Sistema#zinematografiko bat Sistema#zinematografiko bat

Sistema
zinematografiko bat

Elías Querejeta Zine Eskola Tabakalera eraikinean kokatuta dago, eta zentroaren ekosistema kultural eta profesional dinamikoaren zati da, zeinak aparteko berezitasuna ematen dion

Elias Querejeta Zine Eskolaren filosofian funtsezko printzipioa da teknologiaren eta pentsamenduaren, sorkuntzaren eta gogoetaren, intuizioaren eta trebetasun teknikoen, lan metodikoaren eta inspirazioaren, zientzien eta humanitateen arteko etengabeko harremana. Ideia horrekin, espazioari nahiz kontzeptuei dagokienez, estudio edo tailer gisa pentsatua dago eskola. Bertan, ikasleen eskura daude talde teknikoak eta laborategiak, eta ikasleak eskola orduetatik eta ordutegi arautuetatik haratago joaten dira lanera. 

Espazio propioaz haratago, Elías Querejeta Zine Eskola Tabakalera eraikinean dago, eta beste erakunde kultural eta zinematografiko batzuekin batera, hala nola Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategia, zentro dinamiko eta trinkoa osatzen du, eta zinemaren errealitate konplexu osoan jarduten. EQZEn eraikinari zinemaren etxea deitzen diogu, teilatupe berean pilatzen direlako zinemaren inguruko hainbat baliabide, begirada eta estrategia. Zinemaren etxeak, beste ekipamendu batzuen artean, Euskadiko Filmategiaren kontserbazio nabeak, bulegoa eta dokumentazio zentroa, Medialab sorkuntza liburutegia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren emanaldi eta erakusketa aretoak, eta Donostia Zinemaldiaren egoitza hartzen ditu, bai eta artista egoiliarren lan espazioak ere.

Eraikinaren espiritu orokorretik harago, eta erakunde bakoitzak ematen dituen baliabide askotariko eta ugariei esker, zinemaren etxea aukeren espazio dinamikoa da bai ikasteko, bai ikertzeko eta ekoizteko.

Baliabide horien izaera aintzat hartuta, zinemaren etxea honela dago egituratuta:

Laborategiak

EQZEren ekipamenduari eta instalazioei esker, zinemaren tresna analogikoak eta digitalak eskura ditzakete ikasleek, bai irudiak eta soinuak jasotzeko, bai prozesatzeko, postprodukziorako, zaharberritzeko, zaintzeko eta proiektatzeko. Eskolak baditu errodaje analogikoko (8 mm, 16 mm) eta digitaleko ekipoak, material fotokimikoa errebelatzeko eta ikuskatzeko laborategia, irudi eta soinu digitalaren postprodukzio estudioa, 8 mm, 16 mm eta 35 mm-ko digitalizazio postuak, euskarri magnetikoa digitalizatzeko postua eta proiekzio atelierra (8 mm, 9,5 mm, 16 mm, 35 mm eta DCP).

Biltegia

Biltegia eskolako zinema, bideo eta soinu ekipamendua gordetzen eta zaintzen duen departamentua da. Hortik kudeatzen da EQZEren gainerako laborategien eta ekipoen erabilera. EQZEko kide guztiek eskolako instalazio eta ekipo guztiak erabiltzeko eskubidea dute, oinarrizko erreserba protokoloari jarraituta eta horien erabilera jarduera akademikoari lotuta dagoenean betiere. Horrez gain, ekipoen erabilerari buruzko prestakuntza espezifikoa osatuta eduki behar dute, eta bertaratzeari eta oinarrizko konpromisoari buruzko eskolako araudia bete behar dute.

Arreta emateko eta ekipamenduen erreserba egiteko ordutegia honako hau da: asteartetik ostegunera, 15:30etatik 17:30etara. Erreserba gutxienez bi egun lehenago egin behar da.

Laborategia 1 / Laborategia 2

Laborategi fotokimikoek badute behar den ekipamendu teknikoa film materiala ikuskatzeko, berreskuratzeko, zaintzeko, errebelatzeko (eskuz edo profesionalki), zuzentzeko eta editatzeko. Espazio horren hornidura teknikoa Debrie errebelatzeko bi trenek, Bell & Howell kontaktu-kopiagailu batek (16 mm) eta Filmlab Systems International Colormaster kopia positiboen etalonajerako kolore-analizatzaile batek osatzen dute.

Ikuskapena

Ikuskapena material fotokimikoa eta magnetikoa identifikatu, berrikusi eta garbitzeko gela da. Harilkatzeko banakako mahaiak eta kopiak eta negatiboak ikuskatzeko eta aztertzeko tresnak ditu, baita juntagailuak, soinu-sinkronizagailuak, formatu txikiko mobiolak, hezetzeko kamera eta laborategiko kanpaia erauzgailua ere, infektatutako materialetarako

Digitalizazioa

Digitalizazio gelak filmak digitalizatzeko bi eskaner ditu (Filmfabriek eskanerra, 16 mm, 9,5 mm eta 8 mm-koa, eta Cintel eskanerra, 35 mm eta 16 mmkoa), formatu magnetikoen erreproduzitzaileak, hala nola VHS, Betacam, U-matic, DVCam, Hi8…, multinorma ekipamenduak (NTSC eta PAL), audio erreproduzitzaileak (CD, DAT, biniloa, kasetea)

Lantegia

Hiru espezialitateek eskuzko lanak egiteko eremu balioaniztuna eta egokitzailea da: plato txiki bat, kineskopatze-gela bat, proiekzio-atelier bat, animazio-estudio bat edo lan performatiborako agertoki bat bihur daiteke

  • PDF Ikasleen eskura dagoen ekipamendu teknikoa