Egonaldi eta garapen programak

flecha

Ikusmira Berriak eta Noka Mentoring, bi garapen programa

Egonaldi eta garapen programen bitartez, EQZEk eta Tabakaleraren ekosistemako erakundeek zinemagileei laguntzen diegu beren film berriak kontzeptualizatzeko, idazteko eta  formalizatzeko fase goiztiarretan.

Zehazki, Elías Querejeta Zine Eskolako egresatuek programa horietan ikasturtean garatutako proiektuekin lanean jarraitzeko aukera dute, eta jarraitutasun eta sorkuntza eskakizun berrien testuinguru batean egitekoa.

Ikusmira Berriak

315 /  / Elías Querejeta Zine Eskola
Maximiliano Schonfeld, Joâo Paulo Miranda, Irati Gorostidi, Jaume Claret, Ana Cristina Barragán eta Meritxell Colell, Ikusmira Berriak programaren 2022. edizioaren egoiliarrak

Ikusmira Berriak programa 2015. urtean jaio zen, Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuak elkarlanean antolatuta, Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin. 2018az geroztik, EQZE Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatzen da. Gaur egun, programak sei egoitza eskaintzen ditu honako atalotan:

  1. EAEko zinemagileak
  2. Espainiako zinemagileak
  3. Nazioarteko zinemagileak
  4. EQZEren ikasleak
  5. NEST saileko azken bost urteotako parte-hartzaileak

Ikuspegi estrategiko komun horretatik sortzen eta elikatzen da Ikusmira Berriak proiektua. Zortzi asteko egonaldia aurreikusten du, bi fasetan banatuta; halaber, zazpi hilabeteko laguntza-programa jasotzen du –martxotik irailera bitartean–. Lehenbiziko fasean, egoiliarrek sei astez garatzen dituzte beren proiektuak (martxotik eta apirilera), eta adituen batzordeko kideen aholkularitza jasotzen dute. Kideok tutoretza-lanak egiten dituzte proiektuotan, eta, horretaz gainera, garapen-prozesuaren faseak premien arabera lantzen dituzte.  Irailean, Donostia Zinemaldiarekin batera, itzuli egiten dira egonaldiaren azken bi asteak betetzeko. Denbora horretan, egoiliarren egitasmoetan parte hartu nahi duten profesionalekin lankidetzan aritzeko aukerak lantzen eta sustatzen dira. Egonaldiko bi faseen artean, tutoreek eta erakundeek aholkularitza eta laguntza ematen diete proiektuen garapenari.

Programan parte hartzen duten erakundeek talentu zinematografikoari laguntzeko sistema bat eratu dute. Halere, sistema hori proiektu bat sortu eta ikusaraztetik haratago doa; izan ere, talentuari luzaroko laguntza eta babesa eskaintzeko jomuga ere badu.

Hauek dira Ikusmira Berriak programan 2020tik, zentroan garatutako lanak aurkezten diren lehen ediziotik, parte hartu duten ikasleak:

- 2020: Gabriel Azorín (EQZE)

- 2021: Marina Palacio (CAV) eta Magdalena Orellana (EQZE)

- 2022: Jaume Claret (Nest) eta Ana Cristina Barragán (EQZE)

Informazio gehiago

NOKA Mentoring

Noka Mentoring, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programa, Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloak koordinatzen du, Zineuskadirekin lankidetzan, Euskadin eta Nafarroan oinarritutako zuzendari berrien proiektuak tutorizatu, lagundu eta bultzatzeko.

Noka Mentoringek denbora, espazioa, testuingurua eta akonpainamendu profesionala eskaintzen die zuzendari parte-hartzaileei euren filmen hasierako fasean; horrez gain, ahalik eta osoena izango den zuzendari-txosten bat egiten ere lagunduko diete, eremu zinematografikoan gaur egun eskaintzen diren tutore laguntza batzuk eskuratzeko aukera izan dezaten, bai Eusko Jaurlaritzakoak, bai ICAAkoak (Kultura Ministerioko Zine eta Ikus-entzunezko Institutua), eta baita nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionaletakoak.

Urtero hautatutako hiru zuzendariek Noka Mentoringek eskainitako programan euren proiektuak ahalik eta baldintza onenetan garatzeko, 4.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.

Hauek dira Noka Mentoringen, programa 2020 urtean hasi zenetik parte hartu duten EQZEren ikasleak:

- 2020: Marina Palacio

- 2021: Clara Rus

- 2022: Maria Inês Gonçalves eta Andrea Sánchez

Informazio gehiago

316 /  / Elías Querejeta Zine Eskola