Artxiboa graduondokoak aurrez aurre jartzen ditu ikasleak zinemak ondare material eta immaterial gisa sortzen dituen dilemen aurrean (teorikoak, teknikoak, etikoak)
Euskarri fotokimiko, magnetiko eta digitaletan irudiak eta soinuak identifikatzearekin zerikusia duten alderdi guztiak lantzeaz gain, funtsak kudeatzeko eta bilduma berriak sortzeko tresnak lantzen ditu espezialitate honek.
Artxiboa graduondokoak ikus-entzunezko materialak berrikusteko, zaintzeko eta zaharberritzeko protokolo eta prozeduretarako sarbidea ematen du, bai tresna mekanikoen bidez, bai tresna digitalen bidez, eta, horri esker, egiazko praktika egin daiteke laborategian.
Gure garaiko irudien labirintoa
Artxiboa masterraren egiturak zinemara hurbiltzea planteatzen du, haren izaera materialaren eta genealogia teknologikoaren bidez. Lehenengo bi moduluak film irudien jatorri fotokimikoan barneratzen dira, eta, ondoren, hurrengo moduluetan, euskarri magnetikoen eta digitalen berezitasunak argitzen dira. Ibaiadar horietako bakoitzak berariazko ezagutzen emaria osatzen du: irudi eta soinu bakoitzak bere galderak planteatzen ditu identifikazioari, degradazioari, zaintzari eta katalogazioari buruz, baina baita gai estetiko eta deontologikoei buruz, filmen etorkizunari buruz, zinemaren historiaren zentzuari buruz eta artxibozainaren lanbideari berari buruz ere.
Ikastaroak proposatzen dituen edukiak sistematizatzeak eta lan metodologiak ikasteak ez dakar, ordea, irakasgaia erraz eta modu sinplifikatuan geureganatzea. Alderantziz baizik: masterrak “irudien memoria handira” hurbiltzera gonbidatzen du bidearen amaieran, pentsamendu konplexu eta paradoxikotik hartuta. Ezin bestela izan; oso ondo mugatutako bide bereziei jarraituta ere, azkenean gure garaiko irudien labirintora garamatza Artxiboko bidaiak. Jaso dugun altxorrik handiena, inolaz ere.

Euskadiko Filmategiaren lanekiko etengabeko harremanean egiten dira Artxibo ikasketak, eta, horri esker, FIAFek homologatutako zine artxibo bat benetan bizitzeko aukera dute ikasleek.
Clara Sán-Dehesa Galán da Artxibo arloko koordinatzailea, ikus-entzunezko materiala kontserbatzen eta zaharberritzen aditua, L. Jeffrey Selznick School of Film Presation (New York) eskolan ikasia.
Aberrazioen artea. Zinemaren estetika eta teoriaren kontzeptuak
Carlos Muguiro
Modulu: 2, 3
Irakasgai honek zinemaren forma espezifikoetan zentratzen den estetika lantzen du. Zinemagintzaren teoriako oinarrizko gaiei hastapen moduan heltzea da asmoa, haietan begirada ez diakronikoa jarriz eta loturak egiteko berariazko asmoz, bestelako arte edo gai filosofikoekin harremanak eta konexioak bilatuz. Irakasgaiaren helburua kontzeptu batzuk oinarritzat hartzea da, gerora haiek garatu, zaildu edo beste enborreko batzuekin kontraesanean jarriz. Irudizkoaren eta irudimenaren arteko desberdintasunak, errealismoaren eta errepresentazioaren nozioak, hizkuntza eta lengoaiaren arteko dikotomia, edo fenomenologiaren zein harreraren teorietatik egindako hurbilketen gisako gaiak aztertuko dira. Metodologiari dagokionez, zinemaren beraren eragiketa formaletatik, bere existentziaren mugetatik, atera nahi dira gai guztiak. Irakasgaiaren barruan, "aberrazioen arte" gisa identifikatuko dugu bilaketa hori. Adierazpen horri Jurgis Baltrusaitis teorikoak formen, haien deformazioen, maskaren eta munstroen legenda berezi eta espezifikoaz hitz egitean eman zion zentzuan erabiliko da.
(hiru) Artxibategien mapa
Sonia García López
Modulu: 1, 3
Ikasgai honetan, EQZEko ikasleek beren eginkizuna (sorkuntza, ikerketa edo zaintzakoa) berenganatzeko aukera proposatzen da oroimen zinematografiko eta ikusentzunezkoa esploratze modura, zinemaren hiru aldiak aintzat hartuta: iragana, memoriarekin lotuta dagoena; orainaldia, ekintzarekin lotuta dagoena; eta etorkizuna, proiekzioarekin lotuta dagoena. Sustrai filosofikoak dituen proposamen honek arazo historiko, kultural edo politiko garaikideei buruzko hausnarketa planteatzen du, profanazioaren kontzeptuak (Giorgio Agamben) eta sorkuntza egintzaren kontzeptuak (Gilles Deleuze) eskaintzen dituzten esparru kontzeptualetik begiratuta.
Zinema historikoki pentsatzea. Irudiak irekitzea, kontakizun bat idaztea.
Marina Vinyes Albes
Modulu: 4, 5
Irudiak irekitzeak horiei orainaldian hitz eginaraztea dakar, pazientziaz ikusi aditza jakin aditzarekin jokatuko duen zentzua eraikitzeko berezitasun konplexuari atxikiko zaion irakurketa ekintza egoki baten bidez. Irudi zinematografikoen dimentsio performatiboari buruzko gogoeta egingo dugu, iraganari buruzko kontakizun bat eraikitzearekin eta ulertzearekin lotuta, bai eta horren ondorio etikoei, estetikoei eta politikoei buruzkoa ere. Bigarren, zinemaren historia bat idaztean eta transmititzean parte hartzen duten instantzietako batzuk landuko ditugu: kanon politikak, programazioa, bai eta film artxiboen eta zinemateken funtsezko zeregina ere, zinema aintzatesteko ondare eta artelan gisa. Halaber, duela zenbait hamarkadatik, museoa beste pieza giltzarri bat bihurtu da esperimentatzeko eremu gisa irautea berma dadin, zinemaren eta museoaren arteko elkarrekiko mugimendu osagarri gisa, zeinetan lehenengoak ekoizpen eta erakusketa kanal tradizionalak ez diren beste modu bat aurkitu duen eta bigarrenak eten horren biez birpentsatzeko aukera ezagutu duen. Esperientzia zinematografiko garaikidearekin lotutako mugimendu hori gogoratuko dugu, eta azkenean, bere gailu teknologiko tradizionaletik bereizitako zinema baten modalitateei buruz galdetuko diogu geure buruari.
Amaitu gabeko zinema. Kultura zinematografikoaren irizpide politikoak
Pablo La Parra Pérez
Modulu: 4, 5
Ikasgai honek gogoeta historiko, metodologiko eta teoriko batzuk planteatzen ditu, kultura zinematografikoaren dimentsio politikoa aztertzeko. XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan garatu ziren praktika erradikalen multzo heterogeneo bat hartzen du aztergai, «zinema militantea» kontzeptuaren pean, zentzu zabalean ulertuta. Une horretan, kultura zinematografikoak bere erradikalizazio-aldi asaldatuenetako bat ezagutu zuen mundu osoan: “68 luzeko” borroken eta hainbat garapen tekniko garrantzitsuren beroan, mugimenduzko irudiak egiteko, pentsatzeko eta partekatzeko moduak eraldatu ziren.
Irakasgaiak proposatzen du zinema militantearen artxiboa kritikoki berrikustea eta galdetzea iraganeko irudi horiek nola jarraitzen duten oraina erreberberatzen, eta nola erlazionatzen garen haiekin ikerketaren, artxiboaren, komisariotzaren eta sorkuntzaren tresnen bidez. Irakasgaia ez da zinemaren historiaren kapitulu gisa planteatzen, baizik eta metodologia eta pentsamenduaren ariketa gisa, bere azterketa-kasua gainditzen duena teoriaren eta praktikaren, estetikaren eta politikaren, iraganaren eta orainaren arteko harremanetan sakontzeko.
Euskal zinemaren historia eta estetikak
Joxean Fernández
Modulu: 1
Ikasgai honetan, euskal zinema ezagutzen hasiko gara. Testinguru historikoarekin hasiko gara eta euskal zinemak sortu zenetik gaur arte izan duen ibilbidea aztertuko dugu, hau da, euskal zinemaren historiaren kronologia eta gaiak gainbegiratuko ditugu eta sorreratik gaur arte izan diren euskal zinemagile garrantzitsuenak aztertuko ditugu, gaur egun jardunean dauden euskal zinemagileen hiru belaunaldiei (edo gehiagori) bereziki erreparatuta.
Ikus-entzunezko ondarearen materialtasuna
Reto Kromer
Modulu: 1, 2
Nola grabatu eta erreproduzitu izan da soinua eta irudia? Mende eta erdian erabili izan diren hainbat ikuspegi aztertuko ditugu, eta ikuspegi horiek izan duten arrakastari eta porrotari buruz eztabaidatuko dugu. Prozesu originalak ulertzea da zaharberritze modernoen arrakastaren oinarria. Soinuaren eta mugimenduko irudiaren grabazioaren eta erreprodukzioaren historia teknikoa da hau. Soinua aztertzeko, garai akustikoa, elektrikoa, magnetikoa eta digitala hartuko ditugu kontuan; mugimenduko irudien kasuan, berriz, argazkigintzaren garaia, garai magnetikoa eta digitala. Gaur egungo artxibo baliabideak (irratia, zinema, telebista eta bideoa) ez ezik, ordenagailuak, bideo-jokoak eta… espazioaren esplorazioa ere aztertuko ditugu.
Bitartekoen arkeologia
Clara Sánchez-Dehesa
Modulu: 1
Aldi bakoitzeko teknologiak dokumentu mota jakin bat sortzen du. Funtsezkoa da zinemaren eta mugimenduzko irudiaren bilakaera ulertzeko, bai eta edukiak behar bezala irakurtzeko, sortu diren ingurune teknologikoa ezagutzea. Helburu nagusia ikus-entzunezko lan bat sortzen den une historikoa ezagutzearen garrantzia nabarmentzea da, baita inguruneak lanari nola eragiten dion ere, eta ikasleei informazio hori lortzeko tresnak ematea.
Irudi fotokimikoa. Zuri-beltzean eta kolorean errebelatzen
Niko Iturralde
Modulu: 1, 2
Ikasgai hau praktikoa da nagusiki, eta aukera emango digu laborategian eskuz errebelatzeko erabiltzen diren prozedurak ezagutzeko, bai zuri-beltzeko pelikuletan, bai koloreetan ere. Eskolan filmatutako materiala erabiliz, errebelatze-prozesu bakoitzaren berezitasunak ezagutuko ditugu, kimikak filmaren egituraren gainean nola eragiten duen eta pelikula behar bezala zaintzeko funtsezko alderdiak ere bai.
Ikus-entzunezko materiala degradatzeko prozesuak
Oskar González Mendia
Modulu: 2
Saio honetan ikus-entzunezko euskarriak ikuspegi fisiko-kimikotik ikasiko dira. Horrela, euskarri horien propietateak ulertzeko funtsezkoak diren materialak aurkeztuko dira, hala nola, polimeroak, metalak, tinduak edo emultsioak. Era berean, degradazio-prozesuekin lotutako erreakzio kimikoak landuko dira, eta ingurumen-faktoreek narriadura horri nola eragin diezaioketen ikusiko da.
Material filmikoen identifikazio teknikoa
Carolina Cappa
Modulu: 2
Teknologia zinematografikoaren historiari eta artxibo baten barruko dokumentu filmikoen identifikazioarekin duen loturari buruzko azterketa. Elementuen ezaugarri teknikoak. Materialaren ikuskapen fisikoa eta azterketa kritikoa. Elementu eta obra bakoitzeko katalogazio-mailak. Bildumak ikuskatzeko, inbentariatzeko eta ebaluatzeko metodologiak.
Pelikula fotokimikoaren digitalizazioa
José Luis Sanz
Modulu: 2, 3, 5
Material fotokimikoaren digitalizazioa, gaur egun, nazioarteko artxibo eta filmoteka askotan egiten da. Edozein artxibo modernotan digitalizazioa erabiltzen da, nahitaez, materialak zaintzeko, hedatzeko eta ikertzeko. Ikasleek materialen digitalizazioaren oinarriak bereganatuko dituzte, baita kasu bakoitzean jarraitu beharreko estrategiak ere, eta praktikan jarriko dituzte eskolako Artxibo-ibilbidearen barruan.
Zaintza zinematografikoa eta alternatibak
Carolina Cappa
Modulu: 3
Obren zaharberritzerako egin diren ikerketarako dokumentu filmikoak aztertuko ditugu, hots, azterketa teknikoa, kritikoa eta historikoa egingo dugu. Obra eta elementuaren arteko lotura landuko dugu: hutsuneak, historikotasuna eta kalteak. Zaharberritzeko arazoak: metodoak, teknika eta etika. Zaharberritze digitalerako irizpideei buruzko sarrera laburra. Estandarrak eta zaintza alternatiboa.
Digital processing of images I: Diamant
Lorena Bordigoni
Modulu: 3
Filmak zaharberritzeko DIAMANT softwarea filmak zaharberritu, garbitu eta konpontzeko tresna profesionala da. Tailer honen helburua ikasleak DIAMANT softwarearekin, bere tresnekin, aukerekin, mugekin eta arriskuekin ohitu ahal izatea da, material zehatzen gaineko praktikaren bidez.
Tratamendu digitalak irudietan II: Da Vinci
Bárbara Mateos
Modulu: 4
Ikastaro honen helburua da filmak zaharberritzea helburutzat duten tresnak ulertu eta ezagutzea DaVinci Resolve 18 softwarearen bitartez, eta, aldi berean, egiazko adibideak erabiliz, material zinematografikoa zaharberritzeko tekniken aplikazioa ulertzea, baita zalantza teknikoak argitzea ere.
Ikasgaian, ikasleek proposatutako ariketen kolorea garatuko dute, modu autonomoan lan egiteko gaitasunak lortzeko. Proiektu bat koloreztatzeko fase guztiak ikusiko dituzte: konformatua, primarioak, bigarren mailakoak, masterizazioa, etab. Ikasle bakoitzaren lanaren jarraipen pertsonalizatua egingo da klasean zehar, zalantzak argituz, ulertu arte. Helburua ikasle bakoitzak zaharberritze-materialari aurre egiten jakitea da, ahalik eta informazio gehien berreskuratu ahal izateko.
Bideo bildumen identifikazio eta kudeaketa.
Gema Grueso
Modulu: 4
Bideo-formatuen historiari buruzko ikerketa, haien ezaugarri teknikoei eta erabilerari buruzkoa, baita bilduma mota hori kudeatzeko arrisku-faktoreei, printzipioei eta zereginei buruzkoa ere. Funtsean formatu analogiko eta digitaletan oinarritzen da, zinta magnetikoetan jasotakoetan, formatu profesionalak, ekoizpen independenteak zein bideo domestikoa. Bildumen kudeaketen gaiak barruan hartuko ditu identifikazioa, ikuskaritza eta inbentarioen sorkuntza, bildumak kontserbatzeko eta manipulatzeko estandarrak, eta kontserbazio eta babes planen diseinua.
Bideoak digitalizatzea
Pamela Vizner
Modulu: 4
Material magnetikoak arriskuan daude. Hurrengo hamarkadaren amaierarako, formatu horietan gordetako eduki asko eta asko galdu egingo dugu. Balio handiko edukiak denboran iraungo dutela ziurtatzeko eskura dugun tresna bakarra digitalizazioa da. Ikastaro honen ardatza bideo magnetikoko materialak ebaluatzea eta digitalizatzea da. Material horien deskribapen fisiko eta kimikoa aztertuko dugu nola hondatzen diren ulertzeko, hondatze prozesua leuntzeko eta tratamendu egokia emateko, eta digitalizazioaren prozesu teknikoei bereziki erreparatuko diegu. Ikasturte honetan, ikasleek bitarteko magnetikoen hondatzea nola ebaluatu behar den ikasiko dute, horien digitalizazioa nola planifikatzen den eta behar bezala babesteko berariazko premiak zeintzuk diren ulertuko dute. Ikasturtearen amaieran, laborategiko rack-a erabilita bideo magnetikoko materialak nola digitalizatzen diren jakingo dute.
Zinemaren gorputz digitala. Artxibo digitalak identifikatzea eta zaintzea
Peter Bubestinger
Modulu: 5
Dokumentu digitalen ulermen orokorra: kanpotik (artxiboen sistema maila) barrura (formatuak, codec-ak, kodifikazioa...). Ikus-entzunezko erabilerako kasuetan jarriko da arreta. Ikasleek ikasiko dute nola bilatu, ulertu eta manipulatu multimedia artxiboen ezaugarri teknikoak eta horiek nola aplikatu kalitatezko afinazio baterako eta epe luzean kontserbatzeko. Halaber, multimedia artxiboen kalitate kontrolaren hastapenak ere eskainiko dira, eta ikasleak gaitu beharko lituzke bitarteko digitalen edozein motatako aplikazioak hartzeko eta esportatzeko aukerak maneiatzeko. Horrez gain, zaintza digitalaren estrategia ezartzeko behar diren dokumentu digitalak eta azpiegiturak aztertuko dira. Ikasleek gaur egun garatzen ari diren teoriak eta praktikak ezagutuko dituzte, bai eta hainbat erakundetan aplikatzen diren irizpide eta kontserbazio politikak ere.
Ikus-entzunezko artxiboen dokumentazioa eta katalogazioa
Santiago Aguilar
Modulu: 1
Irakasgai honek ikus-entzunezko lanen katalogazioa lantzen du, ikuspuntu teoriko-praktiko batetik. XIX. mendearen amaiera aldera zinemagintza asmatu zenetik, joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran bideoa agertu zen arte, ikus-entzunezko ekoizpen osoa euskarri fotokimikoaren gainean egiten zen. Formatu horretan bertan garatu zen ekoizpen horren banaketa eta kontserbazioa. Teknologia digitalek aukera berriak eskaintzen dituzte materialak sortzeko, gordetzeko eta berriz eskuratzeko, baina aldaketa teknologikoen ondorioz, materialak suntsitu egiten dira beti, edo material horiek erreproduzitu eta kontserbatzeko gailuak zaharkituta gelditzen direnean, material horiek ezin dira gehiago erabili. Ikuspuntu horretatik, estandar berriak definitzean erronkak sortzen dira kontserbazioaren aldetik, eta aldi berean, dokumentazio- eta katalogazio-prozesuak erraztu egiten dira. Ikasgai honen alderdi praktikoan, obrak eta horien estandar eta estandar azpiko bertsioak identifikatu eta sailkatu beharko dira.
Ikus-entzunezko bildumak kudeatzea
Silvia Casagrande
Modulu: 5
Edozein material mota inguratzen duten giroko baldintzak funtsezkoak dira material hori epe luzera kontserbatzeko. Ikus-entzunezko agiriek askotariko materialak erabiltzen dituzte euskarri gisa. Material bakoitzaren beharrak ezagutzea eta biltegiratze baldintzak kudeatzea ezinbestekoa da bildumen bizitza luzatzeko. Ikasgaian hizpide izango dira ikus-entzunezko materialaren kudeaketaren estandarrak eta eztabaidak, eta hainbat kasu-azterketa analizatuko dira, kontuan hartuko dutenak artxibo mota horren heterogeneotasuna, testuinguruari eta aurrekontuari dagokienez, bilduma pribatuak, domestikoak eta erakunde historikoenak konparatuta. Ikasgaiaren helburua da gako batzuk ematea ikaslea moldatu ahal izateko artxibo-munduaren errealitate ezberdinetara, eta lortu ahal izateko ikus-entzunezko bildumak kontserbatzeko plan estrategiko bat planteatzeko eta abian jartzeko ahalmena.
Soinuaren historia bere zaharberritzerako
Franco Bosco
Modulu: 5
Eskoletan, artxibo zinematografiko batean soinu elementuak kontserbatzeko eta zaharberritzeko oinarrizko kontzeptuak aurkeztuko dira, eta filmen bildumetan aplikatutako jardunbide onak eta estrategia komunak aurkeztuko dira.
Zaharberritze mintegiak
Luciano Berriatúa
Alfonso del Amo
Modulu: 1, 3, 5
Ikus-entzunezko ondarearen zaharberritzea ez da bestelako ondare batzuena bezalakoa, eta oso lan zehatza egin behar da zaharberritu beharreko obraren arabera. Ikasturtean zehar hainbat mintegi egongo da, espezifikotasun hori landuko duena, azterketa-kasu zehatzetatik abiatuta. Halaber, proiektu horietan erabakiak hartzerako orduan aintzat hartu beharko diren arazo etiko eta teknikoak eta baliabideak aztertuko dituzte. Mintegietan, gainera, hainbat erakunde eta profesionalek gauzatutako zaharberritze-proiektuen adibideak erakutsiko dituzte.
Jatorrizko emultsioen artea
Esther Urlus
Modulu: 5
Emultsio fotokimiko artisauen produkzioa ezagutzen hasteko proposamena egiten da tailerrean. Arkeologia filmikoa da tailerraren abiapuntu, baina sorkuntzarekin lotutako alderdi garaikide ugari agerian uzten ditu. Materialtasunaren historian interesa dutenentzako tailerra da, baina zinema ideiak, irudiak eta soinu banda biltegiratzeko bitartekotzat ez ezik, pentsamendu, irudi eta soinu horiek sortzen eta modu aktiboan desitxuratzen dituen materialtzat ere hartzen duten zinemagileei ere zuzentzen zaie.
EQZELab. Film-laborategi profesionala
Yolanda Cáceres
Modulu: 5
Film fotokimikoaren prozesamenduarekin lotutako ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko prozesuaren azken etapa. Batetik, laborategi profesional bateko tekniketan eta lan-fluxuetan murgiltzea bilatzen du irakasgaiak, errebelatzeko (kolorea eta 16 mm-ko zuri-beltza), kolorea zuzentzeko eta kopiatzeko teknologia espezifikoaren maneiu praktikoan oinarrituta. Trebetasun praktiko horiek eskuratzeak kultura eta industria zinematografikoaren belaunaldiarteko ezagutzari eustea dakar, bestela ahaztu egingo bailitzateke. Bestetik, ikastaroan parte hartzen duten ikasleek Eskolan egindako film-materialak prozesatu ahal izango dituzte, EQZELaben zerbitzua aktibo mantenduz.
Laborategi esperimentala
Luis Macías
Modulu: 5
Filmak errebelatzeko teknikatik haratago, hurrengo pausua errebelatuak eta beste prozesu fotokimiko batzuek irudiak sortzerakoan eskaintzen dituzten aukerak aztertzea da, ikuspegi garaikide batetik. Tailer honen helburua da irudi gertagaitzak sortzea, eta horretarako, prozesu fotokimiko ez-konbentzionalak sortzeko, manipulatzeko, aldatzeko eta konbinatzeko hainbat teknika aztertzea: errebelatu gurutzatuak, alternatiboak, naturalak, esposizio anitzak, izpigramak, flat print, emultsio-alterazio eta -manipulazioak, Lift off, mordançage, zuri-beltzeko eta koloretako solarizazioa eta beste hainbat.
(Ikus-entzunezko) Unibertsoen eraikuntza
Takashi Makino
Modulu: 5
Ikasgai honetan, modu espezifikoan lantzen dira soinu-unibertsoen diseinuaren eta eraikuntzaren etapa guztiak: ideiagintza, lan-jarraibideak, irudiarekiko harremanak, soinutik sortutako proiektuen eraketa, nahasketa, etab. Irudien eta soinuaren zentzumen anitzeko indarra. Irudi eta soinuen zentzumen-estimulazio sinestesikoa eta haien indar paradoxikoaren artikulazioa zinemagintzan.
On/Off performancea
Itziar Okariz
Modulu: 5
Irakasgaia hizkuntzari, performanceari eta ekintzari buruzko gogoeta gisa proposatzen da, espezifikotasunean eta zehazten duten mugekin lotuta. Arreta berezia jarriko zaie alderdi hauei: jardun artistikoaren ezagutza arloen arteko topaguneak, erregistroaren esplorazioa eta performancea, ekintza, erregistro performatiboaren ezaugarri zantzu emailea, eta beste hizkuntza batzuetan eraldatzea, hala nola marrazkia, testua, dokumentua, bideoa… . Horri guztiari esker, gorputzaren kontzientzia hartzeko aukera ematen duen paisaia definituko da, zeinu, hizkuntzaren balio posizional eta dimentsio performatibo gisa. Gorputz zeinuen, soinuen eta hitzen haragitzea eta horien ahalmen eraldatzaile eta politikoa.
Complex media bildumen zaintza
Mona Jiménez
Modulu: 5
Ikastaro honi esker, ikasleak bitarteko berriak eta artelan digitalak kontserbatzeko/zaintzeko alderdi nagusietan eta estrategia sortu berrietan murgilduko dira. Artelan horiek bideo edo filmen banakako proiekzioetatik harago doaz; artista garaikideek formatu eta ikus-entzunezko teknologia ugari erabiltzen dituzte instalazio konplexuak sortzeko. Eta aztergai ziragarriak dira. Hona hemen hainbat adibide: artelan zaharrenak, telebista eta antzeko objektu zaharrak erabiltzen dituztenak (izpi katodikoen hodiak), obra sinkronizatu multikanalak, joku motorrak edo kode pertsonalizatuak baliatzen dituzten obrak edo Internetetik datuak eskuratzen dituzten obrak. Artelan konplexuek elkarren artean lotutako zati asko izan ohi dituzte, eta zati horiek deszifratu eta dokumentatu egin behar dira, etorkizunean obrak artistaren ikuspegiarekiko leial funtzionatzen duela ziurtatzeko. Ikasleek artelanak aztertzen eta balizko arriskuak identifikatzen ikasiko dute, tokiko kultur erakunde baten bildumako obrak aztertuz. Erakusketen historiak aztertuko dituzte, artxibo instituzionalak kontsultatuko dituzte, artelanen benetako osagaiak aztertuko dituzte eta museoko langileekin eztabaidatuko dute artelanei buruz. Prozesu horretan, asko ikasiko dute museo eta artxiboetako artelanen zaintzari eta kontserbazioari buruz.
Mise en scène eta harago
Adrian Martin
Modulu: 4
Duela hirurogeita hamar urte, zinegileak eta kritikariak frantsesezko mise en scène terminoa erabiltzen hasi ziren, zuzentze-prozesu esateko laburtzapen modura. Terminoak baliagarria izaten jarraitzen du gaur egun, baina soilik haren definizioa zabaltzen badugu bere jatorri klasiko, teatral eta piktorikotik askoz ere haratago, eta kontuan hartzen baditugu ikus-entzunezkoen historian dauden dimentsio aldakor ugariak, besteak beste, postprodukzio prozesuak, soinuarenak eta digitalak. Ikasgai honetan ez da film osoen azterketa egiten, ez eta zinemagintzako gai eta esanahien interpretazio estandarrik ere. Aitzitik, ikasgai honek filmen zati kontzentratuak eta beste pieza mediatiko berri batzuk arretaz aztertzen ditu, ahalik eta ondoen ulertzeko obra horien egileek nola ikusten zituzten obran dauden ikuspegia, logika, egitura, eta elementuen arteko antolaketa (lan batetik bestera beti aldatzen baitira). Nola ulertzen da ikus-entzunezko lan baten estiloa eta forma (zineman, telebistan edo arte digitalean) barrutik begiratuta?
Soinuaren behatokia
Xabier Erkizia
Modulu: 1, 2
Behatokia zeharkakoa izaten da ikasturteko lehenego hiruhilabetean eta soinuarekin lotutako prestakuntzako, praktikarako eta ikerketarako gunea izaten da. Gai finkoak izateaz gain, taldekideen premietara eta unean uneko premietara egokitzen da; horregatik, praktikarekin eta egiten ari diren proiektuekin lotuta egoten da.
Abiapuntuak
Michel Gaztambide
Modulu: 1, 3, 4
Lehen lau moduluetan ematen den irakasgai honen helburua ikasleak beren filmaren izaerarekin eta abordatze-metodologiarekin aurrez aurre jartzea da. Nondik dator zure filma? Zertaz ari da? Zer emozio eragin nahi du? Irudietan konta daiteke? Nola nahi du egileak ikuslea sentiaraztea obra ikustean? Gai horietatik eta beste batzuetatik abiatuta, pelikula bat egiteko gogoeta- eta garapen-prozesuei ekin nahi zaie. Ikastaroak, funtsean, hiru lan-ildo ditu: filmaren abiapuntu edo jatorriarekin lan egitea, sormen-bidaiaren muina gisa; bidaia hori zabaltzea, filmari konplexutasuna eta sakontasuna eransteko gai diren estimulu zehatzetatik abiatuta; eta proiektua idazketatik lantzea.
Internet artxibo gisa
Rick Prelinger
Modulu: 4
Internet gizateriaren ezagutza, praktika eta materialen edukiontzi handia da. Itxuraz eskuragarria eta gardena, bilaketa sare sofistikatu eta aurrezehaztuen bidez bideratua, Internet historiako artxiborik handiena bezala agertzen da (baita zinemarena ere), itxuraz beste artxibo batzuen antzeko ezaugarriekin, baina baliabide guztiz berritzaileekin. Bere berezitasunetik abiatuta, ikasgaia artxibo-ikuspegitik hurbiltzen da Internetera, baina ikuspegi kritiko, sortzaile eta kuratorial batetatik. Ildo horretan, "Internet artxibo gisa" ikasgaiak artxiboaren hurbilketa dinamikoa eta ez-estatikoa proposatzen du, komisariotza eta sorkuntzako praktiken mugak lausotuz.
Kontaktuak: zinema, bideoa eta artea euskal testuinguruan
Peio Aguirre
Modulu: 4
Irakasgai honek artistaren ikus-entzunezkoa du ardatz Euskal Herriko testuinguruan. Ikusentzunezko eta praktika artistikoen arteko harreman eta joan-etorriak hartzen ditu abiapuntutzat, batez ere artearen sisteman gertatzen direnak: museoak, arte-zentroak eta galeriak, edo zinemaren beraren aldirikoak.Ikus-entzunezko sorkuntzaren tokiko panorama aztertzen du irakasgaiak aztergai, gonbidatu, proiekzio eta irteeren bitartez.
Beste zinema kamera
Asier Armental
Modulu: 3, 4
Zinematografoaren hastapenetan, irudiak erregistratzen zituen kamerak irudi horiek proiektatzeko ere balio zuen. Une bat harrapatzeko biradera aktibatzen zuen operadorea bera arduratzen zen arrasteko engranajeari bira eginarazteaz, filma errebelatu ondoren irudi horiek berak pantaila batean partekatzeko. Zein unetan bereizi ziren bi eginkizun (eta bi kamera) horiek eta, batez ere, zer ondorio izan zituen horrek? Zergatik ikusten dugu proiekziogilearen lanbidea, gaur egun eta ia-ia filmaren arrastea mekanizatu zenetik eta banaketa zirkuituak sortu zirenetik, kamera operadorearen lanbidearekiko hain arrotz eta hain urruneko? Cinématèque Française erakundearen sortzaile Henri Langlois-ek zioen bere zinema kamera proiektatzeko kamera zela; baieztapen horrek proiekzioaren artea aldarrikatzearen garrantzia nabarmentzen du.
Kode irekiko tresna digitalak ikus-entzunezko artxiboetarako
Reto Kromer
Modulu: 5
Eskolaren hasieran artxibo formatuei buruzko sarrera bat egingo dugu. Oinarri horren gainean, ikasleek software librea eta kode irekiko softwarea modu praktikoan aztertuko dituzte, hala nola FFmpeg (artxiboen konbertsioa), QCTools (kalitate kontrola), AEO-Light (soinu optikoen pistak ateratzeko) eta DCP-o-matic (DCPak egiteko), baita multimedia irakurgailuak ere. Filmak eta bideoak digitalizatzeko azpiegiturari eta lan prozesuei dagokienez, hainbat baliabide aurkeztu eta horiei buruz eztabaidatuko dugu, eta aurrekontu txikiko ingurune zailetan ezartzeko moduko aukerei bereziki erreparatuko diegu. Eskola bukatzeko, datuak gordetzeari eta datuen migrazioari buruzko deskribapena egingo dugu, eta hondamendien plangintza eta berreskuratzea ere aztertuko ditugu.
Landa-soinua, muntaketa eta nahasketa. Erregistratzea, lantzea eta transmititzea
Xanti Salvador
Modulu: 1, 2
Tailerrari hasiera emateko, soinu-erregistrorako ekipoak aztertuko dira, batez ere eskolako materiala baliatuz. Horretarako, alderdi tekniko eta praktikoak landuko ditugu. Bigarren blokean, lan-fluxuaren koordinazioa landuko dugu: audioa eman eta jaso, muntaia hasi eta nahasketa entregatu. Oro har, sorkuntza-espazioa hobetzeko eta zabaltzeko zein tresna dauden ezagutzea da helburua.