Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

"Izenik gabeko" zinema

Film zurtzen, zinema amateurraren eta autoretza kontzeptuaren zehar egindako ibilbidea

EQZE

2017/10/26 - 2017/11/01

  • Erakusketa

Salneurria:

Sarrera librea aretoa bete arte

Ordutegia: 10:00 - 14:00 / 16:00 - 20:00

Irekiera (urria 26): 18:00 - 20:00

Aztergai hartuta bai anonimatoaren ideia bai ikuspuntu horretatik abiatutako artxibo filmikoen esplorazioa, Elías Querejeta Zine Eskolak nazioarteko mintegi baterako deia egin du gaitzat hartuta zinema amateurra, “izenik gabeko” filmak, eta autoretzaren kontzeptua.

Film zurtzaren kontzeptuak garrantzi akademikoa eta sorkuntzari lotutako garrantzia izan zuen 1990eko hamarkadan, filmen artxiboen kudeaketaren inguruan sortutako ikuspegi berrietatik abiatuta. Garai horretan, egile eskubiderik gabeko filmak eta jabeek edo begiraleek baztertutako filmak bakarrik identifikatzen zituen zinema zurtzak. Hala ere, termino hori zabaltzen joan zen pixkanaka eta, gaur egun, baztertutako, aurkitutako edo ahaztutako edozein film-material onartzen du, betiere arrazoi komertzial, material, kultural, politiko, eta historikoak egon badira tartean:  jabari publikoko materialak, etxeko zinema, baztertutako filmak, estreinatu gabeko filmak, pelikula industrialak edo hezitzaileak, ezkutuko lanak, film etnografikoak, albistegiak, zentsuratutako materialak, amaitu gabeko piezak, aldi isileko produkzioen zatiak, artxiboko materiala, aurkitutako bobinak, medikuntza alorreko pelikulak, formatu txikiko edo ohikoak ez diren formatuko filmak, iragarkiak, babestutako filmak, ikasleen lanak eta iraupen motzeko beste edozein pieza. Rick Prelinger, Interneten Prelinger artxiboak sortu dituenak, adierazten du zinema zurtza "guraso kontrolatzaile eta zentsuratzaileak ez dituen zinema dela", “nahi duenean eta baimenik gabe etxera bueltatzeko libre dena", eta “berriro aztertu behar direla, zimena horretatik abiatuta, zinemaren historian zalantzan jarri ez diren kontzeptuetako asko”.

Gaur egun, "zinemaren benetako aurpegi ezkutu" horrek sortzen duen interesa, erakusketa honek ezagutzera eman nahi duena, bi arrazoitan oinarrituta dago. Alde batetik, egungo zinemagile askok material horietan aurkitu duten inspirazio sortzailea (eta beraien filmetan material horiei eman dioten bigarren bizitza). Bestaldetik, "izenik gabeko zinema" kontzeptuak berak proposatzen dituen galdera eta eztabaiden garaikidetasuna.

Zinema zurtzaren tradizio luzearen azterketak lagundu egiten du gure garaiko zinema-eztabaidaren funtsezko bi kontzeptu ulertzen eta testuinguruan jartzen: autoretzaren kontzeptua eta ikus-entzunezko fluxu edo continuumaren kontzeptua, amaitutako obraren nagusitasunaren aurrean jarrita, YouTuben esperimentatzen dugun bezala.

Proiektuaren helburua "zinemaren aurpegi ezkutua" identifikatzea da: etxeko pelikulak, amateurrak, egile garbirik gabekoak, baztertutakoak, osatugabeak, isilarazitakoak, eta jendeari erakusteko asmorik gabe egindakoak. “Film erakusketa” hau osatzen duten programen komisarioak hauek dira: Sonia García López, Mirco Santi, Mark Toscano, Guy Edmonds, Dan Streible eta Maria Vinogradova; guztira, 30 film edo film zurtzen zati baino gehiago daude, 1894. urtetik gaur artekoak. Erakustaldiaren erdiko gunean, gainera, euskal zinema amateurraren tradizio luzearen film hautaketa jarri da.

Izenik gabeko zinema erakusketak zinema zurtzaren adiera desberdin guztiak hartzen ditu: zinemaren historiarako interes handia duten filmen zati txikiak (Edison-en materialak eta American Vitagraph-en materialak), asmo artistikoekin egindako obra amateurrak (I. Munduko Gerran Pathé Baby-rako programatutakoak), Sobietar Batasunaren bihotzean egindako etxeko zinema burgesa, Madrilgo Instituto de Investigaciones y Experiencias Cinematográficas institutuan, berrogeita hamarreko hamarkadan, matrikulatutako lehen emakumeen praktika ahaztuak, eta artisten esku-hartzeak found footage teknikatik (Rebeca Baron, Goug Goodwin, eta Jen Proctor-en obrak) eta YouTubeko bukaezineko fluxutik abiatuta.

Erakusketak aukera ematen dio bisitariari eskolako geletako espazioak bisitatzeko, mugimenduan dauden irudiak ikusten duen bitartean. Elías Querejeta Zine Eskolaren banaketa espaziala irakaskuntzarako eta ikaskuntza praktikorako pentsatuta dago, baina baita ere toki malgu eta balioaniztun izateko, erakusketa galeria edo gune bihurtu daitekeena, kasu honetan bezala, Komisariotza saileko ikasleek esku-hartzeko eta proiektuak aurkezteko aukera izan dezaten.