Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Hasi da 2021-2022 ikasturtea, Elías Querejeta Zine Eskolan

Andrei Ujica zinemagile errumaniarrak emango du ikasturtearen irekierako eskola magistrala.

2021/09/13

13 herrialdetako 30 emakumek eta 15 gizonek osatzen dute laugarren promozioko ikasleen taldea.

Elías Querejeta Zine Eskolak ateak ireki dizkio laugarren promozioari, ikasleei ongietorria eta harrera eginez. Gaur hasi da 2021-2022 ikasturtea, eta hamabost hilabete barru amaituko da, 2022ko abenduan, EQZEko ikasleek eskolan egindako lanak aurkezten dituztenean.

2020-2021 ikasturteko ikasleak Zuzendaritza Akademikoak (Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako eta Donostia Zinemaldiko ordezkariek osatutakoa) hautatu ditu 128 hautagaien artean, eta 30 emakumek eta 15 gizonek osatutako taldea izango da: 2 EAEkoak dira, 17 estatuaren gainerako lurraldetakoak, eta 26 atzerritarrak, Argentina, Brasil, Txile, Costa Rica, Kroazia, Ekuador, Estatu Batuak, Fantzia, Japonia, Mexiko, Peru, Portugal eta Erresuma Batutik etorritakoak. Batez besteko adina 29 urte ingurukoa da.

Haien profilari dagokionez, zinemagileak dira, jaialdietan eta museo eta galerietan estreinatu eta sarituak izan diren filmak (laburrak eta luzeak) edo instalazioak dituztenak, Ikus-Entzunezko Komunikazioan, Gizarte Komunikazioan, Zinema eta Telebistan, Artearen Historian, Arte Ederretan, Gizarte Antropologian, Ondarearen Kontserbazioan, Arkitekturan, Zientzia Politikoetan, Filogogian eta Literaturan graduatu direnak, eta beste zinema eta arte eskola edo unibertsitate batzuetan prestatu direnak (Academy of Drama Arts – Zagreb, Ar.Co, Boston University, ECAM, EFTI (Nazioarteko Argazkilaritza eta Zinema Zentroa), EICTV, ESCAC, Lisboako Zinema eta Antzerki Goi Eskola, KASK School of Arts, EICTV, Pontificia Universidad Católica de Chile, Pratt Institute, Universidad Carlos III, Universidad del Cine (FUC), Pompeu Fabra Unibertsitatea, Universidade Federal de Minas Gerais, Universitat Autònoma de Barcelona, University of Oxford, UPV/EHU…); adituak, zinema ekoizpenean eta banaketan; zinema jaialdien, filmoteken, zikloen, programen edo erakusketa eta instalazio artistikoen ekoizpenean, kudeaketan eta programazioan esperientzia duten komisarioak; zinematografia kolektibo independentetako kideak; ikertzaileak eta profesionalak, esperientzia zabala dutenak hainbat arlotan, hala nola edizioa, muntaketa, argazkilaritza, soinua, diseinua…

Ikasturtea gaur hasten da, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioa inauguratu baino lau egun lehenago; Zinemaldian, ikasleek (hirugarren nahiz laugarren promoziokoak) agenda espezifiko bat izango dute, eta horren bidez proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute, zinemaldia barrutik ezagutzeaz gainera. Zinemaldia amaitzean, irailaren 28an, eskolak hasiko dira.

 

Irekierako eskola magistrala

Andrei Ujica zinemagile errumaniarrak (Timisoara, 1951) 2021-2022 ikasturtearen hasierako eskola magistrala emango du. Literaturako prestakuntza jaso ondoren, Ujicak zinema egitea erabaki zuen, 1991ean. Haren filmak mundu osoko jaialdietan eman dira. 1992. urtean, Harun Farocki-rekin batera, “Videogramme einer Revolution” zuzendu zuen, erreferentziako film bat, botere politikoaren eta hedabideen arteko harremanaz diharduena Gerra Hotzaren amaierako Europan. Gero iritsiko zen bigarren filma, “Out of the Present” (1995), Sergei Krikalev-en historioa kontatzen duena, astronauta sobietar bat, espaziora abiatu zena MIR Nazioarteko Espazio Estazioan eta bertan 300 egun baino gehiago igaro zituena, Lurrean Sobietar Batasunak existitzeari uzten zion bitartean; eta ondoren hirugarrena, “The Autobiography of Nicolae Ceaucescu” (2010), agiritegi ofizialetan jasotako material bilduma zabal batez diktadore errumaniarraren goraldia eta erorikoa kontatzen duena. Andrei Ujicak Cartier Fundazioak enkargatutako bi obra ere egin ditu: “2 Pasolini” (2000) eta “Unknown Quantity” (2005).

Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleei irailaren 14tik 16ra “Platonen haitzuloa, gris kolorea eta zinema” izenburupean emango dien eskola magistralak gogoeta bat planteatzen du zinemaren etorrerari eta “arte herrikoiaren” eta “arte jasoaren” arteko haren tentsioari buruz.

 

Prebentzio plana

2021-22 ikasturtearen hasierari begira, Elías Querejeta Zine Eskolak indarrean du Covid-19ari aurre egiteko prebentzio plana. Besteak beste, indarreko dokumentuak honako hauek arautzen ditu: bete beharreko neurri higienikoak eta prebentzio neurriak, zentroa irekitzeko eta ixteko ordutegiak, garbitasuna, edukiera, eta eskolako gelen, instalazioen eta ekipamendu teknikoen erabilera. Araudia dinamikoa da, eta berrikusten eta eguneratzen joango da, osasun krisiak iraun bitartean, osasun agintari eskudunek ezarritako ildoen arabera. Araudi horretan jasotako protokoloak, neurriak eta gomendioak zentroko kide guztiek bete behar dituzte. 

 

EQZEren presentzia nabarmena jaialdietan

Aurtengo udan nabarmena izan da eskolako ikasleen eta alumnien lanen presentzia zinema jaialdietan. Hiru promozioetako ikasleen filmak ikusi ahal izan dira hainbat jaialditan, hala nola Curtas Vila do Conden, Cannesko Zinemaldian, Pesaroko Zinemaldian, FIDMarseillen eta Indielisboan; film horietako batzuk sarituak ere izan dira, esate baterako, Luiza Gonçalves-en «Un bananero no es casualidad (Lino Miccichè saria, Pesaron), «El baño» (Fundação GDAren saria, Indielisboan) eta Oscar Vincentelli-ren «La sangre es blanca» (Compétition Flash saria, FIDMarseillen). Bestalde, zentroko ikasleek hainbat jaialditako laborategi eta akademietan hartu dute parte, hala nola Locarnon eta lehen aipatutako Cannesko Zinemaldian eta FIDMarseillen. Irailaren 17an hasiko den SSIFFi dagokionez, eskolako ikasleen bost filmek parte hartuko dute jaialdiaren hainbat sekziotan: Amat Vallmajor-en “Misión a Marte”, Ana Cristina Barragán-en “La piel pulpo” eta Artur-Pol Camprubí-ren “Podul de Piatrâ”. Egile horiek beren film berriak WIP Latam-en, WIP Europa-n y Nest Film Students-en aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren; era berean, ikusgai izango dira Ikusmira Berriak programan Marina Palacio-ren “Y así seguirán las cosas” eta Magdalena Orellana-ren “Hasta que el lugar se haga improbable”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatuta, Elías Querejeta Zine Eskolak proiektu pedagogiko bakar eta berezi bat du, graduondoko hiru programaz osatuta dagoena (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programek forma hartzen dute haren kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru erakundeen –Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, eta Donostia Zinemaldia– ezagutza eremuetatik abiatuta. EQZE Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako zentro bat da, 2019. urteaz geroztik.