Komisariotza graduondokoak zinema komisariotzaren espezifikotasuna definitu nahi du, etorkizun handikoa, baina epistemologia propioa identifikatu eta garatzeke dago oraindik
Espezialitate honek aukera ematen du uholde teoriko osoa eskuratzeko, arte plastikoetatik heredatua neurri batean, baita tradizioak eta programazio eskolak ere. Korronte horiek aztertu eta kritikoki berrikusteaz gain, zinea banatzeko eta eskura izateko baldintzak eta formulak birpentsatzera behartzen du ikastaroak, inflexio-une berri (eta zalantzazko) batean zinea eskaintzeko eredu tradizionalerako; izan ere, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira streaming plataformak eta pixkanaka desagertzen ari dira zinema aretoak.
Parte hartzaile bakoitzaren irizpide eta begirada bereziak lantzeaz gain, ikastaroak proiektu zinematografikoak garatzeko tresnak ematen ditu, ideia fasetik hasi eta gauzatze faseraino. Gainera, komisarioaren ikerketa, kritika, saiakera lana eta lan akademikoa sustatzen du espezialitateak. Gure ustez, ez dago komisariotza lanik ikerketa lanik gabe, mundu akademikoan egin daitekeena bezain zorrotza eta sakona, baina kasu honetan proiektu publiko batean gauzatzen dena (erakusketa bat, katalogo bat, programa bat, jaialdi bat…), ez testu zientifiko batean.
Pantailen geografia
Lurralde bat asmatzea, bertatik igarotzen garen bitartean. Mugarik eta eremu frankorik gabeko herrialde batean zehar bidaia egitea da Komisariotza masterra. Nolakoa izan behar du oraindik (ia) existitzen ez den lanbide baten prestakuntzak? Masterra da horren erantzun bat. Gogoeta eta kontzeptualizazio aldi bizia proposatzen du lehenengo: kontua da filosofikoki eta estetikoki armatzea, funtsezko galderak identifikatzea eta hizkuntzaren zehaztasunean trebatzea.
Lehenengo aldian, hauxe da, lehenengo bi moduluetan, bat egiten dute zinema programazioaren intuizioek eta komisariotza pentsamendu artistikoaren tradizio landuenak. Bi polo horiek elkartzetik sortzen den argi arkuak argitzen ditu hurrengo urratsak, trebetasun eta abilezia praktikoak lortzea ardatz hartuta, zinema komisarioak edo komisariotzak eskuekin egiten baititu pentsamendua eta historia; hau da, orainari forma emateko praktikan. Bigarren etapa horretan, masterrak arreta handia jartzen du idazketan (hitzekin zein irudiekin) eta programazio ariketa praktikoan, ideia ariketa gisa ulertuta, baina baita aurrekontua, kudeaketa eta komunikazioa gauzatzeari begira ere. Irakaskuntza aldiaren azken etapa urrats bat harago doa lanbidea formalizatzeko ariketa honetan, eta proposatzen du komisariotzara hurbiltzea zine ekoizpenaren benetako eragile gisa. Hau da, komisariotza kultura errealitate berrien (ikerketa, ekoizpena eta pedagogia) sortzaile gisa.
Hasierako errekuntza teoriko horretatik abiatuta, argi kono bat da masterra, eta bere irudiak eta soinuak, sortzen diren ideiak eta paradoxak, zehazten ditu orainaren gainazaletan. Pantailen geografiara bidaia.

Ikastaro honen ezaugarri nagusietako bat da etengabeko harreman profesionala eta irakaskuntza harremana izaten dela sortu duten erakundeekin. Ikasleek komisariotza proiektu oso desberdinetan lan egin dezakete, hala nola Tabakalerak edo Donostiako Zinemaldiak proposatutakoetan.
Ricardo Matos Cabo da Komisariotza arloko koordinatzailea.
Aberrazioen artea. Zinemaren estetika eta teoriaren kontzeptuak
Joxean Fernández
Carlos Muguiro
Modulu: 1, 4
Zinemaren estetikari eta historiari buruzko hastapen ikasgaia da hau, orainaren bidegurutzetik planteatua; historiaren kontzeptua bera kontakizun totalizatzaile gisa krisian egoteaz harago, benetako susmoa zabaldu da denbora diakronikoaren antolamenduari eta aurrerapenaren ideiari buruz. Zentzu espezifikoan, zinemaren historia gure garaitik kontatzeko aukerari buruz galdetzen du ikasgaiak. Eta hori egin ahal izateko nahiarekin egiten du, hau da, zinemaren historia osatzen duten historiak pluralean kontatzeko asmoarekin. Zentzu orokorragoan, denborari buruzko ikasgaia ere bada hau, besterik gabe. XXI. mendearen lehenengo bi hamarkadetan zehar, historiografia errebisionistaren hainbat korrontetatik zalantzan jarri dira tradizioz ehun urteko zinema egituratzeko balio izan duten kategoriak, dikotomia estilistikoetan (klasizismoa vs modernitatea) edo parametro teleologikoetan oinarrituak, sarritan zinematografikotik harago doazenak: azterketa kulturalak, teoria afektiboak, bitartekoen arkeologia, harreraren analisia, materialismo kulturala, ekokritika edo genero azterketak eta azterketa postkolonialak dira hurbilketa kritiko horietako batzuk. Historialariek bira terminoa txertatu dute beren lexikoan (bira afektiboa, artxiboaren bira, bira materialista), eta grafikoki agerian utzi dute zinemari aplikatu ohi zaion xede lineal eta eboluzionista birbideratzeko beharra.
Hala ere, erresistentzia-leku lokalizatuetatik, mikrohistorian eta mendeko historietan zentratutako kolektibo eta gutxiengoetatik, narratiba alternatiboetatik eta behetik, nagusitasun akademikoaren eta unibertsitate nahikotasunaren aurkako jarrera kritikoak sortu dira aldi berean. Nola heldu, bada, zinemaren historiaren kontakizunari herentziaren arbuio automatikoan, zinismo negazionistan, begirada exogeno eta zientifistan, jakin-min falta hutsean erori gabe? Zine eskola batean, zinemaren historiaren kontakizunak zein modutan izan behar du geure memoriaren kontakizuna ere? Arbuiatzen dugun historia horren parte al gara? Alderdi horretatik, zinemaren denborari buruzko ikasgai hau zineman dugun gure denborari buruzko ikasgaia ere bada.
Historiak teorikoki ez ezik ikuspuntu aplikatutik ere izan dezakeen aukerari heltzeko asmoz, ikasgai honek elkarrizketarako metodologia proposatzen du, saioetan zehar ahots dibergenteak baina osagarriak txertatuz. Historia paradoxiko eta askotarikoa eraiki nahi da, irekia eta errizomatikoa, batere ez lineala, karnabaleskoa eta metamorfikoa. Horren harira, Nicole Brenezek markatutako ildoari jarraituko diogu, honako hau ohartarazten baitu: "zinema etengabe ari da urratzen, bere hausturak sakontzen, etenaren eta bere bikoitzaren ahalak aldarazten, zentsura lantzen eta defekzioa lantzen uzten".
Zinefabrika: komisariotza proiektuak garatzea
Modulu: 5
ZineFabrikak hurbilketa teorikoa eta praktikoa egiten du komisariotza zinematografikoaren lanbidera, ikuspegi berezia eskainiz komisarioen eta ekosistema kulturala eta zinematografikoa osatzen duten egitura eta erakundeen arteko harremanari. Ikasgaiak saio praktikoak izango ditu. Saio horietan, ikasleek testuinguru instituzionaletan izandako esperientziak partekatuko dituzte, eta kolektiboki lan egingo dute zenbait erakunderekin harreman-estrategiak zehazteko, hala nola erakunde publiko eta pribatuekin, jaialdiekin, filmotekekin, fundazioekin, artxiboekin eta kultura-zirkuituko funtsezko beste eragile batzuekin. Izan daitezkeen ibilbide profesionalak aztertuko dira, bai eta komisario independente gisa edo ezarritako egitura baten barruan jardutearen arteko aldeak ere.
Banakako proiektuei laguntzeko gunea ere izango da ZineFabrika. Sektoreko profesionalak gonbidatuko dira komisariotzaren alderdi zehatzei buruz tailer puntualak ematera, ikasleek zuzeneko orientazioa jaso dezaten beren ideia, metodologia edo interes kuratorialei buruz. Dimentsio honen helburua da hausnarketaren eta praktikaren arteko lotura sendotzea, eta ikasleei laguntzea beren proiektuak arloko profesionalekin hitz eginez gara ditzaten.
Komisariotza zinematografikoaren dinamiketan sakondu eta zinemaren emanaldia eta zabalkundea sostengatzen duten egituretan nola ibili eta nola lagundu hobeto ulertu nahi dutenentzat diseinatua da programa hau.
Ikus-entzunezko bildumak kudeatzea
Silvia Casagrande
Modulu: 5
Fitxategiak identitate-ezaugarriengatik dira ezberdinak, eta daukaten testuinguruagatik, zeinak bildumen kudeaketan ezinbesteko eragina baitu. Ikasgai honetan gaur egungo ikus-entzunezko fitxategiek dauzkaten aldagaiak aztertuko dira, baita aplikatzen diren metodologiak ere. Material-estandarrei eta haren kudeaketaren inguruko eztabaidei buruz hitz egingo da: materiala nola mantendu eta manipulatu behar den, erakusteko eskubideak nola kudeatu eta pelikulak nola eskuratu erakunde bakoitzaren berezitasunak eta aukerak aintzat hartuta. Ikastaroaren helburua da ikasleek zenbait kontzeptu garrantzitsu jasotzea, artxiboen munduko hainbat egoeratara egokitu ahal izateko eta bilduma baten kudeaketa-plan estrategiko bat antolatu eta aktibatu ahal izateko. Ikasgai hau komuna da Artxibo eta Komisariotzako espezialitateentzako.
El buen amor. Idazketa eta zinea
Lucía Salas
Modulu: 2, 3, 4
El buen amor zinemari buruzko idazketaren inguruko ikasgai teoriko eta praktikoa da. Hiru bloketan banatua dago; lehenengoak idazketa kritikoari, irudien eta soinuen deskribapenari, kontzeptuen definizioari eta oinarrizko tresna bibliografikoen erabilerari buruzko nozio batzuk emango dizkie ikasleei; bigarren blokea saiakerari, kronikari eta elkarrizketari buruzkoa izango da. Hirugarren blokea, berriz, komisariotza proiektuetatik eta proiektu kritikoetatik etorritako lan-materialei buruzkoa izango da, bai eta zinemari buruzko liburuak, katalogoak eta argitalpenak editatzeko lanari buruzkoa ere.
El buen amor ikasgaiak asko irakurtzea eta idaztea eskatzen du eta hartu-eman asko izatea ikasgela barruan eta eskolatik kanpo. Ikasgaiari ekin aurretik, irakaslea ikasleekin harremanetan jarriko da, lehen blokeko irakurketa- eta idazketa-lana hasteko, eta behar diren irakurketa-materialak emateko.
(Hiru) artxiboen mapa: artxiboa eta ikerketaren metodologiak
Sonia García López
Modulu: 2
Ikasgai honek aukera ematen du EQZEko Komisariotza eta Artxiboa graduondoko ikasleek beren rola (ikerketa eta komisariotza) beren gain hartzeko, film- eta ikus-entzunezko artxiboarekin lotutako praktiken esplorazio gisa, zinemaren hiru denborak kontuan hartuta, betiere inbrikatuak baitaude: iragana, memoriarekin lotzen dena; oraina, ekintzarekin lotzen dena; etorkizuna, proiekzioarekin lotzen dena. Proposamen honek sustrai filosofiko eta metodologikoa du, eta gaur egungo problematika historiko, kultural edo politikoei buruzko hausnarketa planteatzen du, profanazioa (Giorgio Agamben), sormen ekintza (Gilles Deleuze) eta irudiaren ontologia politikoa (Ariella Aïsha Azoulay) kontzeptuek eskaintzen duten esparru kontzeptualetik abiatuta. Artxiboaren erabilera "erritualak" behatu, hausnartu eta zalantzan jartzen saiatuko gara, praktika kritiko eta/edo ludikoetatik abiatuta erabilera horiek iraultzeko. Ikuspegi hori aintzat hartuta, ikasgaiko ikasleak gonbidatzen ditugu beren praktika eta ideietan arakatzera, erresistentzia gune izan daitezkeelakoan. Ikasgai hau komuna da Artxiboa eta Sorkuntza espezialitateentzako.
Komisariotza guneak
Manuel Asín
Ane Rodriguez Armendáriz
Modulu: 1, 5
Ikasgai honek zinemaren dimentsio espazialak, sozialak eta instituzionalak aztertzen ditu, eta aztertzen du, halaber, mugitzen diren irudiak nola moldatzen dituzten irudi horiek erakusten, zirkulatzen eta esperimentatzen diren inguruneek —eta irudiek ere modu aktiboan moldatzen dituzte inguruneak—. Zinema, arkitektura- edo antzerki-espazio gisa ez ezik, espazio sozial, politiko eta kuratorial gisa ere hartzen du, testuinguru historikoekiko eta publikoekiko sentikorra baita.
XX. mendearen hasieran zinema forma sozial gisa agertu zenetik abiatuta, ikasturte honetan zinemaren garapena erakutsiko da hainbat testuingururen bidez: zinema ibiltariekin eta proiekzio komunitarioekin hasi eta galerietako eta nazioarteko jaialdietako instalazioekin bukatuta. Ikasleak zinemaren historia, praktika eta geografia pluraletara hurbilduko dira, espazio formalak eta informalak, fisikoak eta digitalak, tokikoak eta nazioz gaindikoak hartuz.
Artxibo katalogazioa, dokumentazioa eta komisariotza
Santiago Aguilar
Modulu: 1
Ikasgai honek ikus-entzunezko lanen katalogazioa lantzen du, ikuspuntu teoriko-praktikotik begiratuta, bai eta harekin loturiko prozesu dokumentalak ere. Non aurkitu informazio fidagarria? Nola egin aurre eskubideen kudeaketari? Obra kontzeptu bateratuak zergatik galtzen du lekua bertsio eta adierazpen kontzeptuen aldean? XIX. mendearen amaiera aldera zinemagintza asmatu zenetik, joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran bideoa agertu zen arte, ikus-entzunezko ekoizpen osoa euskarri fotokimikoaren gainean egiten zen. Formatu horretan bertan garatu zen ekoizpen horren banaketa eta kontserbazioa. Aldaketa teknologikoen ondorioz, materialak suntsitu egiten dira beti, edo material horiek erreproduzitu eta kontserbatzeko gailuak zaharkituta gelditzen direnean, material horiek ezin dira gehiago erabili. Ikuspuntu horretatik begiratuta, estandar berriak definitzean erronkak sortzen dira kontserbazioaren aldetik, eta aldi berean, dokumentazio eta katalogazio prozesuak erraztu egiten dira. Ikasgai honen alderdi praktikoan, obrak eta haien estandar eta estandar azpiko bertsioak identifikatu eta sailkatu beharko dira. Ikasgai hau komuna da Artxiboa eta Sorkuntza espezialitateentzako.
Zine. Zinema banatu, ikusi eta erakusteko tresna teoriko-praktikoak
Asier Armental
Gonzalo De Pedro
Ricardo Matos Cabo
Olimpia Pont Cháfer
Arrate Velasco
Modulu: 1, 4
Ikasgai honek eskolako zinema-aretoa bera hartzen du ikerketa eta praktika akademikorako gai, emanaldiak zinema-aretoan egiteari buruz hausnarketa kolektiboa aktibatzeko. Alde batetik, banaketari, emanaldien merkatuari eta komunikazioari lotutako gaiak jorratzen ditu ikasgai honek, eta, bestetik, ariketa praktiko bat eskaintzen die ikasleei: eskolako zineklubaren buru izatea. Horrela, eta programazioari lotutako gaiei heltzeaz gain, komunikazioari, teknikari eta ekoizpenari lotutako alderdiak hartzen dituen egiazko ariketa proposatzen du ikasgai honek. Gainera, proiekzio analogikoaren eta digitalaren funtsezko alderdi teknikoetan sartzen ditu ikasleak, eta kontzeptuzko esplorazioarekin batera doan prestakuntza praktikoa eskaintzen du. Aretoa, horrela, esperimentaziorako laborategi bihurtzen da Komisariotza espezialitatearentzako.
Zinema komisariotzaren poetika eta politikak: zinema, praktikak eta ikuspegiak
Ricardo Matos Cabo
Modulu: 1, 4
Zinema komisariotzaren poetika eta politikak: zinema, praktikak eta ikuspegiak ikasgaiak zinema-komisariotza bilakaeran ari den praktika kritiko eta kokatu gisa aurkezten du, indar historiko, instituzional eta kulturalek itxuratua. Eredu finkoa aurkeztu ordez, ikasgaiak komisariotza ikerketa-, aukeraketa-, bitartekaritza- eta aurkezpen-metodo gisa aztertzera gonbidatzen ditu ikasleak. Zainketan, kritikan eta ikerketan errotutako praktika.
Mintegien, kasu-azterketen eta gonbidatuekin egindako saioen bitartez, ikasleek konpromisoa hartzen dute komisariotzarekin, esperientzia, esanahi eta gogoetarako espazio partekatuak sortzeko modutzat, non filmak emateaz gainera, berrirudikatu egiten diren. Intuizioa, elkarrizketa eta bizitako esperientzia nabarmenduz, ikastaroak aztertzen du programazioak nola desafia ditzakeen narratiba nagusiak, historia isilduak birdefinitu eta lanen eta publikoen arteko harremanak itxuratu. Komisariotza egintza erlazional gisa lantzen da, eta filmek arlo kultural eta politikoetatik egiten duten bidea marrazten du, mundua kritikoki eta emozionalki konprometitzen duten zine-geografiak irekiz.
Bideo-saiakera eta historiaren berridazketak
Cristina Álvarez López
Adrian Martin
Modulu: 3, 5
Zinemaren historia eta zinema-kritika sormen-prozesuan eta berridazketa-prozesu kritikoan inplikatutako diziplinak dira beti. Zinemagileek eta kritikariek ez dute ezerezetik sortzen —beren lana, kontzienteki edo inkontzienteki, aldez aurreko adierazpen artistikoei emandako erantzuna da—. Azken urteotan, berridazketa kritiko horren adibide nabarmen bihurtu da ikus-entzunezko saiakera. Ikasgai honetan, erlazioak ezarriko ditugu ikus-entzunezko saiakeraren forma desberdinen eta zinemaren eta kritikaren historiako aldi, joera eta ideia desberdinen artean. Ikasgai honetan ariketa praktiko bat ere egingo da.
Soinuaren behatokia
Xabier Erkizia
Modulu: 1, 2
Behatokia soinuarekin lotutako prestakuntzako, praktikarako eta ikerketarako gunea da. Entzumenaren zero gradutik abiatzen da zinema mutuaren existentzia ukatu eta teknologiaren inpaktua, keinuen eta eguneroko objektuen soinu-diseinua, irrati-artea, soinu-etnografia, Sound Art... aztertzeko. Gaitegi finko bat izateaz gain, taldekideen eta unean uneko premietara egokitzen da; horregatik, praktikarekin eta egiten ari diren proiektuekin lotuta egoten da.
Abiapuntuak
Michel Gaztambide
Modulu: 1, 3
Lehen lau moduluetan ematen den irakasgai honen helburua ikasleak beren filmaren izaerarekin eta abordatze-metodologiarekin aurrez aurre jartzea da. Nondik dator zure filma? Zertaz ari da? Zer emozio eragin nahi du? Irudietan konta daiteke? Nola nahi du egileak ikuslea sentiaraztea obra ikustean? Gai horietatik eta beste batzuetatik abiatuta, pelikula bat egiteko gogoeta- eta garapen-prozesuei ekin nahi zaie. Ikastaroak, funtsean, hiru lan-ildo ditu: filmaren abiapuntu edo jatorriarekin lan egitea, sormen-bidaiaren muina gisa; bidaia hori zabaltzea, filmari konplexutasuna eta sakontasuna eransteko gai diren estimulu zehatzetatik abiatuta; eta proiektua idazketatik lantzea.
Hitza pizten: idazketa poetikoaren tailerra
Mar González
Modulu: 3, 5
Hitzak higatuta daude, erabilera inkontzientearen pisuaren azpian hondoratuak. Noraezean dabiltza, hara eta hona, axolagabekeriaz erabiltzearen eta ikasitako inertzien ondorioz. Horregatik, hitz lehorren zalaparta itzali hori piztera gonbidatzen du klase honek. Axolagabekeriatik erreskatatu nahi ditu, banan-banan ireki eta testuan kokatu. Baina, horretarako, hizkuntzaren artisautza landu behar da. Kontua ez da inspirazioa iritsi arte itxarotea, asko idaztea eta gehiago irakurtzea baizik. Jeinua, musa, pneuma edo iratxoa, Lorcak esango lukeen "denek sentitzen duten eta inongo filosofok azaltzen ez duen ahalmen misteriotsu hori", ezin da irakatsi eta ez du jarraibideen eskulibururik. Baina, hala ere, "obeditu egiten du, goseak bezala, digestioak bezala, logaleak bezala", esan zuen Baudelairek. Horregatik, hartarako bide bakarra lana da, prozesua, praktika: teknikan murgiltzea, iristen denean lur emankorra aurki dezan.
Hitza piztea, beraz, zentzumen irekiez behatzea da, hitz zehatza, perpaus zehatza, beharrezko irudia bilatzea. Funtsean, idazketa-tailerra da, emozioa sortzeko piztutako hitzetik abiatuko dena.
Zinebotanika
Cristina Neira i Aparicio
Modulu: 4
Pelikula botaniko bat egitea, batez ere, pazientzia eta maitasun lana da. Kamerarik gabeko zinemaren metodoak eta lorezain amateurraren trikimailu batzuk abiapuntutzat hartuta, film herbario kolektibo bat sortuko da, aleak biltzetik proiekziora arte.
Ikasgai hau filmak egiteko metodo alternatiboak aztertzeko gogoa duten pertsonei zuzenduta dago, edozein dela ere haien prestakuntza. Zinebotanikak, azken batean, proposamen irisgarriak dira, euskarri filmikoko materialak eta tresnak berrerabiltzeko aukera ematen dutenak, beti naturaren beraren esku dagoen pieza bat sortzeko.
Complex media artelanen interpretazioa eta zaintza
Mona Jiménez
Modulu: 4
Kasu azterketaren formatua baliatuz, ikastaro honek ikasleak eta artelan garaikide konplexuak batuko ditu, multimedia artearen arazo nagusiak eta kontserbazio estrategia sortu berriak ulertzeko. Artistek askotariko ikus-entzunezko formatuak eta teknologiak erabiltzen dituzte, ikertzeko zirraragarriak. Adibidez, osagai zaharkituak, hala nola telebistak (izpi katodikoen hodiak) erabiltzen dituzten artelanetatik kanal anitzeko obra sinkronizatuetara, joko motorrak edo neurrira egindako kodeak dituzten obrak, edo Internetetik datuak ateratzen dituztenak. Artelan horiek elkarren artean lotutako zati asko izan ohi dituzte, eta horiek deszifratu eta dokumentatu egin behar dira obrak etorkizunean artistaren ikuspegiarekiko leial funtziona dezala bermatzeko.
Ikasgaiak ikuspuntu kuratorialak eta kontserbaziokoak uztartzen ditu, arte garaikidearen tokiko museo bateko bildumako artelanak aztertuz. Ikasleek erakusketen historiak ikertzen dituzte, erakundeen artxiboak kontsultatzen dituzte, artelan baten osagaiak aztertzen dituzte eta obrei buruz eztabaidatzen dute museoko langileekin. Prozesuan, asko ikasiko dute museo eta artxiboetako artelanen interpretazio, zaintza eta kontserbazioari buruz.
Jatorrizko emultsioen artea
Esther Urlus
Modulu: 3
Emultsio fotokimiko artisauen produkzioa ezagutzen hasteko proposamena egiten da tailerrean. Arkeologia filmikoa da tailerraren abiapuntu, baina sorkuntzarekin lotutako alderdi garaikide ugari agerian uzten ditu. Materialtasunaren historian interesa dutenentzako tailerra da, baina zinema ideiak, irudiak eta soinu banda biltegiratzeko bitartekotzat ez ezik, pentsamendu, irudi eta soinu horiek sortzen eta modu aktiboan desitxuratzen dituen materialtzat ere hartzen duten zinemagileei ere zuzentzen zaie.
EQZELab. Film-laborategi profesionala
Yolanda Cáceres
Modulu: 5
Film fotokimikoaren prozesamenduarekin lotutako ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko prozesuaren azken etapa. Batetik, laborategi profesional bateko tekniketan eta lan-fluxuetan murgiltzea bilatzen du irakasgaiak, errebelatzeko (kolorea eta 16 mm-ko zuri-beltza), kolorea zuzentzeko eta kopiatzeko teknologia espezifikoaren maneiu praktikoan oinarrituta. Trebetasun praktiko horiek eskuratzeak kultura eta industria zinematografikoaren belaunaldiarteko ezagutzari eustea dakar, bestela ahaztu egingo bailitzateke. Bestetik, ikastaroan parte hartzen duten ikasleek Eskolan egindako film-materialak prozesatu ahal izango dituzte, EQZELaben zerbitzua aktibo mantenduz.
Kontaktuak: zinema, bideoa eta artea euskal testuinguruan
Peio Aguirre
Modulu: 4
Ikasgai honek artistaren ikus-entzunezkoa du ardatz Euskal Herriko testuinguruan. Ikus-entzunezko eta praktika artistikoen arteko harreman eta joan-etorriak hartzen ditu abiapuntutzat, batez ere artearen sisteman gertatzen direnak: museoak, arte-zentroak eta galeriak, edo zinemaren beraren aldirikoak. Ikus-entzunezko sorkuntzaren tokiko panorama aztertzen du irakasgaiak aztergai, gonbidatu, proiekzio eta irteeren bitartez.
Tindatzeen tailerra
Esther Urlus
Modulu: 5
Hasi zenetik, zinema baliabide koloretsua izan da, eta prozesu ugari sortu dira zuri-beltzeko filmari kolorea emateko, hala nola tindatze eta biratze prozesu kimikoak, eskuz margotzea, Technicolor teknika eta emultsio modernoak lortzea; zineman beti erabili izan da kolorea adierazpide artistiko moduan. Tailer honetan, zinemaren jatorrizko kolorea eta teknika horiek zinemagile eta artistei eskaintzen dizkieten aukera estetikoak aztertuko ditugu.