Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Euskal zine berritsua, noizko?

Lantegia Harkaitz Canorekin

Elías Querejeta Zine Eskola

2019/03/30 - 10:00

  • Hitzaldia
  • Lantegia

Parte-hartzaileak:

Asier Altuna
Arantxa Iturbe
Manex Fuchs

Hizkuntzak:

Euskara

Salneurria:

Sarrera librea izen-ematearekin: info@zine-eskola.eus (plaza mugatuak)

Ordutegia:
10:00-14:00

Ez da, beharbada, zinema berbatia arrakastatsuena izan Euskal Herrian. Azken urteotan, minimalismo suerte bat nagusitu da gure artean, “gutxiago-gehiago-da” lemapean erritmo berezi, estetika landu eta emaitza hunkigarriak erdietsi dituena. Baina zergatik hitz egiten dute horren gutxi, salbuespenak salbuespen, euskal filmetako protagonistek? Ez dago hitzontzirik gure artean? Geure nortasunaren isla delako dira film asko erdi mutuak, ala beste zerbait ezkutatzen du horrek? Hautu estetikoa da beti, ala pertsonaiak naturaltasunez euskaraz hizketan jartzeko ditugun ezintasunak eta konplexuak estaltzeko modu bat? Euskara arazo da oraindik? Fidatzen ote gara geure gidoilariez pertsonaia eleketariak asmatzen dituztenean? Eta aktoreak? Gai al dira nagusiki elkarrizketen gainean oinarritzen diren artefaktuei eusteko? Antzerkian eta telebistan ohituak gauzkate Alfonso Sastrek “parlatura” esaten dion literatur azpi-jenero horretara, baina zineman?

 

Parte hartzaileak:

Harkaitz Cano. Zuzenbidean lizentziatua EHUn, idaztea izan du beti ogibide, ia literatur jenero guztiak landuz: poesia, eleberria, antzerkia... Prentsan zein Zinea eta literatura: begiaren ajeak (2008) saiakeran bildu ditu ikus-entzunezkoekiko bere hausnarketak. Telebista, irrati eta komiki gidoilari lanetan aritu da. Diziplina ezberdinen arteko bidegurutzeen zale, euskal talde eta bakarlari askorentzat idatzi ditu kantuen letrak. Hanif Kureishi, Anne Sexton edo Allen Ginsberg bezalako egileak euskaratu ditu. Hiru aldiz irabazi du Euskadi Saria eta bere lana dozena bat hizkuntzatara itzulia izan da.

Asier Altunak, Telmo Esnalekin batera zuzendu zuen Txotx lehenengo film laburrarekin (1997) arrakasta izan ondoren, beste film labur batzuk egin ditu, baita telesailak eta publizitatea ere. 2005ean, Esnalekin batera, lehenengo film luzea zuzendu zuen: Aupa Etxebeste!. Horri esker, Donostia Zinemaldiko Gazteriaren saria irabazi zuten eta zuzendari berri onenaren Goya sarietarako izendapena. 2008an, Marian Fernándezekin batera, Txintxua Films ekoizpen-etxea sortu zuen. Ekoizpen-etxe horrekin, film labur batzuk eta Bertsolari film luze dokumentala (2011) ekoitzi ditu. 2015 urtean estreinatu zuen bere azken film luzea: Amama

Manex Fuchs (1975) antzerki lanbideei buruzko formakuntza segitu du, Bordeleko unibertsitatean. 1994tik, hogeita hamar bat sorkuntzatan parte hartu du, aktore ala zuzendari gisa, frantsesez, euskaraz, eta noiztenka gaztelaniaz. Antzoki edota kale ikuskizunetan duen esperientzia sorkuntzaren arlo guzien bitartez ondu du: idazketa, jokoa, zuzendaritza, musika, koreografia, teknika. Le Petit Théâtre de Pain konpainiaren sortzaileetakoa da, baita Hameka lurraldeko kultur proiektuaren eragileetako bat ere. Gaur egun, antzerkiaren bidetik euskaraz eragiten duen Axut! Kolektiboaren sortzailea da Ximun Fuchs bere anaiarekin, baita zinema arloan ekoizpen eta banaketa lanetan ari den Gastibeltza Filmak enpresaren bost kideetako bat da. Lanbideari dagokion transmisioa ere lantzen du (lan munduan, eskola ala justizia eremuetan). Hiru aldiz lortu du Donostia Antzerki Saria (zuzendari gisa Publikoari gorroto-rentzat, eta aktore gisa Errautsak eta Francoren bilobari gutuna obrentzat). Telesail baten hamabost ataletan hartu du parte (ETBn eman Balbemendi-n). Zineman, NON filman aritu da aktore bezala (Donostiako nazioarteko zinemaldiko Zinemira sailean gidoi onenaren saria). Horrez gain, zuzendari laguntzaile kargua hartu du labur metraia zenbaitentzat (Bainera Itziar Leemans eta Anti Josu Martinez).

Arantxa Iturbe (Alegia, 1964). Kazetaritzan lizentziatua, irratilaria ofizioz. Esateko eta entzuteko hitzen maitalea. Euskadi irratian Arratsean saioaren arduradun gaur egun. Idazlea afizioz. Esateko eta entzuteko hitzen jostuna. Honetara ezkero, Koadernoa zuri, Kontu-jaten, Ai, ama!, Lehenago zen berandu, Ezer baino lehen argitalpenen errudun. Antzerkilaria enkarguz. Esateko eta entzuteko hitzen sortzailea. Aitarekin bidaian, X, Ai, ama! antzezlanean begiak itxita ikusten denaren arduradun.