Ikerkuntza Ikerkuntza

Ikerkuntza

Ikerketa Elías Querejeta Zine Eskolaren jatorrizko ezaugarria eta zineman egoteko forma naturala da

EQZEk zinemari buruzko ikerketa eta berrikuntza prozesu baten emaitzatzat dauka bere burua, kontzeptualki eskola bizi gisa zehaztea lortu duena. Erakunde itxia izatetik urrun, eskola proiektu irekia eta irazkorra da, ikergai, esperimentazio eta autodefinizio iraunkorra. Ildo horretan, ikerketa berezko hazia du EQZEk. Zehazki, hazi horretatik eratorri dira zentroan zabaldutako ikerketa baliabide guztiak (mintegiak, proiektuak eta ikerketa ekintzak, argitalpenak, Z-A proiektua…), eta hortik elikatzen dira haren jarduera guztiak (pedagogikoak, akademikoak, intelektualak eta sortzaileak) eta blaitzen ekintza estrategiko guztiak.

Ikerketak egituratzen du EQZEren ikertzaile eta ikastunen komunitatea, eta eragile akademiko eta profesionalen arteko loturen diziplina arteko sarea ezartzeko aukera ematen du. Tabakaleraren erakunde arteko ekosistemaren ondorioz, eragileak heterogeneoak dira eta elkar osatzen dute: erakunde bakoitzak arlo zinematografiko ezberdin eta osagarrietan dauka esperientzia. EQZEren trebetasun eta ezagutzaren arloak ikerketa eta ikaskuntza dira.

Zentzu horretan, Elías Querejeta Zine Eskolak Euskadiko Filmategiarentzako, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrorako eta Donostia Zinemaldirako berrikuntza bultzatzaile ere izan nahi du. Erakunde horietarako eskola eta gogoetarako lekua, eta, azken finean, eskola bat eskolarentzat berarentzat, pedagogia zinematografikoa etengabe zalantzan jartzearen bitartez.

dsc7151-37-wAno
e282gwgxiaeniq4-TLnF
guerrillas-in-our-midst-amy-harrison-on-set-photograph-1992-Qupn
arqueologia-del-cine-Tpvm
film-granell-KCCa

Ikerketa zinematografikoetarako zentroa

Zentroaren ikerketa honako lau lerro hauen ingurukoa izango da:

  1. Pedagogia eta zinemaren transmisioa.
  2. Artxiboaren, komisariotzaren eta sorkuntza zinematografikoaren inguruko teoria eta teknika berritzaileak.
  3. Zinemaren eta beste diziplina zientifiko, humanistiko eta estetiko batzuen arteko lotura.
  4. Euskal zinemaren begirada berriak.

Lau lerro horietako lana ikerketa proiektuen bidez gauzatuko da, guztiak ere diziplinartekoak, kooperatiboak eta irekiak. Diziplina anitzeko proiektuak izango dira, EQZEko ikasleen parte hartze aktiboa izango dutelako, eta eskolako hiru ibilbideetako irakasleen ekarpenek aberastuko dutelako, horrela, trukean oinarritutako metodologiak eta diziplinen eta ezagutzaren arteko ikaskuntza garatuz. Proiektu kooperatiboak izango dira, erakunde zinematografiko eta akademikoekin –bertakoak zein nazioartekoak– elkarlan estuan arituta sortutakoak direlako, eta, irekiak, aldiz, sortutako emaitzak ez ezik, prozesuan sortutako galderak ere hainbat euskarri, formatu eta hizkuntzatan zabalduko direlako, horien artean honako hauek: sorkuntza piezak, argitalpen espezializatuak eta dibulgaziokoak, programa publikoak, online edukiak eta azalpen proiektuak.

Ikerketa proiektuek hipotesi bat eta epe ertain eta luzerako helburuak dituzte abiapuntu eta ikerketa teoriko eta aplikatuko metodologietan daude oinarrituta. Helburu nagusia da ekarpen originalak eta garrantzitsuak egitea kultura eta ondare zinematografikoa ikertzeko eta kontserbatzeko.

Departamentuaren koordinatzailea Pablo La Parra Pérez zinema eta ikus arteetan espezializatutako ikertzailea da.