Sorkuntza

arrow

Sorkuntza graduondokoak obra bat asmatu, esperimentatu, sortu eta gauzatzeko prozesu sortzaileekin zerikusia duten alderdi guztiak jorratzen ditu, zinemagilearen ahots propioa bilatzeaz gain

Zinemari buruzko prestakuntza teorikoa eta ez estandarizatua ematen du, gogoeta eta pentsamendu giro aberats batean parte hartzea, eta proiektu pertsonal bat garatzea tutoretza sistema pertsonalizatuaren bidez, ikasle bakoitzaren kidetasunen eta proiektuaren beharren arabera betiere.

Horrela, espezialitateak aurrez aurre jartzen ditu ikasleak ideia prozesuekin (subjektibotasuna), lan metodologiekin (sistematizazioa), esperimentazioarekin (bilaketa formal espezifikoa) eta proiektuaren kontzeptualizazioarekin eta gauzatzearekin.

Irudien jatorritik zinemaren zibilizaziora

Zinemagile bat nola sortzen den galderari, beste galdera batekin erantzuten dio Sorkuntza masterrak: nola ahaztu dena, eta nola itzuli zinemara eskuekin lan egiteak ematen duen ezagutza espezifikoaren bidez? Metodologia esperimental baten emaitza da sorkuntzaren ibilbidea. Metodologia horrek bi gaiak jorratzen ditu, ahanztura eta ezagutza sentsoriala eta teknikoa, ekoizpen bitartekoen kontrola medio, hiru etapatan banatutako ibilbidean.

Avant-Garden irakasgaiarekin hasten da prozesua. Filma eta lorategiko artea: printzipio berri bat bere gain hartzea proposatzen du, konpromiso bat hartzea filmak egitera egiaz animatzen gaituen horrekin, eta ahalegina egitea irudien aurrean itsu egiten gaituzten aurreiritziak alde batera uzteko. Lorategi kontzeptuak, izan ditzakeen kontraesan guztiekin, bere dimentsio sinbolikoan funtzionatzen du, baina baita metodologikoan ere; zorroztasunez, irmotasunez eta itxaropenez lan egiteko proposamen gisa, baratzezainak egiten duen bezala. Bidaiaren lehen etapa horretan, argi geratzen da artisau-lanera itzultzeko beharra, trebetasun teknikotik, baina baita lanaren eta irudimenaren zorroztasunetik ere. Ikastaroaren hurrengo etapa ozeano horretan murgiltzen da: sorkuntzaren metodologiena. Egoitzan dagoen zinemagilearen eskutik, lasaitasun aldian sartuko da ikastaroa, lasai gogoeta egiteko eta beste sortzaile batzuen esperientzia sortzaileaz gozatzeko. Iragaitea da, pentsamendu sortzaileko eta esplorazioko aldi batek markatutako lehen etaparen eta irakaskuntza aldiaren hirugarren faseak eragiten duen azelerazioaren artean, Kinofabrika gisa identifikatzen duguna. Batez ere master amaierako proiektuetan oinarrituta, Kinofabrikak proposatzen du filmetan aurrera egitea, ez ideietatik, baizik eta gauzatzetik, hau da, ekoizpen mugetatik, jada egindako irudietatik eta soinuetatik, egitetik, dagoeneko identifikatuta dauden aurpegietatik, kamera biziko den lekuetatik. Ezagutza sentsorialari eta teknikoari buruzko ideia horietatik abiatuta, Kinofabrikak proposatzen du sortzeko modu gisa ulertzea produkzioa, mugetatik abiatuta.

Avant-Gardenetik Kinofabrikara, horixe da Sorkuntza Masterrak proposatzen duen bidea: irudien jatorritik zinemaren zibilizaziora. 

359 /  / Elías Querejeta Zine Eskola

Matias Piñeiro (Buenos Aires, 1982) da ibilbidearen koordinatzailea, zinegilea eta irakaslea.

Aberrazioen artea. Zinemaren estetika eta teoriaren kontzeptuak

Carlos Muguiro
Modulu: 2, 4

Historia eta estetika ikasgaia. Ardatza zinemaren forma espezifikoetan jartzen du. Ikasgaiak egitura duala eta dialektikoa du, hala edukiagatik nola metodologiagatik. Batetik, zinemaren poetikei heltzen zaie eta, bestetik, zinemaren historiei. Lehen horiei dagokienez, zinemaren teoriako funtsezko gai batzuen sarrera egiten da. Helburua da zinema beste arte edo gai filosofikoekin harremanetan jartzea, eta horien arteko loturak eta hariak bilatzea. Ikuspuntu horren bidez, ikasgai horretan lortu nahi da gerora Poetikako beste ikasgai batzuetan garatzen, konplexuago bihurtzen eta kontraesanetan jartzen joango diren kontzeptu batzuen oinarria ezartzea. Irudiaren eta irudimenaren arteko ezberdintasunak eta antzeko gaiak lantzen dira, hala nola: errealismoa eta irudikapenaren kontzeptuak, hizkuntza eta hizkera dikotomia edo harreraren fenomenologiatik eta teorietatik eginiko hurbilketak. Ikuspuntu metodologikoak auzi guztien jatorria zinemaren beraren lan formalen eta haren existentziaren mugen barruan oinarritu azalpenekin azaldu nahi ditu. Zinemaren historiei dagokienez, historia kontzeptua bera problematizatzeko espazio gisa antolatuta dago. Bertan sartzen da zinema nola edestu, azken 20 urteotako ekarpen kritiko garrantzitsuenen eskutik.  Ikasgaiaren bigarren dimentsio horrek zinemaren historialariei eginiko elkarrizketa monografikoen bidez hartzen du forma. Ikasgaiaren bi bideak paraleloan lantzen dira, eta etengabeak dira elkarrekiko loturak eta bidegurutze dialektikoak.

Euskal zinemaren historia eta estetikak

Joxean Fernández
Modulu: 1

Ikasgai honetan, euskal zinema ezagutzen hasiko gara. Testuinguru historikoarekin hasiko gara eta euskal zinemak sortu zenetik gaur arte izan duen ibilbidea aztertuko dugu, hau da, euskal zinemaren historiaren kronologia eta gaiak gainbegiratuko ditugu eta sorreratik gaur arte izan diren euskal zinemagile garrantzitsuenak aztertuko ditugu, gaur egun jardunean dauden euskal zinemagileen hiru belaunaldiei (edo gehiagori) bereziki erreparatuta.

Leku baten azterketa

Mariano Llinás
Modulu: 4

Ikasgai honen xedea da, praktikoki eta egunero filmatu eta muntatuz, fikzioa aktibatzeko eta garatzeko mekanismoak ezagutzea. Avant Gardenek oinarri hartzeko lan bat proposatzen digu, eta Zinefabrikak, aldiz, planteamendua ekoizpenaren ikuspuntutik egitea. Bada, ikasgai hau erdibidean dago, eta ikasturtean zehar trantsizioa egiten laguntzen du: errealitatea behatzeko ariketa bat du abiapuntu, galderak egin eta hipotesiak eratzearen bidez pertsonaiei, egoerei, atmosferei eta istorioei itxura ematen joateko. Ikasgaiak, horrela, plano baten denbora beste zerbaiten promesa gisa kondentsatzen hasten den unea lantzen du, eta ikasleek egunero entregatu beharreko lanen bidez zehaztu beharko dute hori.

Sorkuntzaren metodologiak

Claire Atherton
Marie Losier
Hlynur Pálmason
Modulu: 3, 5

Ikasgai hau ibilbide luzeko eta begirada ezberdineko hiru zinemagileri sistematizatzeko eta beraien sormen-prozesuetako baliabideak partekatzeko eskatzearen emaitza da. Proiektu bakoitzak jatorri eta begirada ezberdina izaten dituela badakigu, eta badakigu horiei forma emateko hurbilpen jakin bat bilatzen dela; baina, bada hori baino urrutiago doan galdera bat: Ba al dago pelikula baten sormen-prozesuan aldatzen ez den pausorik? Gonbidatutako zinemagileek beraien intuizioak eta koadernoak partekatuko dituzte, beraien ordenagailuko mahaigaina proiektatuko dute eta beraiek pelikulak egiteko hartu dituzten bideei buruz hausnartuko dute. Batzuk intuitiboagoak dira, besteak sistematizatuagoak. Ikastaro honetarako zinegile gonbidatuak honako hauek dira: Claire Atherton, Hlynur Pálmason eta Marie Losier.

Sorkuntzaren metodologien xedea ez da sorkuntza jarraibide jakin batzuetara edo sistemetara murriztea, guztiz kontrakoa baizik. Sorkuntzaren prozesuan sartzeko proposamen bat da, eta pelikula bati forma emateko prozesu guztiz berezi (eta ia partekatu ezin den) horretan norbere buruari erreparatzea.

Avant-Garden. Filma eta lorategiaren artea

Irati Gorostidi
Mikel Gurrea
Carlos Muguiro
Catarina Vasconcelos
Modulu: 1, 4

Ikasgai hau lorezain onaren trebetasun, abilezia eta metodoak uztartzen dituen proposamena da: ingurunea behatzea, ibiltzea, lurraldea hautatzea, itxuragabekeriak eta espezie exotikoak landatzea, txertatzea edo muntatzea, itxarotea, paseatzailea-ikuslea irudikatzea, film bat etorkizunerantz proiektatzea, berotegitik ateratzea eta, udaberria iristear denean, berriro ere naturan txertatzea. Ikasgaian, saio teorikoak eta analisi saioak izaten dira, landa lanak egiten dira, baita bakarkako lanak ere, zeren, azkenean, zinemagile batek toki batean egin behar baitu lana. Sorkuntzako ikasleek lorategi zinematografiko bat landatu, produzitu, errealizatu, muntatu eta erakutsi beharko dute. Irudien eta soinuen lorategi bat, udaberrian naturan txertatuko dena. Irakasgaian bost irakaslek hartzen dute parte, ikasturteko lehen hilabeteetan zehar, film-lorategiak taxutzen doazen heinean.

Orri zuriaren aurka: sorkuntza zinematografikora hurbiltzeko beste bide batzuk

Matías Piñeiro
Modulu: 2, 4, 5

Nola hartzen du forma gure "Hipotesi" proiektuak? Zer metodo erabiltzen dugu gure ideia abstraktuak film zehatz batera eramateko? Nola sortzen da haren berezitasuna? Eta nola sortu eta mantentzen da desioa film batean lan egitean? Hauek dira ikastaro honetan pentsatzen has gaitezkeen galdera batzuk.

"Orri zuriaren aurka" ikasgaiak filmak idazketa zinematografikora hurbiltzea proposatzen du, gure pelikularen bilaketa orainaldira mugiarazten duena, gure proiektuen garapen tradizionalaren prozesuak dakarren etorkizun potentzial etengabearen denbora hedatuz, zalantzan jarriz eta osatuz. Ikastaroaren helburua da sortze-metodo bat aurkeztea, ez hitz idatzitik, planotik bertatik baizik abiatzen dena. Film baterako bidea film bat izan daiteke. Asmoa ez da gidoi zinematografikoa saihestea, baizik eta blokeora eta alienaziora eraman dezaketen pelikula baten aurreekoizpenaren bide konbentzional eta jada erabiliegiak saihestea. Orri zuriaren eta bakardadeko lanaren ordez, ikus entzunezko laborategiko metodologia kolektiboa eta esperimentala erabiliko da, hurbilketak, elkarrizketak, entseguak, zirriborroak, "B aldeak" eta beste hibrido batzuk sortzeko, proiektuaren forma posible eta zehatz baterako bide berezi bat ikusteko.

Era guztietako emaitzak onartuko dira: film labur edo luze esperimentalak, fikziozkoak edota dokumentalak, instalazioak eta irudien eta soinuen interakzioan beste edozein alternatiba.

Ikastaroak "Hipotesien" eta "Akelarreen" bidea lagunduko du. Proiektuaren lehen elementu zehatz bat duen plano batetik sortuko da abiapuntua: argazkiak, grabazioak, elkarrizketak, testuak, aurkitutako materialak edo filmaren beste edozein testigantza.

Zinefabrika. Proiektu zinematografikoen garapena

Ivan Granovsky
Beli Martínez
Modulu: 5

“Teknikak ospe txarra du”, idatzi zuen Richard Sennett-ek, “eta sentikortasun-falta duela esan ohi da. Baina eskuak ongi trebatuak dituztenek ez dute hala pentsatzen. Haientzat, teknika oso lotuta dago adierazpenarekin”. Ezagutza sentsorialari eta teknikoei buruzko ideia horietatik abiatuta, “zinemagilearen eskuei” buruz, Zinefabrikak proposatzen du produkzioa modu jakin batean ulertzea, hots, mugetatik abiatuta sortzeko modua dela. Zinefabrika egin dezakegun zinemari buruzko tailer bat da, ikasi ahala egitea eta eginez ikastea baita garrantzitsuena. Ikasturtean zehar garatzen da eta ikasleen azken proiektuetara bideratuta dago; produkzioaren ikuspegitik aztertzen ditu ideiak eta filmak, lan hori ere sorkuntza-lana dela oinarritzat hartuz. Ikasleen filmak momentuko egoeraren emaitza gisa ulertzea da helburua eta era berean, produkzio moduen inguruko aldaketa bideratu nahi da, produkzioa film guztietara egokitu daitekeen plan estandarizatuaren exekuzio soiltzat jotzen duten topikoak zalantzan jarriz. Abiapuntu horretatik, Zinefabrikak aurrekontuei, finantzaketari, taldeak osatzeari, filmaketa-planei, dosierrak egiteari eta produkzio-estrategiei buruzko gaiak jorratzen ditu.

Zinebotanika

Cristina Neira i Aparicio
Modulu: 4

Pelikula botaniko bat egitea pazientzia eta maitasunezko lana da batez ere. Mothlight edo The Garden of Earthly Delights filmetan Stan Brakhagen erabilitako kamerarik gabeko zinemaren metodoak abiapuntu hartuta, herbario filmiko bat sortzeko teknika eta prozesu batzuk aztertuko ditugu.

Zinegileen eta botanikarien tekniken artean dagoen lekuren batean, aleen bilketa, euskarri filmikoaren gaineko lan-metodoak eta horiek erakusteko materialak prestatuko ditugu, guztien artean pieza kolektibo bat sortzeko eta, batez ere, guztien artean, metodologia proposamen berrietara zabaltzeko.

Tailer hau filmak egiteko metodo alternatiboak aztertzeko gogoa duten formazio guztietako pertsonei zuzenduta dago. Zinebotanikak, azken batean, proposamen irisgarriak dira, pieza bat sortzeko euskarri filmikoko materialak eta tresnak berrerabiltzea ahalbidetzen dutenak , eta pieza horren kontrola beti naturaren beraren esku geratzen da.

Vostok errebelatzailea


Modulu: 3

Tailer honetan, errebelatzeko tren batean pelikula mekanikoki errebelatzen ikasiko dugu. Filma errebelatzeak prozesu fotografikoaren urrats bakoitza ulertu eta balioesteko aukera ematen dizu, irudia hartzetik negatibo ikusgarri batean gauzatzeraino.

Kimikoak, esposizio-denborak eta tenperaturak kontrolatzen ikasiko duzu, eta trebetasun tekniko zehatzak garatuko dituzu, baina, ariketa teknikoa ez ezik, esperientzia emozional eta artistikoa ere bada.

Gainera, teknika hau ikastean, argazkilaritza analogikoaren artea garatu eta hobetu duten artista eta teknikarien tradizio luzearekin bat egiten duzu, eta ingurunearen tradizioaren ikuspegi aberatsagoa emango dizu, eskuz errebelatzeko tailerretatik hasi eta profesionalizaziora eta azken mekanizaziora arte.

Kamera iluna

Camilo Restrepo
Modulu: 1

Kamera iluna (La Chambre d 'ombres) proiektu guztiz berezia da, eta Camilo Restrepok egindako eta EQZEk ekoitzitako argitalpen bat eta izen bereko film bat biltzen ditu. Camilo Restrepok EQZEko ikasleei 2019-2020 ikasturtean eman zien mintegian du jatorria. Amaitu ondoren, zentroak tailerraren aztergaiarekin lotutako lan bat ekoiztera gonbidatu zuen zinemagilea: irudi bat, irudikapen bat edo munduaren ikuspegi bat sortzen den testuingurua zalantzan jartzea eta horiek errealitatean duten eragina. Bi lan horiek (liburu bat eta film bat) osatu ondoren, Kamera iluna (La Chambre d 'ombres) bere jatorrira itzuliko da tailer moduan, lau urte lehenago hasitako zirkulua itxiz.

Complex media artelanen interpretazioa eta zaintza

Mona Jiménez
Modulu: 4

Kasu azterketaren formatua baliatuz, ikastaro honek ikasleak eta artelan garaikide konplexuak batuko ditu, multimedia artearen arazo nagusiak eta kontserbazio estrategia sortu berriak ulertzeko. Artistek askotariko ikus-entzunezko formatuak eta teknologiak erabiltzen dituzte, ikertzeko zirraragarriak. Adibidez, osagai zaharkituak, hala nola telebistak (izpi katodikoen hodiak) erabiltzen dituzten artelanetatik kanal anitzeko obra sinkronizatuetara, joko motorrak edo neurrira egindako kodeak dituzten obrak, edo Internetetik datuak ateratzen dituztenak. Artelan horiek elkarren artean lotutako zati asko izan ohi dituzte, eta horiek deszifratu eta dokumentatu egin behar dira obrak etorkizunean artistaren ikuspegiarekiko leial funtziona dezala bermatzeko. Ikastaroak ikuspuntu kuratorialak eta kontserbaziokoak uztartzen ditu, arte garaikidearen tokiko museo bateko bildumako artelanak aztertuz. Ikasleek erakusketen historiak ikertzen dituzte, erakundeen artxiboak kontsultatzen dituzte, artelan baten osagaiak aztertzen dituzte eta obrei buruz eztabaidatzen dute museoko langileekin. Prozesuan, asko ikasiko dute museo eta artxiboetako artelanen interpretazio, zaintza eta kontserbazioari buruz. Ikasleek txosten laburrak idatziko dituzte erakunde kidearentzat aztertutako obrei buruz. Txostenek, besteak beste, honako alderdi hauek jasoko dituzte: obraren deskribapena (edukia eta alderdi estetiko eta teknikoak), arriskuen adierazpena eta gomendatutako kontserbazio estrategiak.

Jatorrizko emultsioen artea

Esther Urlus
Modulu: 3

Emultsio fotokimiko artisauen produkzioa ezagutzen hasteko proposamena egiten da tailerrean. Arkeologia filmikoa da tailerraren abiapuntu, baina sorkuntzarekin lotutako alderdi garaikide ugari agerian uzten ditu. Materialtasunaren historian interesa dutenentzako tailerra da, baina zinema ideiak, irudiak eta soinu banda biltegiratzeko bitartekotzat ez ezik, pentsamendu, irudi eta soinu horiek sortzen eta modu aktiboan desitxuratzen dituen materialtzat ere hartzen duten zinemagileei ere zuzentzen zaie.

(hiru) Artxibategien mapa

Sonia García López
Modulu: 5

Ikasgai honetan, EQZEko ikasleek beren eginkizuna (sorkuntza, ikerketa edo zaintzakoa) berenganatzeko aukera proposatzen da oroimen zinematografiko eta ikusentzunezkoa esploratze modura, zinemaren hiru aldiak aintzat hartuta: iragana, memoriarekin lotuta dagoena; orainaldia, ekintzarekin lotuta dagoena; eta etorkizuna, proiekzioarekin lotuta dagoena. Sustrai filosofikoak dituen proposamen honek arazo historiko, kultural edo politiko garaikideei buruzko hausnarketa planteatzen du, profanazioaren kontzeptuak (Giorgio Agamben) eta sorkuntza egintzaren kontzeptuak (Gilles Deleuze) eskaintzen dituzten esparru kontzeptualetik begiratuta.

Artxiboaren “errituzko” erabilerak behatzea, hausnartzea eta zalantzan jartzea da kontua, jardunbide kritiko eta/edo ludikoen bitartez noiz edo noiz azpikoz gora jartzeko. Bestalde, ikus-entzunezko sorkuntzako, ikerketako eta kuradoretzako praktikak sormenezko ideien adierazpide potentzialtzat hartzea izango da gure abiapuntu, Deleuzek ematen dien zentzuan. Ikuspegi hori euren eginik, ikasgai honetako ikasleak beren praktika eta ideiei buruzko galderak egitera bultzatzen dira, erresistentziako espazio potentzial diren aldetik, hau da, “kontrainformazioko” espazioak.

EQZELab. Film-laborategi profesionala

Yolanda Cáceres
Modulu: 5

Film fotokimikoaren prozesamenduarekin lotutako ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko prozesuaren azken etapa. Batetik, laborategi profesional bateko tekniketan eta lan-fluxuetan murgiltzea bilatzen du irakasgaiak, errebelatzeko (kolorea eta 16 mm-ko zuri-beltza), kolorea zuzentzeko eta kopiatzeko teknologia espezifikoaren maneiu praktikoan oinarrituta. Trebetasun praktiko horiek eskuratzeak kultura eta industria zinematografikoaren belaunaldiarteko ezagutzari eustea dakar, bestela ahaztu egingo bailitzateke. Bestetik, ikastaroan parte hartzen duten ikasleek Eskolan egindako film-materialak prozesatu ahal izango dituzte, EQZELaben zerbitzua aktibo mantenduz.

On/Off performancea

Itziar Okariz
Modulu: 5

Irakasgaia hizkuntzari, performanceari eta ekintzari buruzko gogoeta gisa proposatzen da, espezifikotasunean eta zehazten duten mugekin lotuta. Arreta berezia jarriko zaie alderdi hauei: jardun artistikoaren ezagutza arloen arteko topaguneak, erregistroaren esplorazioa eta performancea, ekintza, erregistro performatiboaren ezaugarri zantzu emailea, eta beste hizkuntza batzuetan eraldatzea, hala nola marrazkia, testua, dokumentua, bideoa… . Horri guztiari esker, gorputzaren kontzientzia hartzeko aukera ematen duen paisaia definituko da, zeinu, hizkuntzaren balio posizional eta dimentsio performatibo gisa. Gorputz zeinuen, soinuen eta hitzen haragitzea eta horien ahalmen eraldatzaile eta politikoa.

Mise en scène eta harago

Adrian Martin
Modulu: 5

Duela hirurogeita hamar urte, zinegileak eta kritikariak frantsesezko mise en scène terminoa erabiltzen hasi ziren, zuzentze-prozesu esateko laburtzapen modura. Terminoak baliagarria izaten jarraitzen du gaur egun, baina soilik haren definizioa zabaltzen badugu bere jatorri klasiko, teatral eta piktorikotik askoz ere haratago, eta kontuan hartzen baditugu ikus-entzunezkoen historian dauden dimentsio aldakor ugariak, besteak beste, postprodukzio prozesuak, soinuarenak eta digitalak. Ikasgai honetan ez da film osoen azterketa egiten, ez eta zinemagintzako gai eta esanahien interpretazio estandarrik ere. Aitzitik, ikasgai honek filmen zati kontzentratuak eta beste pieza mediatiko berri batzuk arretaz aztertzen ditu, ahalik eta ondoen ulertzeko obra horien egileek nola ikusten zituzten obran dauden ikuspegia, logika, egitura, eta elementuen arteko antolaketa (lan batetik bestera beti aldatzen baitira). Nola ulertzen da ikus-entzunezko lan baten estiloa eta forma (zineman, telebistan edo arte digitalean) barrutik begiratuta?

Soinuaren behatokia

Xabier Erkizia
Modulu: 1, 2

Behatokia zeharkakoa izaten da ikasturteko lehenego hiruhilabetean eta soinuarekin lotutako prestakuntzako, praktikarako eta ikerketarako gunea izaten da. Gai finkoak izateaz gain, taldekideen premietara eta unean uneko premietara egokitzen da; horregatik, praktikarekin eta egiten ari diren proiektuekin lotuta egoten da.

Abiapuntuak

Michel Gaztambide
Modulu: 1, 3

Lehen lau moduluetan ematen den irakasgai honen helburua ikasleak beren filmaren izaerarekin eta abordatze-metodologiarekin aurrez aurre jartzea da. Nondik dator zure filma? Zertaz ari da? Zer emozio eragin nahi du? Irudietan konta daiteke? Nola nahi du egileak ikuslea sentiaraztea obra ikustean? Gai horietatik eta beste batzuetatik abiatuta, pelikula bat egiteko gogoeta- eta garapen-prozesuei ekin nahi zaie. Ikastaroak, funtsean, hiru lan-ildo ditu: filmaren abiapuntu edo jatorriarekin lan egitea, sormen-bidaiaren muina gisa; bidaia hori zabaltzea, filmari konplexutasuna eta sakontasuna eransteko gai diren estimulu zehatzetatik abiatuta; eta proiektua idazketatik lantzea.

Kontaktuak: zinema, bideoa eta artea euskal testuinguruan

Peio Aguirre
Modulu: 4

Irakasgai honek artistaren ikus-entzunezkoa du ardatz Euskal Herriko testuinguruan. Ikusentzunezko eta praktika artistikoen arteko harreman eta joan-etorriak hartzen ditu abiapuntutzat, batez ere artearen sisteman gertatzen direnak: museoak, arte-zentroak eta galeriak, edo zinemaren beraren aldirikoak.Ikus-entzunezko sorkuntzaren tokiko panorama aztertzen du irakasgaiak aztergai, gonbidatu, proiekzio eta irteeren bitartez.

Beste zinema kamera

Asier Armental
Ricardo Matos Cabo
Modulu: 1

Zinematografoaren hastapenetan, irudiak erregistratzen zituen kamerak irudi horiek proiektatzeko ere balio zuen. Une bat harrapatzeko biradera aktibatzen zuen operadorea bera arduratzen zen arrasteko engranajeari bira eginarazteaz, filma errebelatu ondoren irudi horiek berak pantaila batean partekatzeko. Zein unetan bereizi ziren bi eginkizun (eta bi kamera) horiek eta, batez ere, zer ondorio izan zituen horrek? Zergatik ikusten dugu proiekziogilearen lanbidea, gaur egun eta ia-ia filmaren arrastea mekanizatu zenetik eta banaketa zirkuituak sortu zirenetik, kamera operadorearen lanbidearekiko hain arrotz eta hain urruneko? Cinématèque Française erakundearen sortzaile Henri Langlois-ek zioen bere zinema kamera proiektatzeko kamera zela; baieztapen horrek proiekzioaren artea aldarrikatzearen garrantzia nabarmentzen du.

Landa-soinua, muntaketa eta nahasketa. Erregistratzea, lantzea eta transmititzea

Xanti Salvador
Modulu: 1, 2

Tailerrari hasiera emateko, soinu-erregistrorako ekipoak aztertuko dira, batez ere eskolako materiala baliatuz. Horretarako, alderdi tekniko eta praktikoak landuko ditugu. Bigarren blokean, lan-fluxuaren koordinazioa landuko dugu: audioa eman eta jaso, muntaia hasi eta nahasketa entregatu. Oro har, sorkuntza-espazioa hobetzeko eta zabaltzeko zein tresna dauden ezagutzea da helburua.

Tindatzeen tailerra

Esther Urlus
Modulu: 5

Hasi zenetik, zinema baliabide koloretsua izan da eta prozesu ugari sortu dira zuri-beltzeko filmari kolorea emateko, hala nola tindatze eta biratze prozesu kimikoak, eskuz margotzea, Technicolor teknika eta emultsio modernoak lortzea; zineman beti erabili izan da kolorea adierazpide artistiko moduan. Tailer honetan, zinemaren jatorrizko kolorea eta teknika horiek zinemagile eta artistei eskaintzen dizkieten aukera estetikoak aztertuko ditugu.