Publikazioak /
Filmmakers Thinking
Ingelesez, izenburuak esanahi bikoitza du: “Filmmakers Thinking”-ek prozesu aktiboa eta jarraitua adierazten du (zinemagileak pentsatzen), baina “Filmmakers’ Thinking” posesiboa ere badakar, eta kontsultatu daitekeen obra bat iradokitzen du, artista horien pentsamenduak jasotzen eta islatzen dituzten zenbait testu (era askotakoak), orain eskura jarriak gure azterketarako eta gozamenerako. Bi esanahi horiek interesatzen zaizkit, biak hurrengo orrialdeetan jasotzen baitira. Liburu honek ezohiko egitura du, eta ezohiko asmoa. Ez du nik erabat argudiatutako tesirik edo nire iruzkinik aurkezten. Ez du ordena kronologiko zorrotzik. Ez du ez oin-oharrik, ez bibliografiarik. Ez da zinemaren azterketari, kritikari edo historiari buruzko liburu arrunt eta lineala. Ez du inkesta objektiboa izan nahi inola ere . Aitzitik, uste soil baina sutsu batetik sortzen da: arreta eta errespetu handiagoa eman behar diegu zinemagileen hitzei. Horretarako, aukeratu dudan sekuentzia berezi batean, zinemagile-pentsalari-artista askoren idazkiak, adierazpenak eta gogoetak aurkezten ditu. Baina ez da zinemagileen testuen antologia soila (badaude horrelako liburu batzuk, eta denak dira baliagarriak, baina bat bera ere ez da behar bezain osatua). Sukaldaritzako metafora bat erabiliz, "zaporeen erakusgai" edo smorgasbord moduko bat da: nire oharrekin tartekatutako aipamen hautatuak. Zinemagile bakoitzarentzat testu garrantzitsu bat edo testu horren zati zehatz bat aukeratzen dut. Batzuetan, testuingurua ematen dut; beste batzuetan, berriz, loturak edo kontrasteak iradokitzen ditut zinemagileen jarrera aitortu edo inplizituen artean. Noizean behin, norbaiten baieztapenen bat ere kritikatzen dut, baina ia beti asmo onez, nolabait hura berreskuratzeko. Zinemagileen pentsamenduaren mundua irudimenez bizitzea nahi dut, ez kanpoan geratzea eta kanpotik epaitzea.
Baliteke hurrengo orrialdeetan "kultura zinematografiko" edo zinemazale jakin baten (nirearen) isla lanbrotsua agertzea, baina inoiz ez dut esplizituegia egiten. Liburu honen azpian forma jakin bat baldin badago, ez da era jarraituan ageri, etena baizik, argi-keinuen modura, ikasgelan mintegi baten ondoz ondoko asteetan gerta litekeen bezala. Hain zuzen ere, halaxe hasi zen proiektu hau: PowerPoint-eko diapositiba-sorta gisa, eta haietako batzuk duela hamarkada bat baino gehiagokoak dira. Ikusi dudanez, nire buruak PowerPoint-eko diapositiba-sekuentzia gisa funtzionatzen du, buletak eta guzti. Biltzen ditudan dokumentuak azaldu eta aurkezten ditut, eta azaletik egiten ditut oharrak. Batzuetan, testu bat (film bateko eszena bat bezala) motel eta behin eta berriro irakurri behar da, urratsez urrats edo esaldiz esaldi. Beste batzuetan, mokadutxoak hartzen ditut, kronologiatik kanpo, lapurtxori batek bezala. Kontu batetik bestera egiten dut jauzi, denboran, herrialdeetan eta forma, modu eta generoetan barna. Zorionez, gai batzuk batu eta zurrunbiloan bilduko dira. Samuel Fullerrek azken orrialdean eskuz idatz zezakeen moduan: “Liburu honen amaiera zuk bakarrik idatz dezakezu”.
Adrian Martin
Biografia
Arte kritikaria eta ikus-entzunezko artista, Vilassar de Mar-en (Espainia) bizi da. Irakasle laguntzailea da Zine eta Ikus-entzunezkoen Ikasketetan Monash-eko Unibertsitatean (Australia). Zineari buruzko zortzi liburu argitaratu ditu (berriena, Mysteries of Cinema: Reflections on Film Theory, History and Culture 1982-2016, Amsterdam University Press-ek argitaratua) eta “LOLA” online aldizkariaren koeditorea da.
Fitxa teknikoa
Egilea: Adrian Martin
Editoreak: Elías Querejeta Zine Eskola
Orrialde kopurua: 245
ISBN: 978-84-7907-847-8
Urtea: 2022