren ondorioak jakinaraziko zaizkie erakusketa, argitalpen eta proiekzio programen bultzatzaileei, elkarrizketa kritikoak sortzeko jaialdiaren historia zinematografiko, sozial eta politikoaren eta sorkuntza garaikidearen artean.

Kontuan izanik jaialdiaren memoria ez dutela eratzen soilik azken 65 urteetan antolatzaileek gordetako funtsek, proiektuak lerro berezi bat izango du bilduma aberasteko beste artxibo bilduma batzuen ikerketaren (erakundeen edo partikularren bildumak) eta elkarrizketen bidez, jaialdiaren ahozko historia osatze aldera.

 

 

* Argazki nagusia: Don Bosco parrokia-zineman, Intxaurrondon, egindako saioa -  "Barrios y Pueblos" saila (Maite Berradre, 1977)

* Gainerako irudiak: Donostia Zinemaldia / Alex Abril

Fitxa teknikoa

Lan taldea:
Pablo La Parra (ikertzaile nagusia)

Alumnado participante 2020-2021: Amaranta Díaz, Ekhiñe Etxeberria, Laida Mendia, Oderay Ponce de León, Pablo Lillo

Alumnado participante 2019-2020: Diego Ginartes, Irati Crespo, Marcela Hinojosa, Noemi Cuetos, Olatz Arrieta, Silvia Cruz, Sofía García Broca

Alumnado participante 2018-2019: Antonio Miguel Arenas, Clara Rus, Felipe Montoya, Irati Cano Alkain, Julieta Juncadella, Neus Sabaté, Sara Hernández

Erakunde erlazionatuak:
Donostia ZinemaldiaTabakalera, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola

Kronologia:
2018/05/02 - aribidean

Ikerketa lerroa:
Artxiboaren, komisariotzaren eta sorkuntza zinematografikoaren inguruko teoria eta teknika berritzaileak

Hizkuntzak:

Euskara, gaztelania, ingelesa