Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Zinemaren historiak

Santos Zunzunegui

Tabakalera | Zinea - 1 Aretoa

2018/11/16 - 19:00

  • Hitzaldia
  • Proiekzioa

Parte-hartzaileak:

Santos Zunzunegui

Hizkuntzak:

Gaztelania

Salneurria:

3,5 €

Azaroak 16, ostirala

19:00. Aurkezpena: Santos Zunzunegui

20:00. La gran ilusión (Jean Renoir, Frantzia, 1938, 114 min.)

[Obertura: Andante moderato]

Bi ofizial, De Boïeldieu (Pierre Fresnay), aristokrata eta karrerako ofiziala, eta Maréchal (Jean Gabin), mekanikari ohia eta orain Frantziako armadako tenientea, eraitsi egin dituzte etsaien lerroen atzean, I. Mundu Gerran, argazki bidezko arakatze-misio betean daudela. Alemaniar aerodromo batera eramaten dituzte. Han, von Rauffenstein kapitainak (Erich von Stroheim; baliteke ofizialak harrapatu dituen hegazkinlaria izatea) egiten die harrera. Adeitasun osoz agurtzen ditu (“enchanté” esaten die etsaiei), eta bere ofizialekin batera haragi apurrak partekatzera gonbidatzen ditu. Otordua bukatu ondoren, De Boïeldieu eta Maréchal euren helmugara eramaten dituzte: ofizial aliatuentzako läger bat, Alemania barrualdean.

[Halbach: Allegro ma non troppo-Andante maestoso-Allegro assai vivace-Tempo I]

Helmugara iristean, bi ofizialei “komuna” txiki batean eman diete ostatu. Komuna hori esparruaren barruko mikrokosmos bat da, eta askotariko preso frantsesak aurkitzen dituzte bertan: ingeniari bat (Gaston Modot), irakasle bat (Jean Dasté), aktore bat (Cartier, Julien Carettek hezurmamituta) eta bankari judutarren familia aberats bateko semea (Rosenthal, Marcel Daliok hezurmamituta). Eguneko errutina ezartzen dute: Rosenthalek, Parisko bere lagun jostunei esker, lortu duen atrezzo ikusgarria erabiliz (batez ere emakume jantziak dira), musika-ikuskizun bat prestatzea. Horrek preso ingelesak ere erakartzen ditu. Gauetan, lana bestelakoa da: goian aipatutako lau ofizialek hainbat hilabete daramatzate ihes egiteko tunel bat eraikitzeko ahaleginetan. Maréchalek eta De Boïeldieuk gogotsu egiten dute bat taldearekin, sinetsita gatibu baten lehen zeregina ihes egitea dela.

Musika-ikuskizuna baino egun batzuk lehenago, jakiten dute Verdungo frontean soldadu alemanek frantsesen defentsaren perimetroko funtsezko gotorlekuetako bat okupatu dutela: Fort Douaumont. Aitzitik, gatibu frantsesek ez dute adorea galtzen, eta esparruko arduradunak musika-ikuskizuna ikustera gonbidatzen dituzte.

Estreinaldiaren egunean, frantsesak eta ingelesak dituzte ikusle, baita agintari alemanak ere; modu jostagarrian ikusten dute nola Cartier aktoreak mendean hartzen dituen modu bikainean emakumez jantzitako soldadu ingelesak. Ikuskizuna goreneko unean dagoenean, albiste bat iristen da agertokiaren atzealdera. Une horretan, Maréchal agertokira igotzen da, eta hau esaten die ikusleei: “Douaumont berreskuratu dugu”. Orkesta txikiaren ondoan dagoen emakumez jantzitako ofizial ingelesak ileordea kendu eta hau esaten die musikariei: “Marsellesa, mesedez” (“The Marselleise, please”). Inprobisatutako antzokia betetzen duten presoek aho batez abesten dute.

Gertakari horren ondorioz, Maréchal isolamendu gelan berrogeita bost egun ematera kondenatzen dute. Soldadu aleman bat bakarrik errukitzen da berataz: tabakoa eta harmonika bat ematen dizkio, bakardadea gainditu ahal izateko.

Kideengana itzultzean, tunela prest dagoela esaten diote. Laster egiten dute ihes. Alabaina, orduan, tokiz aldatuko dituztela jakinarazten diete. Esparrutik ateratzen ari direla, gatibu ingeles talde bat gurutzatzen dute; haiek izango dira esparruko bizilagun berriak. Hizkuntzaren oztopoa dela eta, Maréchalek ezin die helduberriei egin duten tunelaren berri eman.

[Wintersborn: Andante maestoso-Poco adagio]

Hainbat esparrutatik igaro ondoren eta behin eta berriz ihes egiten saiatu ondoren, De Boïeldieu eta Maréchal gainerako presoengandik banatu dituzte eta esparru berri batera bidali dituzte. Esparrua Alemania barrualdean dago, muga neutral guztietatik urrun, gaztelu zahar batean. Han, elkartze bikoitza dute: Rosenthal aspaldiko kidea eta von Rauffenstein komandantea (orain); komandanteak zerbitzu aktiboa utzi behar izan du, gerra-zauriak direla eta. Orain, presoen esparruko zuzendaria da. Berehala, De Boïeldieu eta von Rauffenstein aristokraten arteko harremana estutzen hasten da (Renoirren hitzetan: “iruditzen zait alemanaren eta frantsesaren arteko adiskidetasun hori maitasun istorio baten antzekoa dela”). Hala ere, bi gizonek etorkizuna ikusteko duten modu desberdina agerian gelditzen da. Von Rauffenstein esaten du etsaikeriaren amaiera beren klasearen amaiera ere izango dela; De Boïeldieuk hau erantzuten dio horri: “dagoeneko ez gara beharrezkoak”. Hau esaten du ofizial alemanak, orduan: “Ez al dizu penarik ematen?” De Boïeldieu "agian” esaten du, modu anbiguoan, elkarrizketa bukatzeko.

Bitartean, De Boïeldieuk Maréchal eta Rosenthal ihes egiteko konbentzitzen ditu, garnizoiaren arreta erakartzeko maniobra bat baliatuta. Gazteluko presoek antolatutako serenata baten ondoren gaueko zenbaketan agertzen ez denean, soldaduek gazteluaren goiko aldean aurkitzen dute ofizial frantsesa, txirulaz “It était un petit navire” haur kanta jotzen ari dela. Von Rauffensteinek gelditzeko agintzen dio, baina frantsesak entzungor egiten dio; orduan, alemanak tiro egin beste aukerarik ez du eta, zoritxarrez, tripan zauritzen du. De Boïeldieu bere adiskide alemanaren besoetan hiltzen da, eta hau esaten dio, lasaitzeko: “alemana edo frantsesa izan, bakoitzak egin behar duena egin behar du”. Bitartean, nahaspila aprobetxatuz, Rosenthalek eta Maréchalek gazteluko hormetatik ateratzea lortzen dute.

[La granja de Elsa: Adagio cantabile]

Iheslarien bidaia luze eta zaila hasten da, Suitzako mugara bidean. Gainera, haien artean krisia pizten da, hankan min hartu duen Rosenthalek aurrera jarraitu ezin duenean. Une horretan, Maréchalen antisemitismoa azalera ateratzen da (“Pisu hila baino ez zara... Inoiz ezin izan ditut juduak aguantatu"), eta bere kidearengandik urruntzen da; hark, bitartean, "Il était un petit navire" abesten du, oihuka (De Boïeldieuren sakrifizio abestia). Bere aldetik, Maréchal ere abestia abesten hasten da, baina abestia bere ezpainetan hiltzen da. Rosenthalen planoa, harri batean eserita, lur jota. Bat-batean, enkoadraketaren eskuinaldetik, Maréchalen berokia agertzen da. Lagunari altxatzen laguntzen dio, elkarrekin berriz ere bideari ekiteko.

Baserri bateko ukuiluan babestuta daudela, baserriko jabeak (Dita Parlo) aurkitzen ditu, eta babesa eta janaria ematen dizkie. Elsak (hori da bere izena), hildako senarraren eta hiru neben argazkiak erakusten dizkie frantsesei; “gure garaipen handiak” direla esaten du. Rosenthal sendatu bitartean, Maréchalek eguneroko lanetan laguntzen dio Elsari, eta alaba Lotte zaintzen du. Bien arteko maitasuna hizkuntza trukearen bidez islatzen da: Maréchalek alemana ikasten du (“Lotte hat blaue Augen”); Lottek, berriz, frantsesa (“Le café est prêt”).

Alabaina, aurrera egiteko unea iristen da. Maréchalek gerra bukatu ondoren bere bila etorriko dela zin egiten dio Elsari. Agur esateko gauean, atean, Maréchalek Elsaren alaba txikiari esandako hitzak errepikatzen ditu (“Lotte hat blaue Augen”). Elsak, begiak malkoz bustita, berriz ere zuzentzen dio ahoskera.

[Finale: Poco allegro]

Bi iheslariek elurretan egiten dute aurrera. Baso txiki baten ertzean gelditzen dira, aire zabalera atera baino lehen. Maréchalek Rosenthali galdetzen dio ea ziur dagoen urrutian ikusten duten hori Suitza dela; Rosenthal mapari begiratzen dio. Baietz erantzuten du hark (”Mugak ezin dira ikusi. Gizonen asmakizuna baino ez dira. Naturari bost axola”). Soldadu alemanen talde batek ikusi egiten ditu, eta tiro-egiteko prestatzen dira. Baina buruak geldiarazi egiten ditu: “Ez egin tiro. Suitzan daude”. Filmeko azken planoak bi gizonak erakusten ditu, bi puntu ñimiño zelai elurtuan, askatasunerantz oinez.

 

Hitzaldia: