Zinemagileen
eskola bat
EQZEk askatasunean, erantzukizunean, segurtasunean eta kide guztien arteko berdintasunean oinarritutako komunitatea eratzen du
Elías Querejeta Zine Eskola ikaskuntza emantzipatzaile, aske eta segururako espazio bat da; babes lurralde bat, esploratzeko eta bilatzeko, norberaren hazkunderako eta gizarte eraikuntzarako bide bat eskolaren komunitatean bertan hasten dena. EQZEk etengabe bultzatzen du ikaslearen erantzukizun soziala eta haren zeregina zentroaren bizitza komunitarioaren eraketan.
EQZEn presente dago beti gizarte eraikuntzaren gaineko kontzientzia hartzea eta barneratzea, baita komunitate akademikoaren dimentsioan bertan ere. Egiturazko gai bat da, zentroaren eguneroko funtzionamendu biltzen duena eta aldizka Akelarretan edo aste komunitarioetan amaitzen dena. Eraikinaren egunerokoa Tabakalerako beste maizter batzuekin partekatzeak ere indartzen du konpromiso kolektibo eta sozial hori.
EQZEko komunitatea eratzen duten pertsonek aukera berdintasunez eta errespetuzko tratu duinez gozatzeko eskubidea dute. Pertsona guztioi dagokigu komunitate horren garapen eraginkorra, eskolan betetzen dugun rola albo batera utzita
Konpromiso pertsonaleko espazio bat
EQZEren misioak eta finantzaketak izaera publikoa dute. Hortik eratortzen da, hain zuzen, komunitate hau osatzen dugun pertsona guztiok gure gain hartzen dugun erantzukizun soziala eta politikoa. Konpromiso hori ez da ideal abstraktu bat; haatik, eskolaren eguneroko jardueran zehazten da.
Eskola da gure lantokia, zinemaren «faktoria»: ideiak trukatzeko lekua, besteekin elkartu eta proiektua egunez egun eraikitzeko lekua. Lanean oinarritutako filosofia horretan, asistentzia (ikasgelan, tailerrean, laborategian, ikasketan) nahitaezkoa eta beharrezkoa da, ikaskideei eta, oro har, gizarteari zor diogun errespetuari lotuta egoteaz gainera.