Claire Mullen

Archivo
Claire Mullen (2023-2024)

Claire Mullen lehen mailako irakaskuntzan hasi zen filmak egiten, eta institutuan Academy of Integrated Humanities and New Media (AIM) akademiarekin bat egin zuen; bi urteko iraupena zuen ikasketa sozial eta zinema dokumentalaren programa integratu bat zen. Humanitate eta Komunikazio Zientzietan lizentziatu zen (Scripps College), eta komunikazioa aztertu zuen justizia soziala sustatzeko tresnatzat. 2009an, Boliviara joan zen ikastera, eta han dokumental bat egin zuen Evo Moralesek hauteskunde presidentzialetarako bigarren kanpainan erabilitako irrati komunitarioko sareen erabilera esklusiboari buruz. Lan hori bere graduazioko tesiaren parte izan zen; hain zuzen, gorroto diskurtsoen legeen eta komunikabideen jabetzaren alderaketa egin zuen Estatu Batuetan, Bolivian eta Alemanian. Boliviako irrati komunitarioetan izandako esperientziak audio transmisioko komunikabide demokratikoetan sakontzera eraman zuen, eta KQED eta KALW irrati publiko nazionaletan lan egin zuen, biak San Frantziskon. Lau urtez lan egin zuen audio ekoizle Radio Ambulante-n, gaztelaniazko ez fikziozko podcast narratibo batean, alegia. 2014 eta 2015 artean, audio ingeniaritzan trebatu zen Women's Audio Mission-en; emakumeentzako grabazio estudio eta hezkuntza zentro bat da, emakumeak musika ekoizpenean eta grabazio arteetan garatzera bideratua. Bi urtez barneko audio ingeniari lan egin zuen Reveal ikerketa erreportajeen ordubeteko asteroko programa batean, Center for Investigative Reporting irabazi asmorik gabeko erakundean. 2017az geroztik, Mexiko Hirian bizi da, eta han, audio ingeniari eta soinu diseinatzaile independente lan egin zuen. Gainera, ingeniaritza lanak egin ditu hainbat proiektutan, hala nola Ayotzinapako sarraskiari buruzko lau ataletako ikerketa proiektuan, Reveal-en eta Segurtasun Artxibo Nazionalaren arteko lankidetza bat. Audio istorioak eta dokumentalak ekoitzi ditu hauentzat, besteak beste: 99% Invisible, Public Radio International eta NPR. Soinu diseinuko eskolak eman ditu IUC Berkeley Advanced Media Institute institutuan eta KPFA Audio Apprenticeship Program egitasmoan. Hainbat sari eta aipamen jaso ditu bere lanagatik, hala nola: finalista Gerald Loeb 2021 sarietan, irabazlea Alfred I. Dupont-Columbia 2018 sarian, finalista Adelante Reporting Fellowship 2018 sarian, irabazlea TC/RHDF Director's Choice Award 2016 sarian eta finalista KCRW Radio Race 2016 sarian. Liburu Kritikarien Zirkulu Nazionaleko kidea izan zen 2019 eta 2021 artean, eta literatura, arte eta zinemako kritika idatziak argitaratu ditu komunikabide hauetarako, besteak beste: The Nation, The Believer, Artsy, Lithub eta Public Books. Claire 35 mm eta Super 8 formatuetako argazkilari/bideografo analogiko amorratua da, eta 2007az geroztik zenbait errebelatze gela komunitariotako kide iraunkorra izan da.

Profil honen azken eguneratzea: 2023