Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

1
Zer da Elías Querejeta Zine Eskola?

Elías Querejeta Zine Eskola zinemaren orainaren, iraganaren eta etorkizunaren inguruko pentsamendu, ikerketa, jardun esperimental eta berrikuntza pedagogikorako nazioarteko zentro bat da. Eskola, Gipuzkoako Foru Aldundiak eratu eta finantzatua, espiritu biziberritzailez jaio da: haren azken xedea ez da heziketa ereduei jarraituz koadro teknikoak prestatzea, baizik eta zinemari buruzko begirada osoa duten eta errealitate zinematografiko berriak sortzeko gai diren zinemagileak ager daitezen bultzatzea, eta, bestalde, filmagintzari eta filmen gaineko pentsamenduari buruzko hausnarketa berreskuratzea.

 

2
Zergatik da EQZE eskola desberdin bat?

Zine eskola ugari daude, baina ezeinek ez ditu EQZEren berezitasunak. Lau arrazoik egiten dute eskola hau berezi: jatorriak, zinemari buruzko filosofiak, proiektu pedagogikoak eta kokapenak. Elías Querejeta Zine Eskolaren jatorria erabat originala da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez haren kontzeptualizazioan parte hartu zuten zinemagintzaren inguruko hiru erakundeen jakintza arloak abiapuntu hartuta moldatu da EQZE: Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Beraz, Tabakaleraren ekosistema kultural eta profesionalaren dinamismoaz baliatzen da, eta horrek eragileek jakintza eta esperientzia trukatzea errazten du. Eskolak, bestalde, ikaskuntzaren berezko pausa eta distantzia, jardun esperimentala eta etorkizuneko zinemaren aurreirudikapena gehitzen dizkio harremanen jario horri. Eskolaren jatorria eta kokapena, haren zinemari buruzko ikuskera eta irakaskuntza proiektua hain bereziak izanik, nazioartean ohiz kanpoko zentroa da inondik ere, eta, horrexegatik hain zuzen, euskal zinemaren laborategi estetiko eta profesional bat ere bilakatu nahi du.

 

3
Zinemaren zer ikuskera dago EQZE-ren oinarrian?

Prestakuntza espezializatuak nolabaiteko neutraltasunera eraman du, sarritan, zinemaren irakaskuntza; itxura batean, inporta izan duen bakarra profesionala merkatuaren eskakizunetara egokitzea da. Beste muturrean, eskola honen zinemarekiko ikuspegia suharra da, bizitzatik bereizten ez dena eta esperimentaziorako eta gizartea biziberritzeko asmo garbia duena. EQZEk iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko begirada oso eta bateratua partekatu eta garatu nahi du. Gustatzen zaigu esatea EQZE, hain zuzen, zinemaren hiru aldien eskola dela, haren jatorrian izan diren hiru erakundeen azterketa eta lan eremua, preseski, sorkuntzaren iragana (Filmategia), oraina (Zinemaldia) eta etorkizuna (Tabakalera) direlako. Zinema bakarra irudikatzen dugu guk, generorik eta kalifikatzailerik gabe, baina, era berean, zinemagile izateko era asko daudela uste dugu. Zinemagile izatea, gaur egun, irudiak egitean ez ezik, horiek ikusgai egitean baitatza: izan zirenak, direnak, izango direnak.

 

4
Zein da EQZE-ren irakaskuntza eskaintza

Eskola honen sorreran lagundu duten erakundeak ez dira irakaskuntzaren arloak, zinemaren arlokoak baizik. Hortaz, bultzatzen ari diren eskola ere, funtsean, zinema proiektu bat da: proiektu pedagogikoaren moldea hartu duten zinemaren ikuskera bat. Horregatik, EQZEk ez dauka askotariko prestakuntza eskaintza bat, ezpada proiektu pedagogiko bakar bat, graduondoko hiru programek osatua: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza. Hiru graduondo horiek, elkar hartuta, zinemaren gure ikuskera zehazten dute.

 

5
Zertzan datza Artxiboa espezialitate edo ibilbidea?

Artxiboa espezialitateak aurrez aurre jartzen dizkio ikasleari zinemak ondare material eta immaterial gisa eragiten dituen dilemak (teorikoak, teknikoak, etikoak). Euskarri fotokimiko, magnetiko eta digitaletan irudiak eta soinuak identifikatzearekin lotutako alderdiak jorratzeaz gain, funtsak kudeatzeko eta bilduma berriak sortzeko baliabideak eskaintzen ditu espezialitateak. Bestalde, ikastaroak tresna mekaniko nahiz digitalen bidez materialak berraztertu, zaindu eta zaharberritzeko protokoloetan eta prozeduran sakontzeko bidea emango du.

 

6
Zertzan datza Komisariotza espezialitate edo ibilbidea?

Komisariotza espezialitateak etorkizun handikoa den ikus-entzunezko zaintzaile edo komisario lanaren berariazko izaera zehaztea du xede. Zinema komisariotzaren oinarrian dagoen iturri teoriko aberatsa, hein batean arte plastikoetatik hartua, eta programazioaren arloko askotariko tradizioak eta eskolak ezagutzeko aukera ematen du espezialitate honek. Parte-hartzaile bakoitzaren irizpide eta begirada propioa elikatzeaz landa, ikastaroak zinema proiektuak garatzeko baliabideak ematen ditu, ideiagintzatik hasi eta gauzatze faseraino. Espezialitatearen beste helburu bat da komisarioaren ikerketa lana, kritika, saiogintza eta jardun akademikoa akuilatzea. Gure ustez, ikerketa lanik gabe ez dago komisariotzan jarduterik; eta kasu honetan ikerketa lan hori, mundu akademikoan egin daitekeena bezain zorrotza eta sakona izanik, proiektu publiko batean hezurmamitzen da (erakusketa bat, katalogo bat, programa bat, jaialdi bat…), eta ez testu zientifiko batean.

 

7
Zertzan datza Sorkuntza espezialitate edo ibilbidea?

Sorkuntza espezialitatearen helburu nagusia da film eta ikus-entzunezko lan artistikoak egin nahi dituenari prestakuntza teoriko eta metodologikoa ematea eta, bestalde, esplorazio praktikoa egiteko aukera eskaintzea. Horrenbestez, obra baten sortze prozesuarekin –ideiagintza, esperimentazioa, ernatzea eta gauzatzea– lotutako alderdi guztiak lantzen dira, zinemari buruzko prestakuntza teoriko ez-estandar baten bitartez zinemagilearen ahots propioa bilatu nahian.

 

8
Zergatik diogu pedagogia erradikala dela?

EQZEn uste dugu zinemagileak prestatzeko asmoari buruz etengabe hausnartu behar dela eta gauzak zalantzan jarri behar direla. Hain zuzen ere, eskola bera da oinarrian duen espiritu kritikoaren lehen fruitua, irekia den eta etengabe eraikuntzan dagoen proiektu pedagogiko gisa planteatu baita. Bilaketaren arte konplexu eta amaigabean (teorikoa, emozionala, esperimentala, praktika) sakontzen duen eskola batean sinesten dugu: eskolatik bertatik hasita, pedagogia erradikal batekin eta eragile guztien konpromiso aktiboaz moldatuz doan komunitate bizia den neurrian. Proiektu pedagogikoaren funtsezko alderdietako bat traba bertikal eta horizontalak apurtzean datza (zine eskolaren barruan nahiz hortik kanpo), saio irekien bidez herritarrek aktiboki parte har dezaten eskolak berak bultzatzen duen prestakuntzari eta sormenari buruzko debatean. EQZEk esperientzia kolektibo bat eskaintzen du (komunitate akademikoarena eta orobat soziala), baina baita bakarkako bidaia bat ere, ikasleentzako ibilbide indibidualizatuak taxutuz. Eskola bakarra, baina ikasle adina irakaskuntza. Izan ere, pertsona guztiak desberdinak bagara, zergatik egin denentzat berdina izango de eskola bat?

 

9
Nolakoa da EQZE-ren metodologia?

EQZEk garatzen duen metodologia pedagogikoan ikerketa, filmagintzaren bizipen suharra eta jardun esperimentala uztartzen dira, eta kategoria bertikalak (profesionala eta amateurra denaren artean) nahiz horizontalak (zinemaren eta sormenari lotutako beste diziplina batzuen artean) desegitea proposatzen du. EQZEn, prestakuntzaren oinarria hausnarketa, jardun esperimentala eta lan profesionala dira. Horretarako, bosna asteko iraupena duten zikloak eta moduluak egiten dira, pixkanaka artearen eremuan eta bilaketa pertsonalean sakontzeko asmoz.

 

10
Nolakoak dira klaseak?

Irakaskuntzaren arloan, hiru espezialitateetan ematen diren irakasgai ardatzak eta espezialitate bakoitzari dagozkion irakasgai espezifikoak izango dira, eta, horrez gain, denentzako topaketak zinemagileekin eta gonbidatuekin, eskola magistralak, tailerrak, hitzaldiak eta mintegiak. Bestalde, Euskadiko Filmategiaren, Tabakaleraren eta Donostia Zinemaldiaren programazioak hiru espezialitateen egutegian txertatuko dira. Irakasle taldea hiru espezializazio arlo bakoitzean entzute handia duten eta nazioarteko profil nabarmena duten zinemaren munduko profesionalek osatzen dute. Filmategiko, Tabakalerako eta Zinemaldiko profesional batzuek ere parte hartzen dute irakaskuntzan, guretzat erakunde horietako eguneroko esperientzia helarazteko espazio bat baita eskola. Irakaskuntzako ordu gehienak ikasturtearen lehen seihilekoan emango dira, eta gutxienez aurrez aurreko 500 ordu izango dira.

 

11
Ikasleek Filmategian, Tabakalera eta Zinemaldian egiten al dituzte praktikak?

Bai, modu iraunkorrean eta irakaskuntzarekin batera, urte osoan zehar. EQZE Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera dauden eraikin berean egoteak malgutasun eta etengabeko harreman hori ematen digu. Arlo profesionalean, hiru erakunde horietan egingo diren praktikak (edo igarobideak) sartzen dira. Lanbide prestakuntza hori eskola dagoen eraikin berean emango denez, asmoa da praktikak irakaskuntzarekin batera egitea, malgutasun osoz. Beraz, eskolaren eta erakunde profesionalen arteko harremana naturala eta gardena da, etengabeko elkarreraginean baitaude. Ikasleek gutxienez 100 ordu egingo dituzte praktiketan edo lanbide prestakuntzan.

 

12
Zer da proiektu pertsonala edo hipotesia?

EQZE nolabait definitu beharko balitz, haren berezitasun pedagogikoa aintzat hartuta, esango genuke proiektuen eskola bat dela: ikasleen etorkizunerako ideiak proiektatzen dituen eskola bat. Ikasturtea egituratzen duen proiektu pertsonala da, egiaz, ikaslearen etorkizuneko proiekzio pertsonal eta zinematografikoa zehaztasun handiagoz hezurmamitzen duena. Proiektuaren arloan (Hipotesia) lantzen dira ikasle guztiek, zernahi espezialitatetan daudela ere, garatu behar dituzten –eta ikasturte amaieran berariazko epaimahai baten aurrean jendaurrean defendatu behar dituzten– proiektuak. Proiektu guztientzat tutore bat izendatuko da, espezialitatearen, beharren eta prestakuntzan parte hartzen dutenen lehentasunen arabera.


13
Noiz hasiko da 2018-2019 ikasturtea?

Ikasturtea irailan hasiko da, Zinemaldiarekin batera.

 

14
Zenbat irauten du ikasturteak?

Ikasturteak aurrez aurreko irakas-jarduerako 56 aste iraungo du. Zinemaldiaren hasieratik ekainaren erdialdera doazen hilabeteak irakaskuntza atalera, proiektu pertsonala garatzera eta praktika profesionaletara bideraturik daude. Udako jarduera, batez ere, Sorkuntza ikasleentzako praktika profesionaletan eta autore-tailerretan zentratzen da. Denbora horri gehitu behar zaio urte bereko abenduan defendatu beharreko proiektu pertsonalak osatzeko epea, aurrez aurre egon gabeko proiektua amaitzeko aldia.

 

15
Zein da ikasturtearen egitura?

Irakaskuntza atalak sei modulu ditu. Modulu bakoitzak bost/zazpi aste arteko iraupena du. Bateratua da eta koherentzia pedagogiko propioa du, halako eran non aldi horretako jarduera guztiek espezialitate bakoitzean bide eta erdigunea den gai bati buruz diharduten. Modulu batetik bestera, eskolako klaserik eta aurrez aurreko saiorik gabeko astebete aurreikusi da, lan pertsonalari eta praktika profesionalei eskainia. Irakaskuntzak hiru espezialitateetako ikasgai nagusiak eta espezialitate bakoitzeko ikasgai bereziak hartzen ditu, baita, horiekin batera, topaketa, hitzaldi eta mintegi komunak ere. Gelako aurrez aurreko 500 ordu, gutxienez. Ikasleek 100 orduko praktika profesionalak egin beharko dituzte Filmategian, Zinemaldia eta Tabakaleran, baita tutoretza izango duen proiektu bat ere. Abendu aldean, hiru programetako proiektuak jendaurrean aurkeztu eta ebaluaziorako jarri dira.

 

16
Zein da matrikularen kostea?

2018-2019 Ikasturtearen prezioa 3.500 euro da.

 

17
Zein da ikasleen profila?

Elías Querejeta Zine Eskola espezializazio profesional handiko graduondoko zentro bat izateko eratu da. Zinemaren inguruko bizipenetan eta alderdi intelektualean sakontzearekin batera ofizio berriak ezagutu nahi dituzten pertsonentzat sortutako espazio bat. Eskola honen irakaskuntza plana goi mailako unibertsitate ikasketak (Humanitateak, Komunikazioa eta Arte Ederrak, baina, adibidez, baita Kimika eta Dokumentazioa ere, Komisariotza espezializazioan) eginak dituzten, zine eskola batean ikasi duten edo, baldintza horiek bete gabe, zineman esperientzia egiaztatua duten ikasleei begira prestatu da. Beren lehenengo proiektu profesionala eskakizun maila handieneko testuinguru batean landu eta garatu nahi duten ikasleena da profil nagusia, batik bat Sorkuntza espezializazioan. Gainerako espezializazioetan ere ikasleek antzeko prestakuntza maila izan beharko dute, eta proiektu pertsonal bat edo gehiago aurkeztea eskatuko zaie.

 

18
Zein da irakasleen profila?

Hiru espezializazio alorretan prestigio aitortua duten eta nazioarteko profil nabarmenaren jabe diren profesionalek osatzen dute irakasle taldea. Bestalde, Filmategia, Zinemaldia eta Tabakalerako profesional batzuek ere irakas-jardueran esku hartzen dute, gure eskola erakunde horien eguneroko esperientziaren transmisio-gune gisa ulertzen baitugu.

 

19
EQZE-ren tituluak balio ofiziala al du?

Ez. Hitz joko bat eginez, esan genezake eskola honek ez dituela zinema tituluak ematen, baizik eta zinema tituluak sortzen dituela. Filmategia, Zinemaldia eta Tabakalera ez dira irakaskuntzaren arloko erakundeak, zinemaren arlokoak baizik. Horrexegatik, eskola ere ez da berez irakaskuntzari estuki lotutako proiektu bat soilik, baizik eta eskolaren moldea hartzen duen ekintza zinematografiko bat: prestakuntzaren eta bizitza profesionalaren arteko igarobide moduko bat.

 

20
Espezialitate batean baino gehiagotan matrikulatu al naiteke?

Ez, baina eskola pentsatua dago pertsona bakoitzak bere ibilbidea diseinatu dezan; hau da, bere espezialitateko ikasgaiak ez ezik, beste espezialitate batzuetako kredituak –kopuru jakin bat– aukeratu ahal izan ditzan. Alde horretatik, EQZEn matrikulatutako pertsona bakoitzak ibilbide pertsonal eta berdingabe bat taxutu dezake.

 

21
Plaza kopurua mugatua al da?

Bai, plaza kopurua mugatua da (15 pertsona espezialitate bakoitzerako) eta urtetik urtera alda daiteke. Aukeratze prozesu baten bidez egingo da hautaketa.

 

21
Nola kontaktatu dezaket EQZE?

Edozein zalantza argitzeko telefono zenbaki honetara hots egin dezakezu  (+34) 943 545 005 edo helbide honetara idatzi info@zine-eskola.eus.

 

deskargatu faq