Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

"Zinemaldia 70. Istorio posible guztiak"

Ikerketa eta komisariotza lan batek Donostia Zinemaldiaren funts dokumentalen zaintza eta sarbidea bermatuko du

2018/05/02

EQZEko irakasle eta ikasleek parte hartzen dute Zinemaldiaren iraganari, orainari eta geroari buruzko gogoeta eta eztabaida sortu nahi duen proiektu honetan.

Donostia Zinemaldiak Zinemaldia 70. Istorio posible guztiak proiektua sortu du, Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) ikerketa-sailarekin, Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, Zinemaldiaren artxibo bizia eratzeko asmoz. Lehenengo fasea 70. edizioan burutuko da, 2022an.Proposamenak agerian jarriko du Zinemaldiaren funts dokumentalen garrantzia (eskutitzak, argazkiak, kritikak eta berri laburrak egunkari eta aldizkarietan, liburuak…), eta online sarbide irekia izango duten bilduma digitalizatuak sortuko ditu. Aldi berean, zinemagintza garaikidearen sorkuntzarekin elkarreraginean jarriko ditu material horiek. EQZEko irakasle eta ikasleek parte hartzen dute Zinemaldiaren iraganari, orainari eta geroari buruzko gogoeta eta eztabaida sortu nahi duen proiektu honetan.

«Azaleratu gabeko sorpresaz betetako artxiboa da. Ikerketa- eta komisariotza-proposamen asmo handikoa da, eta 70. urteurrenaren proiektu izarra» adierazi du Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek.

«Donostia Zinemaldiko artxibo dokumentalaren proiektuak ongi erakusten du zein den Tabakaleraren izaera; hain zuzen, askotariko kultur eragileen elkarreraginari eta osagarritasunari bide ematen dion eremu bat izatea. Esparru horretan, Ubik sorkuntza-liburutegiak artxibo-proiektuari egin diezaiokeen ekarpena guztiz bat dator ikerketa-lana bultzatzeko eta sortutako edukiak gizarteratzeko helburuekin» azaldu du Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek.

Carlos Muguiro Elías Querejeta Zine Eskolako zuzendaria da eta, haren ustez, «EQZE sustatzearen emaitza da Z70 proiektua; izan ere, ikerketa eta prestakuntza zentro gisa, eskolak giltzarri-lana betetzen du Zinemaldiaren iraganaren eta etorkizunaren artean». Alderdi horretan, «Tabakalerako testuinguru zinematografikoan ikerketa akademiko eta artistikoari berezko zaizkion ezagutza-grina eta gogoeta-ahalmena ematen ditu eskolak. Gainera, harremanak eratzen ditu inguruneko eragile zinematografikoen artean, eta lanerako eta ezagutzarako bideak zabaltzen ditu. Z70 proiektuak ongi erakusten du zer den EQZE. Izan ere, zalantzarik gabe, garrantzitsua da metatutako jakintza ikasleei helaraztea (prestakuntzaren bidez), baina beharbada are garrantzitsuagoa da jakin-mina piztea oraindik ezagutzen ez den horri guztiari buruz (hain zuzen ere, ikerkuntzaren bidez)» esan du.

Bestalde, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernándezen hitzetan, «Euskadiko Filmategiaren zeregina betidanik izan da ondare zinematografikoa gorde eta ikertzea. Beraz, Zinemaldiaren artxiboa babesteko eta haren garrantzia nabarmentzeko lanean parte hartzea, gure kideko erakundeekin batera, gure betebeharra ez ezik, datozen urteetan nazioarteko proiekzioa izango duen erronka eder eta desiragarrienetako bat ere bada».

Honako hauek osatzen dute lantaldea: Pablo La Parra, EQZEko ikerketa-alorreko koordinatzailea; Carlos Muguiro, zuzendaria; Artxiboren eta Komisariotzaren espezializazioetako ikasleak; Ubik Tabakalerako sorkuntza liburutegiko eta Euskadiko Filmategiko ordezkariak; eta Zinemaldiko lantaldea. Halaber, ikertzaileen lan-eremua Ubik-ek hartuko du, eta Zinemaldiaren artxiboen kokaleku fisikoa Euskadiko Filmategia izango da.

«Ezinezkoa da artxiborik gabe istorio bat kontatzea. Hala ere, artxiboa izateak ez du bermatzen istorioa kontatu ahal izango denik. Artxiboak sartzeko baldintzak, antolatzeko irizpideak, eta aktibatzeko ahotsak, begiradak eta narratibak behar ditu. Oraingo jardunbide eta kezkabideekin hartu-emanean badago soilik izango da artxiboa garrantzitsua» azpimarratu du La Parrak, New Yorkeko Unibertsitateko ikertzaileak.

Bi ikerkuntza ildo

Aldi berean bi lan-ildo egongo dira, eta elkarrekin lotura izango dute: batetik, ikerketarako materiala sortuko da –artikulu akademikoak, biltzarretako aurkezpenak, argitalpen-proiektu propioak, mintegiak…–, ikertzaileei begira, eta bestetik, emaitzak gizarteratuko dira eta publiko zabalagoentzako edukiak sortuko dira. Urtero, ikerketen ondorioak argitara aterako dira erakusketa, argitalpen edo proiekzio-programa gisa. Dibulgazioko materialez lagundutako zikloak antolatzea planteatu da, eta horietan elkarrizketa kritikoak proposatzea, Zinemaldiaren aurreko edizioetan programatutako filmei, horien testuinguru zinematografiko, sozial nahiz politikoari eta film garaikideei buruz.

«Helburua bikoitza da: Zinemaldiaren historia aberatsaren eta beste fenomeno historiko, politiko eta sozial batzuen arteko lotura aztertuko duten ikerketa-lanak sustatu nahi dira, baina, horrez gain, kultura zinematografikoa sortu eta finkatzeko funtsezko elementu gisa kokatu nahi da Zinemaldia. Bestela esanda: zinema-historiako aztergaitzat ez ezik, zinema-historiaren sortzaile aktibotzat hartzea Zinemaldia» gaineratu du La Parrak.

 Lana bi eremutan gauzatuko da: Martuteneko gordailuan, gaur egun hor ordenatuta baitaude materialak, eta Ubik-en, bertan aztertu, inbentariatu eta katalogatuko baitira, ongi kontserbatzen direla eta publikoak sarbidea duela bermatzeko. Funtsen kontsulta egiteko ibilbideak ezarriko dira, eta, urteen arabera ez ezik, gaien arabera ere bilatu ahal izango dira materialak: adibidez, Trantsizioaren eragina Zinemaldian, indarkeria politikoa Espainiako eta Euskadiko zinemagintzan, Ikuska eta euskal zinemagintza nazionala egiteko ahalegina, Kimuak belaunaldia…

Zinemaldiaren memoria ez dute langileek azken 65 urteetan katalogatutako funtsek soilik eratzen: zinemazaleek historian zehar bildutako materialetan ere aurki daiteke. Beraz, aurrerago Zinemaldiarekin zerikusia duten dokumentuak ekartzeko deialdia egingo zaie herritarrei.