Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Ikerkuntza ohitura naturala da Elías Querejeta Zine Eskolarentzat

Ikerkuntza zineman egoteko modu bat da Elías Querejeta Zine Eskolarentzat. Ohitura natural bat. Ikasleei, irakasleei eta profesionalei arduraz jokatzeko eskatzen dien benetako lan metodologia bat.

Hala, Filmategiarena, Zinemaldiarena eta Tabakalerarena den eskola hau Euskadiko Filmategiarentzako, Donostia Zinemaldiarentzako eta Tabakalera Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroarentzako eskola bat ere bada: hausnarketarako eta berrikuntzarako leku bat. Eta, azken buruan, eskolarentzako berarentzako eskola bat, zeinak zinemaren pedagogiaz etengabe eztabaidatuko duen. 

Zentroaren ikerketa honako lau lerro hauen ingurukoa izango da:

1. Pedagogia eta zinemaren transmisioa.

2. Artxiboaren, komisariotzaren eta sorkuntza zinematografikoaren inguruko teoria eta teknika berritzaileak.

3. Zinemaren eta beste diziplina zientifiko, humanistiko eta estetiko batzuen arteko lotura.

4. Euskal zinemaren begirada berriak.

Lau lerro horietako lana ikerketa proiektuen bidez gauzatuko da, guztiak ere diziplinartekoak, kooperatiboak eta irekiak. Diziplina anitzeko proiektuak izango dira, EQZEko ikasleen parte hartze aktiboa izango dutelako, eta eskolako hiru ibilbideetako irakasleen ekarpenek aberastuko dutelako, horrela, trukean oinarritutako metodologiak eta diziplinen eta ezagutzaren arteko ikaskuntza garatuz. Proiektu kooperatiboak izango dira, erakunde zinematografiko eta akademikoekin –bertakoak zein nazioartekoak– elkarlan estuan arituta sortutakoak direlako, eta, irekiak, aldiz, sortutako emaitzak ez ezik, prozesuan sortutako galderak ere hainbat euskarri, formatu eta hizkuntzatan zabalduko direlako, horien artean honako hauek: sorkuntza piezak, argitalpen espezializatuak eta dibulgaziokoak, programa publikoak, online edukiak eta azalpen proiektuak.

Pablo La Parra
Ikerkuntza Saileko koordinatzailea

Pablo La Parra Pérez zinema eta ikus arteetan espezializatutako ikertzailea da. NYU New Yorkeko Unibertsitatean doktorea da, bertan ere klaseak eman ditu. Masterra du Literaturan, Artean eta Pentsamenduan oinarritutako Azterketa Alderatuetan (Pompeu Fabra Unibertsitatea) eta Artearen Historian lizentziaduna da (Valentziako Unibertsitatea). Bere ikerketa lana argitaratu da nazioarteko aldizkarietan -Journal of Spanish Cultural Studies edo Sociologias-, eta liburu hauetan: 1968 and Global Cinema (Wayne State University Press), Antoni Abad: megafone.net/2004-2014 (Turner-MACBA) edo Facing Humanities, Current Perspectives from Young Researchers (Pompeu Fabra Unibertsitatea). Ikerketa eta graduondoko zenbait beka jaso ditu, besteak beste, Estatu Batuetako Social Sciences Research Council-en International Dissertation Research Fellowship, New Yorkeko Unibertsitateko Graduate School of Arts and Sciences-en MacCracken Fellowship, edo La Caixaren Master beka. Horrez gain, errendimendu akademikoari ematen zaizkion hainbat sari ere jaso ditu eta horien barruan dago Karrera amaierako Sari Nazionala. 2016. urtean, “Europa, futuro anterior” izeneko zinema militantearen artxiboen gaineko ikerketa artistikoaren proiektua zuzendu zuen, Tabakalerak eta Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburuaren Fundazioak finantzatu zutena, hain zuzen.