Zinemaren hiru#aldien eskola Zinemaren hiru#aldien eskola

Zinemaren hiru
aldien eskola

EQZE ez da zinema ikasleentzako eskola; aldiz, ikasi, ikasten jarraitu, ikertu eta harritzen jarraitu nahi duten zinemagileentzako eskola da

Programa akademikoa eredu pedagogiko baten isla da, ez soilik gaitasunak eta trebetasunak eskuratzera bideratuta dagoena, baizik eta integrala eta holistikoa dena, zinemagintza eta bizitza bereizten ez duena, teknologiaren ustezko neutraltasunaren aurka jartzen dena, tradizio humanistikoan kokatzen dena eta pentsamendu kritikoa argitzeko espazio bat sortu nahi duena.

EQZE ikaskuntza emantzipatzaile, aske eta segururako espazio bat da; babes lurralde bat, esploratzeko eta bilatzeko, norberaren hazkunderako eta gizarte eraikuntzarako bide bat  eskolaren komunitatean bertan hasten dena.

Eskolaren proiektu akademikoak graduondoko hiru programaren bitartez ematen dio forma filosofia horri: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza. Hiru graduondoko horiek elkarrekin zinemaren ikuspegi bateratua identifikatzen eta zehazten dute, zinema iragan, orainaldi eta etorkizunarekin harremanetan jarrita.

167 /  / Elías Querejeta Zine Eskola

Hiru graduondoko programa: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza

Elías Querejeta Zine Eskolaren xedea da zinemagileak formatzea, zinemagile hitza zentzurik zabalenean eta transbertsalenean hartuta; hau da, bai iraganeko zinemaz (ikerketa eta babesaren bitartez), bai oraingoaz (komisariotza eta programazioaren bitartez), bai eta etorkizunekoaz (sorkuntzaren bitartez) jabetuta eta trebatuta dauden zinemagile gaituak formatu nahi ditu, begirada oso eta bateratu bat garatuz.

Artxiboa espezialitatearen helburua da adituak trebatzea ondare zinematografikoaren eta ikus-entzunezko ondarearen identifikazioan, sailkapenean, errestaurazioan eta zaintzan, eta espezialitatea bera planteatzen du sorkuntza artistikorako eremu gisa.

Komisariotza saila oinarritzen da zinea eta ikus-entzunezko arteak objektutzat dituzten era guztietako programazio, argitalpen, interbentzio eta erakusketen kontzeptualizazioan, kudeaketan, garapenean eta hedapenean.

Azkenik, Sorkuntza espezialitateak lantzen ditu obra bat asmatzeko, esperimentatzeko, sortzeko eta burutzeko behar diren alderdi guztiak, eta zinemagilearen ahots propioa bilatzen saiatzen da.

Elías Querejeta Zine Eskolak mapa akademiko aldakor eta aberatsa proposatzen du, ikasle bakoitzak ibilbide erabat pertsonal, propio eta indibidualizatua izan dezan

Ikastaro bakoitza, beraz, ibili gabeko lurralde bat da, ikasle bakoitzak erabakiz erabaki kartografiatu eta ibili beharko duena. Lurralde hori zeharkako irakasgaien sistema zabal batek, ikerketa proiektuek, ikasleen ekimenek eta proiektua babesten duten erakundeen proposamenek eratzen dute.

Tabakalera okupatzen duten eragileek antolatutako jarduerei EQZEren konfigurazioa batu behar zaie eskola-tailer gisa, pertsonen arteko nahiz bakarkako ikaskuntzara eta ikaskuntza komunitateen eraketara irekita dagoen eskola-tailerra. EQZEk, horrela, urtero ikasle bakoitzarentzat eskola desberdin bat izatearen ideala garatzen du.

Plan Akademikoaren edukiak, funtsean, bost kategoria hauetan banatzen dira:

98 /  / Elías Querejeta Zine Eskola

1. Enborrekoak

Enborreko irakasgaiek hurbilketa sistematikoa egiten Zinemaren eduki teorikoak eta  metodologikoak. Guztientzako komunak dira eta urte akademikoa egituratzen dute.

2. Espezialitatekoak

Espezialitateko irakasgaietan departamentu bakoitzaren berariazko jakintzak lantzen dira, hiru espezialitateetan berezkoak diren gaietan urte osoko murgiltze mailakatua eta arautua eginez.

3. Zeharkakoak

Zeharkako irakasgaiak EQZEren hedapen eremua dira; horietan, ikasle bakoitzak bere bokazio espezifikoa edo askotariko ezagutza bideak aurkitzen ditu, eta eskola zinematografikotik harago doa, era berean integratzaileak eta heterodoxoak diren beste ezagutza arlo batzuetarantz. Irakasgai horiek lau ezagutza arlotan antolatzen dira:

Materialtasuna: Epigrafe horretan biltzen dira zinemaren, bideo magnetikoaren eta bideo digitalaren materialtasunari buruzko prestakuntza eta ikasketa proposamenak.
Film in Space: Izenburu horretan biltzen diren irakasgaien bitartez aparatu filmikoaren osagaiak aztertuko ditugu: haien hedapena eta zalantzan jartzea, esku-hartze fisiko eta performatiboa proiekzioan, eta pantailaren alderdi espositiboa.

Poetika: Zine Eskolako “gai grisaren” errepositorioa da, alderdi humanistikoaren eta pentsamenduaren edukiontzia, teoria estetiko eta politikoaren gordailua. Era berean, bertan, eskola beste gai batzuetara zeharka irekitzen da, hala nola musikara eta filosofiara.

Techne: Epigrafe honetan bildutako irakasgaien multzoan ahalegin bat egingo dugu ikasleek teknologia jakin batzuen erabileran dituzten prestakuntza premiak bete edo osa ditzaten.

4. Egonaldiak

EQZEn zinemagile baten iraupen aldagarriko egonalditik eratorritako pertsona arteko edo taldeko transmisio motari dagokio, non norbere proiektuaren lanketa irakaskuntza ematearekin uztartzen den.

5. Denbora bankua

Ikasleen komunitateko kideek prestatzen, eta ikasleen komunitateari berari ematen dizkieten edukiak dira, Zine Eskolan sartu aurretik bildutako ezagutza —espezializatua ala ez— partekatzeko.

Ikastaroak ikasgelan gutxienez 500 orduko irakaskuntza barne hartzen du. Klaseak presentzialak dira.

Jaitsi 2024-2025 Ikasturteko gida

Ikasturtea sei moduluen inguruan antolatzen da, eta haien iraupena aldakorra da. Lehenengo bost moduluak (irailetik uztailera) irakaskuntzakoak dira, eta presentzialak. Seigarren modulua (abuztutik abendura) mistoa da (irakaskuntzakoa eta master amaierako proiektua garatzeko), eta erdi-presentziala. Guztira, era zirkularrean antolatutako hamabost hilabete dira, EQZEk oinarri duen ikaskuntza eta esperientzia “ez linealaren” filosofiari erantzunez.

EQZEk eskaintzen dituen hiru berezko tituluen ikastorduak 60 ECTS kredituri dagozkie

Bost moduluetako bakoitza unitarioa da ta koherentzia pedagogiko propioa du, halako eran non aldi horretako jarduera guztiek espezialitate bakoitzean bide eta erdigunea den gai bati buruz diharduten.

Modulu bakoitza, aldi berean, barne egitura berari jarraitzen dio; barne egitura hori ziklikoki errepikatzen da: enborreko irakasgaiak ematen dira lehenik, gero espezialitate bakoitzari dagozkion irakasgaiak eta zeharkakoak eta, bukatzeko, aste komunitarioa(k) edo Akelarrea(k) izaten d(ir)a. Modulu baten eta hurrengoaren artean ikasteko aste bat edo batzuk izaten dira, eta aldi horretan ez da eskola presentzialik izaten.

EQZE arlo akademikotik harago doan bizi proiektu gisa eratzen da; hain zuzen, horretan datza bere programazio eta jardueren izaera irekia.

EQZE proiektuak garatzeko eskola ere bada: hiru espezialitateetako ikasleek amaierako ibilbide edo proiektu bat egin behar dute, dela norberaren ekimenez sortutakoa, dela eskolako Ikerkuntza Departamentuak lantzen dituen ikerketa ildoetako batetik sortutakoa. Proiektu guztiek tutore bat izaten dute, azken aurkezpena egin arte laguntzen duena.

Tutoretza horietaz gain, EQZE eskolan hainbat mailatako laguntza iraunkorra aurreikusten da, amaierako lanen ikuspegi eta jarraipen integrala izateko.

Amaierako lan edo proiektuen tipologia honako hau da:

a. Lan akademikoa

b. Zainketa eta kontserbazio lana

c. Programazio lana

d. Sorkuntza lana

e. Artxibo portfolioa

Proiektuak komunitateari aurkezten zaizkio ikasturte amaieran, Hipotesien aldian. Hipotesiak zera dira, ikasturte amaierako ekitaldia; abenduan izaten da eta ikasleek jendaurrean erakusten dituzte euren “zinemaren hipotesiak”; hau da, amaierako lanak edo, bestela, azken lanak bukatu ez badituzte, eratzen ari diren proiektu horiei eman diezaieketen ikusgaitasun publikoa edo behin-behineko gauzatzea.