Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Zabalik onarpen epea Elías Querejeta Zine Eskolaren 2021-2022 ikasturterako

Izena emateko epea otsailaren 1ean hasi eta martxoaren 31n amaituko da

2021/01/29

Eskolak apustu egin du aurrez aurreko ereduaren alde. Martxan dagoen ikasturtearen lehenengo bi moduluetan, irakaskuntza eredu hori % 81era iritsi da eta programa akademikoaren % 96 bete da

Otsailaren 1ean, astelehena, zabaldu egingo da Elías Querejeta Zine Eskolaren 2021-2022 ikasturterako izena emateko epea. Laugarren deialdi hau ez da egingo bi zatitan, aurreko ikasturteetan bezala, eta epe bakar bat egongo da, bederatzi astekoa, martxoaren 31n amaituko dena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua, Elías Querejeta Zine Eskola UPV/EHUri atxikitako zentro bat da, eta proiektu pedagogiko bat eskaintzen du, graduondoko hiru programez osatua (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programa horiek abiapuntu dituzte egitasmoaren garapenean parte hartzen duten hiru erakundeen jakintza arloak: Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia.

Artxiboa espezialitatearen helburua da adituak trebatzea ondare zinematografikoaren eta ikus-entzunezkoaren identifikazio, sailkapen, berritze eta zainketan, eta eremu hori planteatzea sorkuntza artistikorako alor gisa. Komisariotza programaren eginkizuna hauxe da: zinea eta ikus-entzunezko arteak xede dituzten era guztietako programazio, argitalpen, esku hartze eta erakusketen kontzeptualizazioa, kudeaketa, garapena eta zabalkundea. Sorkuntza espezialitateak, azkenik, formakuntza teorikoan eta metodologikoan arakatzen du, baita esplorazio praktikoan ere, filmak eta ikus-entzunezko lan artistikoak egiteko interesa duten pertsonei begira. Modu paralelo batean, Ikerkuntza Departamentuak espazio bat sendotu nahi du nagusiki esploraziora, gogoeta kritikora eta berrikuntzara bideratua.  

EQZEren plan akademikoa pentsatuta dago goi mailako unibertsitate titulu bat duten ikasleentzat (lizentzia edo gradua), edo eskuratzeko bidean daudenentzat, baita beste zine eskola batzuetako ikasle egresatuentzat ere. Salbuespen gisa, eskolak aztertu egingo ditu baldintza horiek bete gabe esperientzia zinematografiko egiaztatua duten hautagaien kasuak. 

Izen ematea egin daiteke soil-soilik eskolaren web orriaren bidez. Izena emateko epea otsailaren 1ean zabalduko da eta Eskolaren Onarpen Epaimahaiak eta Zuzendaritzak aztertuko dituzte eskaerak. Gerta daiteke plaza kopurua epe hori amaitu aurretik betetzea (epearen amaiera: martxoaren 31).

Gehienez ere 15 ikasle aukeratuko dira espezialitate bakoitzean, eta guztira 45 plaza daude. Aurreko ikasturtean bezala, matrikularen prezioa 3.900 eurokoa da, administrazio eta kudeaketa gastuak, aseguruak eta unibertsitateko tasak barne. Matrikularen eta tasen kostuaren izoztearen helburua da osasun-krisiaren ondorio ekonomikoak jasaten ari diren ikasleei eskolara sartzen laguntzea. EQZEren 2021-2022 Ikasturtea irailaren 13an hasiko da eta aurrez aurreko formakuntzako 56 aste izango ditu, 5-7 asteko sei modulutan zatituak. Planteamendu horren eta hiru ibilbideen zeharkakotasunaren helburua da ikasleek ikuspegi ahalik eta zabalena eta zeharkakoena eskuratzea, zinearen hiru garaiak lantzeko: iragana (ikerkuntza eta zaintza), oraina (komisariotza eta programazioa) eta etorkizuna (sorkuntza).

EQZEren 2021-2022 Ikasturtea irailaren 13an hasiko da eta aurrez aurreko formakuntzako 56 aste izango ditu, 5-7 asteko sei modulutan zatituak. Planteamendu horren eta hiru ibilbideen zeharkakotasunaren helburua da ikasleek ikuspegi ahalik eta zabalena eta zeharkakoena eskuratzea, zinearen hiru garaiak lantzeko: iragana (ikerkuntza eta zaintza), oraina (komisariotza eta programazioa) eta etorkizuna (sorkuntza).

 

2020-2021 ikasturtea

2020-2021 ikasturtea joan den irailaren 14an hasi zen, osasun prebentzioko plan eguneratu batekin eta irakaskuntza programa dual batekin (aurrez aurrekoa eta online), helburua izanik eskolako kideak babestea eta kohesionatzea, eta haren filosofia zaintzea Covid-19aren pandemiak eragindako egoera zailean. Programa duala funtsezko bi printzipiotan oinarritu zen: alde batetik, online irakaskuntzaren eta aurrez aurrekoaren arteko behin-behineko baterakuntza; bestetik, ikasleak modu mailakatuan hastea eta beranduago hasi zirenen akonpainamendu pertsonalizatua.

Urtarrilaren 11n hasi eta otsailaren 21ean amaituko den hirugarren modulua ebaluatzeke, lehenengo bi moduluetako irakasgaien (enborrekoak nahiz hautazkoak) eta, ondorioz, 2020-2021 ikasturteko programa akademikoaren betetze maila % 94koa izan da aipatutako egun horretara arte. Klaseen % 81 modu presentzialean eman dira eskolaren edo Tabakaleraren instalazioetan, % 13 online eredura egokitu dira eta soilik % 6 (2 irakasgai 33tik) bertan behera utzi eta atzeratu dira, irakaskuntza jardueraren eta eredu ez-presentzialaren arteko bateraezintasunagatik.

Bestetik, 2019-2020 ikasturtearen bukaera eta bigarren promozioko ikasleen proiektuen amaierako aurkezpenak ere (bat dator fase hori hirugarren promozioko ikasleen bigarren moduluaren amaierarekin, abenduan) normaltasun osoz egin ziren. Guztira aurkeztu ziren 44 amaierako proiektu, 40 profesional inguruk osatutako ebaluazio epaimahai baten aurrean.