Sistema#zinematografiko bat Sistema#zinematografiko bat

Sistema
zinematografiko bat

Elías Querejeta Zine Eskola Tabakalera eraikinean kokatuta dago, eta zentroaren ekosistema kultural eta profesional dinamikoaren zati da, zeinak aparteko berezitasuna ematen dion

Elias Querejeta Zine Eskolaren filosofian funtsezko printzipioa da teknologiaren eta pentsamenduaren, sorkuntzaren eta gogoetaren, intuizioaren eta trebetasun teknikoen, lan metodikoaren eta inspirazioaren, zientzien eta humanitateen arteko etengabeko harremana. Ideia horrekin, espazioari nahiz kontzeptuei dagokienez, estudio edo tailer gisa pentsatua dago eskola. Bertan, ikasleen eskura daude talde teknikoak eta laborategiak, eta ikasleak eskola orduetatik eta ordutegi arautuetatik haratago joaten dira lanera. 

Espazio propioaz haratago, Elías Querejeta Zine Eskola Tabakalera eraikinean dago, eta beste erakunde kultural eta zinematografiko batzuekin batera, hala nola Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategia, zentro dinamiko eta trinkoa osatzen du, eta zinemaren errealitate konplexu osoan jarduten. EQZEn eraikinari zinemaren etxea deitzen diogu, teilatupe berean pilatzen direlako zinemaren inguruko hainbat baliabide, begirada eta estrategia. Zinemaren etxeak, beste ekipamendu batzuen artean, Euskadiko Filmategiaren kontserbazio nabeak, bulegoa eta dokumentazio zentroa, Medialab sorkuntza liburutegia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren emanaldi eta erakusketa aretoak, eta Donostia Zinemaldiaren egoitza hartzen ditu, bai eta artista egoiliarren lan espazioak ere.

Eraikinaren espiritu orokorretik harago, eta erakunde bakoitzak ematen dituen baliabide askotariko eta ugariei esker, zinemaren etxea aukeren espazio dinamikoa da bai ikasteko, bai ikertzeko eta ekoizteko.

Baliabide horien izaera aintzat hartuta, zinemaren etxea honela dago egituratuta:

Laborategiak

EQZEren ekipamenduari eta instalazioei esker, zinemaren tresna analogikoak eta digitalak eskura ditzakete ikasleek, bai irudiak eta soinuak jasotzeko, bai prozesatzeko, postprodukziorako, zaharberritzeko, zaintzeko eta proiektatzeko. Eskolak baditu errodaje analogikoko (8 mm, 16 mm) eta digitaleko ekipoak, material fotokimikoa errebelatzeko eta ikuskatzeko laborategia, irudi eta soinu digitalaren postprodukzio estudioa, 8 mm, 16 mm eta 35 mm-ko digitalizazio postuak, euskarri magnetikoa digitalizatzeko postua eta proiekzio atelierra (8 mm, 9,5 mm, 16 mm, 35 mm eta DCP).

Lab 0

Eskolako zinema, irudi eta soinu ekipamendua (kamerak, optikak, monitoreak, argiztatzeko eta soinua jasotzeko osagarriak eta materialak, bideo-proiektagailuak…) gordetzen eta zaintzen duen saila da. Aholkularitza eta laguntza teknologikoko bulegoa ere bada Lab 0. EQZE komunitateko kide guztiek eskubidea dute eskolako ekipo eta instalazioak erabiltzeko, oinarrizko erreserba protokolo bati jarraituz eta betiere jarduera akademikoarekin lotuta baldin badago erabilera.

Arreta emateko eta ekipamendua erreserbatzeko ordutegia eta aholkularitza teknikoa astelehenetik ostegunera 15:30etik 17:30era da.

Laborategi fotokimikoa

Laborategiak badu behar den ekipamendu teknikoa film materiala ikuskatzeko, berreskuratzeko, zaintzeko, errebelatzeko (eskuz edo profesionalki), zuzentzeko eta editatzeko. Espazio honen hornidura teknikoa Debrie errebelatzeko bi trenek, 16 mm-ko Bell & Howell kontaktu-kopiagailu batek eta Filmlab Systems International Colormaster kopia positiboen etalonajerako kolore-analizagailu batek osatzen dute. 

Digitalizazio-laborategia

Filmak digitalizatzeko bi eskaner ditu (Filmfabriek eskanerra, 16 mm-koa, 9,5 mm-koa eta 8 mm-koa, eta Cintel eskanerra, 35 mm-koa eta 16 mm-koa), formatu magnetikoen erreproduzitzaileak, hala nola VHS, Betacam, U-matic, DVCam, Hi8…, multinorma ekipamenduak (NTSC eta PAL), audio erreproduzitzaileak (CD, DAT, biniloa, kasetea).

  • PDF Ikasleen eskura dagoen ekipamendu teknikoa