Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Errusiar zuzendariaren soinu-grabazio ezezagunen zaharberritze, ikerketa eta dibulgazioa

Duela gutxi arte uste zen Andréi Tarkovskik grabatutako zinema lezioek soilik zazpi ordu irauten zutela. Material hori laburra izanik ere, bere horretan izugarria zen, eta hainbat hizkuntzetara itzuli zen (gaztelaniaz, esaterako, Atrapad la vida izenburupean, Errata Naturae-n). Nolanahi ere, ikerketa berri batek orain arte ezezaguna zen material bat aurkitu du: 90 ordu irauten dituen soinu-grabazioa. Materiala Masha Chugunova-ren artxibategian zegoen, urteetan zehar Tarkosvkiren alboan izan zena haren eskoletan eta konferentzietan. Inongo zalantzarik gabe, aurkikuntza zinema munduan izan den urteko gertaera handienetako bat da.

Andréi Tarkovski semeak zuzentzen duen Tarkovski Institutuan proiektu bat jarri dute abian altxor hori ikertzeko, zaharberritzeko eta zabaltzeko. Ikerketa horretan hartzen du parte EQZEk, ikerketa zinematografikoko zentro gisa. EQZE Estatuko bakarra da proiektu horretan parte hartzen.

Labur esanda, aurkitu diren materialak 1975. urtetik hasi eta 1981. urtera arte grabatu ziren soinu-grabazioak dira, eta honako hau dute:

1. Andrei Tarkovskiren zinema-lezioen bi ziklo, 1977. urtean eta 1981. urtean Moskuko gidoilarientzako eta zinema zuzendarientzako goi-ikasketetan emandakoak (40 ordu inguru).

2. 1976tik 1981era ikusleekin edukitako hainbat topaketa Gorki-n (egun Nizhny Novgorod), Dnepropetrovsk-en, Kazán-en, Leningrado-n (egun San Petersburgo), Novosibirsk-en, Riga-n eta Tomsk-en (40 ordu inguru).

3. Tarkovskik edukitako hainbat topaketa profesional: Estoniako zinemagileekin (Tallin, 1975), Stalker-en protagonistekin (Tallin, 1975), Mosfilm-eko zinema teknikariekin eta zinemagile gazteekin (Mosku, 1980) eta SESBeko Zinemagile Batasuneko zinemagile gazteekin (Mosku, 1981) (10 ordu inguru).

Eskola, topaketa eta hizketaldi horietan Tarkovskik zinemagile lanaren barneko hainbat alor jorratzen ditu, auzi estetikoak, etikoak, filosofikoak eta psikologikoak, esate baterako; eta teoria eta praktika zinematografikoaren inguruko hausnarketekin tartekatzen ditu: mundu mailako kultura auziak, zibilizazioaren garapenaren aurrean zuen jarrera…

Lankidetza hitzarmena

Andréi Tarkovskiren lezio galduek saio multzo bat osatuko dute EQZEn, eta urtean bat edo bi emango dira. Zinema Eskola material horren aurkikuntzen, edukien eta zaharberritze prozesuaren berri ematen joango da. Saioek egun bat edo bi egun iraungo dute, eta zinemagilearen grabazioen entzute gidatu eta azpititulatuak izango dira. Pasarteak hautatu, azpititulatu eta girotuko dituzte, eta espezialista batek sarrera bat egingo die.

Tarkovskiren ahotsarekin batera, beste ekintza batzuk aktibatuko dira, soinu artistenak eta abarrenak. Gainera, jardunaldi bakoitzean beste hainbat ekintza ere egongo dira.Tarkovski Institutuaren helburu nagusia lezio guztiak argitaratzea da, bolumen batean edo hainbatetan, 2022an ospatuko den zinemagilearen jaiotzaren 90. urteurrenarekin batera.

Tarkovski Institutuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, EQZEko ikasleetako batek material horren ikertze eta zaharberritze prozesuan lan egiteko aukera izango du. Lan hori bere prestakuntzaren parte izango da.