Komisariotza

arrow

Komisariotza graduondokoak zinema komisariotzaren espezifikotasuna definitu nahi du, etorkizun handikoa, baina epistemologia propioa identifikatu eta garatzeke dago oraindik

Espezialitate honek aukera ematen du uholde teoriko osoa eskuratzeko, arte plastikoetatik heredatua neurri batean, baita tradizioak eta programazio eskolak ere. Korronte horiek aztertu eta kritikoki berrikusteaz gain, zinea banatzeko eta eskura izateko baldintzak eta formulak birpentsatzera behartzen du ikastaroak, inflexio-une berri (eta zalantzazko) batean zinea eskaintzeko eredu tradizionalerako; izan ere, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira streaming plataformak eta pixkanaka desagertzen ari dira zinema aretoak.

Parte hartzaile bakoitzaren irizpide eta begirada bereziak lantzeaz gain, ikastaroak proiektu zinematografikoak garatzeko tresnak ematen ditu, ideia fasetik hasi eta gauzatze faseraino.  Gainera, komisarioaren ikerketa, kritika, saiakera lana eta lan akademikoa sustatzen du espezialitateak.  Gure ustez, ez dago komisariotza lanik ikerketa lanik gabe, mundu akademikoan egin daitekeena bezain zorrotza eta sakona, baina kasu honetan proiektu publiko batean gauzatzen dena (erakusketa bat, katalogo bat, programa bat, jaialdi bat…), ez testu zientifiko batean.

Pantailen geografia

Lurralde bat asmatzea, bertatik igarotzen garen bitartean. Mugarik eta eremu frankorik gabeko herrialde batean zehar bidaia egitea da Komisariotza masterra. Nolakoa izan behar du oraindik (ia) existitzen ez den lanbide baten prestakuntzak? Masterra da horren erantzun bat. Gogoeta eta kontzeptualizazio aldi bizia proposatzen du lehenengo: kontua da filosofikoki eta estetikoki armatzea, funtsezko galderak identifikatzea eta hizkuntzaren zehaztasunean trebatzea.

Lehenengo aldian, hauxe da, lehenengo bi moduluetan, bat egiten dute zinema programazioaren intuizioek eta komisariotza pentsamendu artistikoaren tradizio landuenak. Bi polo horiek elkartzetik sortzen den argi arkuak argitzen ditu hurrengo urratsak, trebetasun eta abilezia praktikoak lortzea ardatz hartuta, zinema komisarioak edo komisariotzak eskuekin egiten baititu pentsamendua eta historia; hau da, orainari forma emateko praktikan. Bigarren etapa horretan, masterrak arreta handia jartzen du idazketan (hitzekin zein irudiekin) eta programazio ariketa praktikoan, ideia ariketa gisa ulertuta, baina baita aurrekontua, kudeaketa eta komunikazioa gauzatzeari begira ere. Irakaskuntza aldiaren azken etapa urrats bat harago doa lanbidea formalizatzeko ariketa honetan, eta proposatzen du komisariotzara hurbiltzea zine ekoizpenaren benetako eragile gisa. Hau da, komisariotza kultura errealitate berrien (ikerketa, ekoizpena eta pedagogia) sortzaile gisa. 

Hasierako errekuntza teoriko horretatik abiatuta, argi kono bat da masterra, eta bere irudiak eta soinuak, sortzen diren ideiak eta paradoxak, zehazten ditu orainaren gainazaletan. Pantailen geografiara bidaia.

350 /  / Elías Querejeta Zine Eskola

Ikastaro honen ezaugarri nagusietako bat da etengabeko harreman profesionala eta irakaskuntza harremana izaten dela sortu duten erakundeekin. Ikasleek komisariotza proiektu oso desberdinetan lan egin dezakete, hala nola Tabakalerak edo Donostiako Zinemaldiak proposatutakoetan.

Eva Sangiorgi da Komisariotza arloko koordinatzailea, Viennaleko (Vienako Nazioarteko Zinemaldia) zuzendari artistikoa.

Aberrazioen artea. Zinemaren estetika eta teoriaren kontzeptuak

Carlos Muguiro
Modulu: 2, 3

Irakasgai honek zinemaren forma espezifikoetan zentratzen den estetika lantzen du. Zinemagintzaren teoriako oinarrizko gaiei hastapen moduan heltzea da asmoa, haietan begirada ez diakronikoa jarriz eta loturak egiteko berariazko asmoz, bestelako arte edo gai filosofikoekin harremanak eta konexioak bilatuz. Irakasgaiaren helburua kontzeptu batzuk oinarritzat hartzea da, gerora haiek garatu, zaildu edo beste enborreko batzuekin kontraesanean jarriz. Irudizkoaren eta irudimenaren arteko desberdintasunak, errealismoaren eta errepresentazioaren nozioak, hizkuntza eta lengoaiaren arteko dikotomia, edo fenomenologiaren zein harreraren teorietatik egindako hurbilketen gisako gaiak aztertuko dira. Metodologiari dagokionez, zinemaren beraren eragiketa formaletatik, bere existentziaren mugetatik, atera nahi dira gai guztiak. Irakasgaiaren barruan, "aberrazioen arte" gisa identifikatuko dugu bilaketa hori. Adierazpen horri Jurgis Baltrusaitis teorikoak formen, haien deformazioen, maskaren eta munstroen legenda berezi eta espezifikoaz hitz egitean eman zion zentzuan erabiliko da.

(hiru) Artxibategien mapa

Sonia García López
Modulu: 1, 3

Ikasgai honetan, EQZEko ikasleek beren eginkizuna (sorkuntza, ikerketa edo zaintzakoa) berenganatzeko aukera proposatzen da oroimen zinematografiko eta ikusentzunezkoa esploratze modura, zinemaren hiru aldiak aintzat hartuta: iragana, memoriarekin lotuta dagoena; orainaldia, ekintzarekin lotuta dagoena; eta etorkizuna, proiekzioarekin lotuta dagoena. Sustrai filosofikoak dituen proposamen honek arazo historiko, kultural edo politiko garaikideei buruzko hausnarketa planteatzen du, profanazioaren kontzeptuak (Giorgio Agamben) eta sorkuntza egintzaren kontzeptuak (Gilles Deleuze) eskaintzen dituzten esparru kontzeptualetik begiratuta.

Zinema historikoki pentsatzea.  Irudiak irekitzea, kontakizun bat idaztea.

Marina Vinyes Albes
Modulu: 4, 5

Irudiak irekitzeak horiei orainaldian hitz eginaraztea dakar, pazientziaz ikusi aditza jakin aditzarekin jokatuko duen zentzua eraikitzeko berezitasun konplexuari atxikiko zaion irakurketa ekintza egoki baten bidez. Irudi zinematografikoen dimentsio performatiboari buruzko gogoeta egingo dugu, iraganari buruzko kontakizun bat eraikitzearekin eta ulertzearekin lotuta, bai eta horren ondorio etikoei, estetikoei eta politikoei buruzkoa ere.  Bigarren, zinemaren historia bat idaztean eta transmititzean parte hartzen duten instantzietako batzuk landuko ditugu: kanon politikak, programazioa, bai eta film artxiboen eta zinemateken funtsezko zeregina ere, zinema aintzatesteko ondare eta artelan gisa. Halaber, duela zenbait hamarkadatik, museoa beste pieza giltzarri bat bihurtu da esperimentatzeko eremu gisa irautea berma dadin, zinemaren eta museoaren arteko elkarrekiko mugimendu osagarri gisa, zeinetan lehenengoak ekoizpen eta erakusketa kanal tradizionalak ez diren beste modu bat aurkitu duen eta bigarrenak eten horren biez birpentsatzeko aukera ezagutu duen. Esperientzia zinematografiko garaikidearekin lotutako mugimendu hori gogoratuko dugu, eta azkenean, bere gailu teknologiko tradizionaletik bereizitako zinema baten modalitateei buruz galdetuko diogu geure buruari.

Amaitu gabeko zinema. Kultura zinematografikoaren irizpide politikoak

Pablo La Parra Pérez
Modulu: 4, 5

Ikasgai honek gogoeta historiko, metodologiko eta teoriko batzuk planteatzen ditu, kultura zinematografikoaren dimentsio politikoa aztertzeko. XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan garatu ziren praktika erradikalen multzo heterogeneo bat hartzen du aztergai, «zinema militantea» kontzeptuaren pean, zentzu zabalean ulertuta. Une horretan, kultura zinematografikoak bere erradikalizazio-aldi asaldatuenetako bat ezagutu zuen mundu osoan: “68 luzeko” borroken eta hainbat garapen tekniko garrantzitsuren beroan, mugimenduzko irudiak egiteko, pentsatzeko eta partekatzeko moduak eraldatu ziren.

Irakasgaiak proposatzen du zinema militantearen artxiboa kritikoki berrikustea eta galdetzea iraganeko irudi horiek nola jarraitzen duten oraina erreberberatzen, eta nola erlazionatzen garen haiekin ikerketaren, artxiboaren, komisariotzaren eta sorkuntzaren tresnen bidez. Irakasgaia ez da zinemaren historiaren kapitulu gisa planteatzen, baizik eta metodologia eta pentsamenduaren ariketa gisa, bere azterketa-kasua gainditzen duena teoriaren eta praktikaren, estetikaren eta politikaren, iraganaren eta orainaren arteko harremanetan sakontzeko.

Euskal zinemaren historia eta estetikak

Joxean Fernández
Modulu: 1

Ikasgai honetan, euskal zinema ezagutzen hasiko gara. Testinguru historikoarekin hasiko gara eta euskal zinemak sortu zenetik gaur arte izan duen ibilbidea aztertuko dugu, hau da, euskal zinemaren historiaren kronologia eta gaiak gainbegiratuko ditugu eta sorreratik gaur arte izan diren euskal zinemagile garrantzitsuenak aztertuko ditugu, gaur egun jardunean dauden euskal zinemagileen hiru belaunaldiei (edo gehiagori) bereziki erreparatuta.

Oinarrizko bibliografia

Eva Sangiorgi
Modulu: 1, 5

Hainbat diziplinatako testuen irakurketetan oinarrituta, ikasgai honek topaketa batzuk egitea proposatzen du, ikasleak gure kultur garaiei buruz hausnarketa egitera gonbidatzeko. Komisarioaren figura eta haren funtzioak definitzerakoan, ikuspegi kritikoa eta zeharkakoa eskaintzen du ikasgai honek. Zenbait irakurketa berrikusi edo berreskuratuko ditugu, garapen profesionalari laguntzeko eta bakoitzaren motibazioak zalantzan jartzeko asmoz.

Pentsamendu kuratoriala I eta II.

Dennis Lim
Modulu: 3

Irakasgaiak pentsamendu artistiko eta zinematografikoan barrena ibilbidea egiten du XIX. mendetik XXI. mendera arte. Bi multzo independentetan banatuta, irakasgaiak kultura-programazioko eta -bitartekaritzako praktikei buruzko gai teorikoak jorratzen ditu, eta, aldi berean, arte-ikastaroen eta filmen arteko harremanak eta kontrasteak planteatzen ditu, azterketa kasuen bidez. Lehen zatian, arte garaikidea eta komisariotzaren jardueraren inguruan sortutako pentsamendu espezifikoa aurkezteko moduei heltzea proposatzen da. Bigarrenean, komisariotza artistikoaren tradizio luzea definitu ondoren, filmen kuradoretzak historian zehar izan dituen ezaugarriak planteatuko dira.

Pantailaren kulturak I eta II

Manuel Asín
Modulu: 3

Ikasgai honetan, pantailaren ideia hurbilagotik aztertuko dugu, azken mendeko kulturaren transmisore gisa hartuta. Irakasgai honek egitura historikoa du, eta diziplina anitzeko ikuspegia, ezagutza-eremu desberdin eta osagarrietatik abiatuta: hala nola komunikabideen arkeologia, zinemaren soziologia, gustuaren estetika eta errezepzioaren teoriak.

Jaialdi konparatuak

Pablo La Parra Pérez
Modulu: 1

Gaur egun zinematografian, geopolitikan, gizartean, kulturan, komunikabideetan eta ekonomian bizi dugun egoera korapilatsua aztertzeaz gain, jaialdiak berak ere aztergai akademikoen jomuga dira ikasgai honetan. Ikus-entzunezkoen sektorean, ezinbesteko eragile dira jaialdiak; batzuek bultzatze-gaitasun izugarria dute, eta oro har, errealitate zehatz baten urte osoko egutegian goitik beherako ebakia egiten dute. Horregatik, oso behatoki egokia dira, kultura zinematografikoa aldagai historiko, politiko eta sozialekin nola lotzen den ulertzeko. Irakasgai hau zinemaldien historia konparatu batetik abiatzen da: zinematografoa asmatu zenetik, “jaialdi” hitza erabiltzen nola hasi ziren eta erabilera hori nola aldatu zen, eta gaur egungo nazioarteko zirkuitua eratu duten krisi, trantsizio eta paradoxetaraino. Begirada kritiko eta poliedrikoa garatzea da helburua, jaialdiak hainbat ikuspuntutatik aztertu ahal izateko: zinemagintzaren historiako eragile aktibo gisa, kultur diplomaziako tresna gisa, espazio eta denborako koordenada propioak dituen erritu gisa, edo gaur egungo eztabaida handiek -hala nola, hiri-eraldaketak, aniztasuna, krisi ekologikoa- zeharkatzen duten formazio gisa. Ikasgai honetan nazioz gaindiko ikuspegi konparatu batekin lan egingo dugu uneoro, eta arreta berezia eskainiko diogu Donostiako Zinemaldiari, ikerketa-kasu gisa hartuko baitugu.

SSIFF (Lan eremua)

Maialen Beloki Berasategui
Modulu: 1, 3

EQZEren eta SSIFFren arteko hurbiltasun fisiko, akademiko eta kontzeptualak, kasu honetan, tailer teoriko-praktiko baten itxura hartzen du, Donostia Zinemaldiko sailetara hurbiltzen saiatzen dena. Saioen helburua da, alde batetik, SSIFFari buruzko hausnarketara gonbidatzea, amaitutako edizioan ikasleek bizitako esperientziatik abiatuta. Bestetik, jaialdiaren lantaldeetara eta egiten dituen lan-dinamiketara lehen aldiz hurbiltzea, ez bakarrik ekitaldian zehar, baita urte osoan zehar ere. Irakasgaiak sarrera izaera du, SSIFFek urte osoan zehar deitzen dituen praktiken eskaintzarekin osatzen dena.

Zinema/Bideo erakusketa historiak eta praktikak I eta II

Ricardo Matos Cabo
Modulu: 3, 4

Ikasgaiak xehe-xehe lantzen ditu zinema-programazioaren paradigmak, bai denboran erregularrak direnak (filmoteketakoak eta zentro egonkorretakoak) bai denboran kontzentratutakoak (jaialdi eta ekitaldi puntualetakoak). Ikasgaiak ibilbide historiko eta kontzeptual bat proposatzen du, eta arreta berezia ematen die programazioa “filmak muntatzeko” arte bilakatu duten autoreei, espazioei eta proiektu espezifikoei. Ikasleei beharrezko tresnak emango zaizkie programazio-egoera desberdinetan jarrera kritikoz joka dezaten, eta gai izan daitezen aurre egiteko artxiboko irudiekin eta soinu-materialekin lan egitean batzuetan sortzen diren erronka praktiko eta etikoei. Zinemagintzaren historian programazioak, jakintzak eta idazketak izan duten harremana landuko dugu.

Astebete

Gonzalo De Pedro
Modulu: 1, 5

Ikasgai honek programa publiko bat programatzeko ariketa teoriko-praktiko bat proposatzen du, komisariotzako ikasleek asmatu eta kudeatua, Tabakalerako zinemarako, 2024ko apirilean astebetez. Modu praktikoan, komisariotzaren gai nagusiak jorratzen ditu. Zer egin? (Lenini jarraituz), edo beste era batera esanda: zer programatu, zergatik, norentzat, zein legitimitaterekin, nondik eta norantz, zer lortu nahi dugu, nor gonbidatzen dugu, zer publiko, zer film uzten ditugu kanpoan, eta zergatik? Nor etorriko da guregana, nor etortzen da gu ikustera, nor nahi dugu gu ikustera etortzea? Filmak jarri nahi ditugu? Eta ikusleak, nor dira eta nor ez?

Irakasgaiak ez du jadanik existitzen diren eta erraz simulatzen diren programak errepikatzea bilatzen, baizik eta modu kolektiboan pentsatzea eskuragarri dagoen aretotik abiatuta, bere ezaugarri teknikoak ezezik, ezaugarri fisikoak, soziologikoak, ingurumenekoak, ideologikoak, politikoak, kulturalak, klimatologikoak ere kontuan izanda. Ikasgaiak ekarpenak egitea du helburu; zer falta den, zer soberan dagoen, eta nola esku hartu eztabaida eta elkarrizketa publikoan programa baten bidez. Astebete, batez ere, talde-lana, saiakera eta emaitza izango da, esperimentu bat, hipotesi bat, hutsunerako jauzia, jolasa eta lan serioa.

Lantoki irekia: Kontadores

Arantza Santesteban Perez
Modulu: 5, 6

ASTEBETEren esperientziaren ondoren, norbaitek komisariotza bigarren ariketa teoriko-praktiko bati ekin nahi izango balio, Bidebietan (Donostiako auzo periferiko batean) zinema-programazioko esperientzia bat garatu ahal izango du. EQZEko komisariotzako ikasle batzuek garatuko dute programa hori, eta Kontadores Gazte Zentroak dinamizatuko du. Gune hori topaleku eta sorkuntza kolektiborako udal-gunea da. Programazio-prozesuan auzoko eragile eta espazioek parte hartuko dute.

El buen amor. Idazketa kritikorako tailerra

Lucía Salas
Modulu: 3, 5

El buen amor zinemari buruzko idazketaren inguruko ikasgai teoriko eta praktikoa da. Hiru bloketan banatuta dago; lehenengoak idazketa kritikoari, irudien eta soinuen deskribapenari, kontzeptuen definizioari eta tresna bibliografikoen erabilerari buruzko nozio batzuk emango dizkie ikasleei; bigarren blokeak entsegua, kritika eta editorearen zereginari buruzkoa izango da, eta hirugarrenak, berriz, zinemari buruzko testu, dokumentu eta argitalpenei buruzkoa.

Pentsatzen duen forma. Bideo-entsaiuaren hastapenak

Cristina Álvarez López
Modulu: 5

Irakasgai honek irudiekin eta soinuekin idaztetik abiatuta zinemari buruzko pentsamendu kritikoa lantzen du. Klaseek honako hauek eskaintzen dituzte: ikus-entzunezko entseguaren aitzindaritzat har daitezkeen ideia, praktika eta korronte zinematografiko desberdinei buruzko sarrera bat; muntaiaren eginkizunari eta zinemari buruzko pentsamendu bat artikulatzeko konbinazio-metodoei buruzko gogoeta bat eta pieza indibidualen azterketa bat ikus-entzunezko entsegu bat egiteko orduan abian jartzen diren prozesu eta mekanismoak ulertzeko asmoz. Ikasgai honen helburua ikasleei oinarri sendo bat ematea da, ikusleek ikus-entzunezko entseguak ulertu, aztertu eta ebaluatu ahal izan ditzaten, eta, sortzaile potentzial gisa, horrelako piezen konposizioari aurre egin ahal izan diezaioten. Helburu horrekin, ikasgaia klase teoriko eta praktikoetan banatuta dago.

Zinefabrika. Proiektu kuratorialak eta zinematografikoak garatzea

Arrate Velasco
Modulu: 3, 5

Komisariotza-jardueraren ekoizpena, kudeaketa eta gauzatzeari buruzko edukiak biltzen ditu Zinefabrikak. Batetik, mugimenduan dauden irudien zirkulazioak eta erakustaldiek dituzten berezko tresnak eta gaitasunak lantzen ditu irakasgaiak. Erakusketa-eskubideekin, kopien lokalizazio eta zirkulazioarekin eta erakusketa-espazioekin dugun harremanarekin lotutako gaiak jorratuko dira. Bestetik, produkzioaren dimentsio sortzailean sakonduko da, komisarioaren gaitasunak eta trebetasunak, lan zinematografiko berriak sortzera bideratuz. Bloke honetan jorratzen diren gaien artean daude aurrekontuak egitea, komisarioaren lidergoa eta artistekiko eta zinemagileekiko tratua. Azkenik, irakasgaiak laguntza praktiko esanguratsua emango die azken proiektuei.

Jatorrizko emultsioen artea

Esther Urlus
Modulu: 5

Emultsio fotokimiko artisauen produkzioa ezagutzen hasteko proposamena egiten da tailerrean. Arkeologia filmikoa da tailerraren abiapuntu, baina sorkuntzarekin lotutako alderdi garaikide ugari agerian uzten ditu. Materialtasunaren historian interesa dutenentzako tailerra da, baina zinema ideiak, irudiak eta soinu banda biltegiratzeko bitartekotzat ez ezik, pentsamendu, irudi eta soinu horiek sortzen eta modu aktiboan desitxuratzen dituen materialtzat ere hartzen duten zinemagileei ere zuzentzen zaie.

EQZELab. Film-laborategi profesionala

Yolanda Cáceres
Modulu: 5

Film fotokimikoaren prozesamenduarekin lotutako ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko prozesuaren azken etapa. Batetik, laborategi profesional bateko tekniketan eta lan-fluxuetan murgiltzea bilatzen du irakasgaiak, errebelatzeko (kolorea eta 16 mm-ko zuri-beltza), kolorea zuzentzeko eta kopiatzeko teknologia espezifikoaren maneiu praktikoan oinarrituta. Trebetasun praktiko horiek eskuratzeak kultura eta industria zinematografikoaren belaunaldiarteko ezagutzari eustea dakar, bestela ahaztu egingo bailitzateke. Bestetik, ikastaroan parte hartzen duten ikasleek Eskolan egindako film-materialak prozesatu ahal izango dituzte, EQZELaben zerbitzua aktibo mantenduz.

Laborategi esperimentala

Luis Macías
Modulu: 5

Filmak errebelatzeko teknikatik haratago, hurrengo pausua errebelatuak eta beste prozesu fotokimiko batzuek irudiak sortzerakoan eskaintzen dituzten aukerak aztertzea da, ikuspegi garaikide batetik. Tailer honen helburua da irudi gertagaitzak sortzea, eta horretarako, prozesu fotokimiko ez-konbentzionalak sortzeko, manipulatzeko, aldatzeko eta konbinatzeko hainbat teknika aztertzea: errebelatu gurutzatuak, alternatiboak, naturalak, esposizio anitzak, izpigramak, flat print, emultsio-alterazio eta -manipulazioak, Lift off, mordançage, zuri-beltzeko eta koloretako solarizazioa eta beste hainbat.

(Ikus-entzunezko) Unibertsoen eraikuntza

Takashi Makino
Modulu: 5

Ikasgai honetan, modu espezifikoan lantzen dira soinu-unibertsoen diseinuaren eta eraikuntzaren etapa guztiak: ideiagintza, lan-jarraibideak, irudiarekiko harremanak, soinutik sortutako proiektuen eraketa, nahasketa, etab. Irudien eta soinuaren zentzumen anitzeko indarra. Irudi eta soinuen zentzumen-estimulazio sinestesikoa eta haien indar paradoxikoaren artikulazioa zinemagintzan.

On/Off performancea

Itziar Okariz
Modulu: 5

Irakasgaia hizkuntzari, performanceari eta ekintzari buruzko gogoeta gisa proposatzen da, espezifikotasunean eta zehazten duten mugekin lotuta. Arreta berezia jarriko zaie alderdi hauei: jardun artistikoaren ezagutza arloen arteko topaguneak, erregistroaren esplorazioa eta performancea, ekintza, erregistro performatiboaren ezaugarri zantzu emailea, eta beste hizkuntza batzuetan eraldatzea, hala nola marrazkia, testua, dokumentua, bideoa… . Horri guztiari esker, gorputzaren kontzientzia hartzeko aukera ematen duen paisaia definituko da, zeinu, hizkuntzaren balio posizional eta dimentsio performatibo gisa. Gorputz zeinuen, soinuen eta hitzen haragitzea eta horien ahalmen eraldatzaile eta politikoa. 

Complex media bildumen zaintza

Mona Jiménez
Modulu: 5

Ikastaro honi esker, ikasleak bitarteko berriak eta artelan digitalak kontserbatzeko/zaintzeko alderdi nagusietan eta estrategia sortu berrietan murgilduko dira. Artelan horiek bideo edo filmen banakako proiekzioetatik harago doaz; artista garaikideek formatu eta ikus-entzunezko teknologia ugari erabiltzen dituzte instalazio konplexuak sortzeko. Eta aztergai ziragarriak dira. Hona hemen hainbat adibide: artelan zaharrenak, telebista eta antzeko objektu zaharrak erabiltzen dituztenak (izpi katodikoen hodiak), obra sinkronizatu multikanalak, joku motorrak edo kode pertsonalizatuak baliatzen dituzten obrak edo Internetetik datuak eskuratzen dituzten obrak. Artelan konplexuek elkarren artean lotutako zati asko izan ohi dituzte, eta zati horiek deszifratu eta dokumentatu egin behar dira, etorkizunean obrak artistaren ikuspegiarekiko leial funtzionatzen duela ziurtatzeko. Ikasleek artelanak aztertzen eta balizko arriskuak identifikatzen ikasiko dute, tokiko kultur erakunde baten bildumako obrak aztertuz. Erakusketen historiak aztertuko dituzte, artxibo instituzionalak kontsultatuko dituzte, artelanen benetako osagaiak aztertuko dituzte eta museoko langileekin eztabaidatuko dute artelanei buruz. Prozesu horretan, asko ikasiko dute museo eta artxiboetako artelanen zaintzari eta kontserbazioari buruz.

Mise en scène eta harago

Adrian Martin
Modulu: 4

Duela hirurogeita hamar urte, zinegileak eta kritikariak frantsesezko mise en scène terminoa erabiltzen hasi ziren, zuzentze-prozesu esateko laburtzapen modura. Terminoak baliagarria izaten jarraitzen du gaur egun, baina soilik haren definizioa zabaltzen badugu bere jatorri klasiko, teatral eta piktorikotik askoz ere haratago, eta kontuan hartzen baditugu ikus-entzunezkoen historian dauden dimentsio aldakor ugariak, besteak beste, postprodukzio prozesuak, soinuarenak eta digitalak. Ikasgai honetan ez da film osoen azterketa egiten, ez eta zinemagintzako gai eta esanahien interpretazio estandarrik ere. Aitzitik, ikasgai honek filmen zati kontzentratuak eta beste pieza mediatiko berri batzuk arretaz aztertzen ditu, ahalik eta ondoen ulertzeko obra horien egileek nola ikusten zituzten obran dauden ikuspegia, logika, egitura, eta elementuen arteko antolaketa (lan batetik bestera beti aldatzen baitira). Nola ulertzen da ikus-entzunezko lan baten estiloa eta forma (zineman, telebistan edo arte digitalean) barrutik begiratuta?

Soinuaren behatokia

Xabier Erkizia
Modulu: 1, 2

Behatokia zeharkakoa izaten da ikasturteko lehenego hiruhilabetean eta soinuarekin lotutako prestakuntzako, praktikarako eta ikerketarako gunea izaten da. Gai finkoak izateaz gain, taldekideen premietara eta unean uneko premietara egokitzen da; horregatik, praktikarekin eta egiten ari diren proiektuekin lotuta egoten da.

Abiapuntuak

Michel Gaztambide
Modulu: 1, 3, 4

Lehen lau moduluetan ematen den irakasgai honen helburua ikasleak beren filmaren izaerarekin eta abordatze-metodologiarekin aurrez aurre jartzea da. Nondik dator zure filma? Zertaz ari da? Zer emozio eragin nahi du? Irudietan konta daiteke? Nola nahi du egileak ikuslea sentiaraztea obra ikustean? Gai horietatik eta beste batzuetatik abiatuta, pelikula bat egiteko gogoeta- eta garapen-prozesuei ekin nahi zaie. Ikastaroak, funtsean, hiru lan-ildo ditu: filmaren abiapuntu edo jatorriarekin lan egitea, sormen-bidaiaren muina gisa; bidaia hori zabaltzea, filmari konplexutasuna eta sakontasuna eransteko gai diren estimulu zehatzetatik abiatuta; eta proiektua idazketatik lantzea.

Internet artxibo gisa

Rick Prelinger
Modulu: 4

Internet gizateriaren ezagutza, praktika eta materialen edukiontzi handia da. Itxuraz eskuragarria eta gardena, bilaketa sare sofistikatu eta aurrezehaztuen bidez bideratua, Internet historiako artxiborik handiena bezala agertzen da (baita zinemarena ere), itxuraz beste artxibo batzuen antzeko ezaugarriekin, baina baliabide guztiz berritzaileekin. Bere berezitasunetik abiatuta, ikasgaia artxibo-ikuspegitik hurbiltzen da Internetera, baina ikuspegi kritiko, sortzaile eta kuratorial batetatik. Ildo horretan, "Internet artxibo gisa" ikasgaiak artxiboaren hurbilketa dinamikoa eta ez-estatikoa proposatzen du, komisariotza eta sorkuntzako praktiken mugak lausotuz.

Kontaktuak: zinema, bideoa eta artea euskal testuinguruan

Peio Aguirre
Modulu: 4

Irakasgai honek artistaren ikus-entzunezkoa du ardatz Euskal Herriko testuinguruan. Ikusentzunezko eta praktika artistikoen arteko harreman eta joan-etorriak hartzen ditu abiapuntutzat, batez ere artearen sisteman gertatzen direnak: museoak, arte-zentroak eta galeriak, edo zinemaren beraren aldirikoak.Ikus-entzunezko sorkuntzaren tokiko panorama aztertzen du irakasgaiak aztergai, gonbidatu, proiekzio eta irteeren bitartez.

Beste zinema kamera

Asier Armental
Modulu: 3, 4

Zinematografoaren hastapenetan, irudiak erregistratzen zituen kamerak irudi horiek proiektatzeko ere balio zuen. Une bat harrapatzeko biradera aktibatzen zuen operadorea bera arduratzen zen arrasteko engranajeari bira eginarazteaz, filma errebelatu ondoren irudi horiek berak pantaila batean partekatzeko. Zein unetan bereizi ziren bi eginkizun (eta bi kamera) horiek eta, batez ere, zer ondorio izan zituen horrek? Zergatik ikusten dugu proiekziogilearen lanbidea, gaur egun eta ia-ia filmaren arrastea mekanizatu zenetik eta banaketa zirkuituak sortu zirenetik, kamera operadorearen lanbidearekiko hain arrotz eta hain urruneko? Cinématèque Française erakundearen sortzaile Henri Langlois-ek zioen bere zinema kamera proiektatzeko kamera zela; baieztapen horrek proiekzioaren artea aldarrikatzearen garrantzia nabarmentzen du.

Kode irekiko tresna digitalak ikus-entzunezko artxiboetarako

Reto Kromer
Modulu: 5

Eskolaren hasieran artxibo formatuei buruzko sarrera bat egingo dugu. Oinarri horren gainean, ikasleek software librea eta kode irekiko softwarea modu praktikoan aztertuko dituzte, hala nola FFmpeg (artxiboen konbertsioa), QCTools (kalitate kontrola), AEO-Light (soinu optikoen pistak ateratzeko) eta DCP-o-matic (DCPak egiteko), baita multimedia irakurgailuak ere. Filmak eta bideoak digitalizatzeko azpiegiturari eta lan prozesuei dagokienez, hainbat baliabide aurkeztu eta horiei buruz eztabaidatuko dugu, eta aurrekontu txikiko ingurune zailetan ezartzeko moduko aukerei bereziki erreparatuko diegu. Eskola bukatzeko, datuak gordetzeari eta datuen migrazioari buruzko deskribapena egingo dugu, eta hondamendien plangintza eta berreskuratzea ere aztertuko ditugu.

Landa-soinua, muntaketa eta nahasketa. Erregistratzea, lantzea eta transmititzea

Xanti Salvador
Modulu: 1, 2

Tailerrari hasiera emateko, soinu-erregistrorako ekipoak aztertuko dira, batez ere eskolako materiala baliatuz. Horretarako, alderdi tekniko eta praktikoak landuko ditugu. Bigarren blokean, lan-fluxuaren koordinazioa landuko dugu: audioa eman eta jaso, muntaia hasi eta nahasketa entregatu. Oro har, sorkuntza-espazioa hobetzeko eta zabaltzeko zein tresna dauden ezagutzea da helburua.