Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Elías Querejeta Zine Eskolarekin, Tabakalerarekin eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean egindako ikerketa- eta komisariotza-lanari esker, Zinemaldiaren funts dokumentalen zaintza eta sarbidea bermatuko da

Donostia Zinemaldiak Zinemaldia 70. Istorio posible guztiak proiektua sortu du, Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) ikerketa-sailarekin, Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, Zinemaldiaren artxibo bizia eratzeko asmoz. Lehenengo fasea 70. edizioan burutuko da, 2022an.

Proposamenak agerian jarriko du Zinemaldiaren funts dokumentalen garrantzia (eskutitzak, argazkiak, kritikak eta berri laburrak egunkari eta aldizkarietan, liburuak…), eta online sarbide irekia izango duten bilduma digitalizatuak sortuko ditu. Aldi berean, zinemagintza garaikidearen sorkuntzarekin elkarreraginean jarriko ditu material horiek. EQZEko irakasle eta ikasleek parte hartzen dute Zinemaldiaren iraganari, orainari eta geroari buruzko gogoeta eta eztabaida sortu nahi duen proiektu honetan.

Honako hauek osatzen dute lantaldea: Pablo La Parra, EQZEko ikerketa-alorreko koordinatzailea; Carlos Muguiro, zuzendaria; Artxiboren eta Komisariotzaren espezializazioetako ikasleak; Ubik Tabakalerako sorkuntza liburutegiko eta Euskadiko Filmategiko ordezkariak; eta Zinemaldiko lantaldea. Halaber, ikertzaileen lan-eremua Ubik-ek hartuko du, eta Zinemaldiaren artxiboen kokaleku fisikoa Euskadiko Filmategia izango da.

       

Proiektuaren metodologia

Lana bi eremutan gauzatuko da: Martuteneko gordailuan, gaur egun hor ordenatuta baitaude materialak, eta Ubik-en, bertan aztertu, inbentariatu eta katalogatuko baitira, ongi kontserbatzen direla eta publikoak sarbidea duela bermatzeko. Funtsen kontsulta egiteko ibilbideak ezarriko dira, eta, urteen arabera ez ezik, gaien arabera ere bilatu ahal izango dira materialak: adibidez, Trantsizioaren eragina Zinemaldian, indarkeria politikoa Espainiako eta Euskadiko zinemagintzan, Ikuska eta euskal zinemagintza nazionala egiteko ahalegina, Kimuak belaunaldia…

Bi lan-ildo egongo dira, eta elkarrekin lotura izango dute: batetik, ikerketarako materiala sortuko da –artikulu akademikoak, biltzarretako aurkezpenak, argitalpen-proiektu propioak, mintegiak…–, ikertzaileei begira, eta bestetik, emaitzak gizarteratuko dira eta publiko zabalagoentzako edukiak sortuko dira. Urtero, ikerketen ondorioak argitara aterako dira erakusketa, argitalpen edo proiekzio-programa gisa. Dibulgazioko materialez lagundutako zikloak antolatzea planteatu da, eta horietan elkarrizketa kritikoak proposatzea, Zinemaldiaren aurreko edizioetan programatutako filmei, horien testuinguru zinematografiko, sozial nahiz politikoari eta film garaikideei buruz.

Zinemaldiaren memoria ez dute langileek azken 65 urteetan katalogatutako funtsek soilik eratzen: zinemazaleek historian zehar bildutako materialetan ere aurki daiteke. Beraz, aurrerago Zinemaldiarekin zerikusia duten dokumentuak ekartzeko deialdia egingo zaie herritarrei.

Fitxa teknikoa

Equipo:
Pablo La Parra (ikertzaile nagusia)

Julieta Juncadella, Felipe Montoya, Neus Sabaté, Sara Hernández, Antonio Miguel Arenas, Irati Cano Alkain, Clara Rus, Telmo Edurza

Erakunde erlazionatuak:
Donostia ZinemaldiaTabakalera, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola

Kronologia:
2018/05/02 - aribidean

Ikerketa lerroa:
Artxiboaren, komisariotzaren eta sorkuntza zinematografikoaren inguruko teoria eta teknika berritzaileak

Hizkuntzak:

Euskara, gaztelania, ingelesa