Zinemaren
hiru aldien
eskola
Elías Querejeta Zine Eskola zinemaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko nazioarteko zentro bat da, pentsamendua, praktika esperimentala eta berrikuntza pedagogikoa eskaintzen dituena
Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua eta UPV/EHUri atxikita, Elias Querejeta Zine Eskola 2017. urtean jaioa da, espiritu suhar eta berritzaileaz beterik; bere helburua ez da eredu formatibo tradizional eta estandarizatuen araberako koadro teknikoak sortzea, baizik eta begiratu integrala duten eta errealitate zinematografiko berriak (laboralak, kontzeptualak, kreatiboak, profesionalak) sortzeko gai diren zinemagileak sustatzea.
EQZE gauzatzen da bere kontzeptualizazioa eragiten ari diren hiru eragileen ezagutza arloetatik abiatuta. Hiru erakundeok dira: Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabakalerako kultur proiektua. Eskolak Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan du egoitza, erakunde horiek dauden eraikin berean. Eskolaren garapenean inplikaturik dauden erakundeak ez dira irakas-mundukoak, erakunde zinematografikoak baizik. Horretatik dator sustatzen ari diren eskola ere proiektu zinematografikoa izatea funtsean: proiektu pedagogikoaren forma duen proiektu zinematografikoa.
Filmeen eta ikus-entzunezkoen historiari eta tradizioari buruzko ikuspegi genealogiko eta borobila izateaz gain, ikuspuntu akademiko berezia ere baduelako, EQZE “zinemaren hiru aldien eskolatzat” identifikatzen da. Eskolaren jatorriak eta kokalekuak, zinemari buruz duen ideiak eta irakaskuntza proiektuak aparteko kasu bihurtzen dute nazioarte mailan, baina eragotzi gabe, horrexegatik beragatik, euskal zinemaren laborategi estetiko eta profesional bihurtu ahal izatea ere.
1.
Formazio espezializatuak neutraltasun moduko batera eraman izan ohi du zinemaren irakaskuntza; hala, hainbatetan, bazirudien garrantzitsuena zela merkatuaren eskarietara egokitutako profesionalak sortzea. Aitzitik, Eskola honek zinemaren ideia suhartsua eta bizitzari oso atxikia du, esperimentaziorako eta berraktibazio sozialerako joera nabarmenarekin.
2.
EQZEk zinemaren bisio unitarioa du, non irudiak proiektatzeko ofizioa eta irudiak erregistratzekoa ez dauden oso urrun; hastapenetan bezalaxe, alegia, hasierako kamera haiek ere irudiak jaso eta eman egiten baitzituzten. Eskolaren bisioaren metafora ederra da kameraren unitate hori: zinemaren hiru sasoiak batera bildu nahi ditugu, antzinako zinema ofizioen kategoriak, generoak, diziplinak eta partzelazioak ezabatu. Zinemaren zabalera handitu nahi dugu gainera, beste jakintza eta arteekiko loturak eginez.
3.
Zinema bakar bat irudikatzen dugu, generorik eta kalifikatiborik gabe; bai a, aldi berean, zinemagile izateko modu asko ikusten ditugu. Izan ere, gaur egun, zinemagile izatea ez da irudiak egitea bakarrik, irudiok ikusgai egitea ere baizik; izan ziren irudiak, direnak eta izango direnak.
4.
Gure zinemaren ideia urrun dago “filmak egiteko” urgentzia horietatik; gertuago dago “zinema egitetik”, hau da, pentsatzetik, ukitzetik, babestetik, zaharberritzetik, usaintzetik, berrikustetik, programatzetik, gogoratzetik, gordetzetik, proiektatzetik... Bai, proiektatzea zentzu guztietan ulertuta bultzatzen dugu: egiteke dauden filmak irudikatzea, baina dagoeneko eginda daudenen etorkizunean eta orainean ere pentsatzea.
5.
EQZEn pentsatzen dugu zinemagileen formazioa etengabe hausnartu eta kuestionatu behar dela izatez, Eskola bera da horren lekukoa; oinarrian duen espiritu kritikoak proiektu pedagogiko irekia eta etengabe eraikitzen ari dena irudikatzen baitu. Sinesten dugu bilaketa teoriko, emozional, esperimental eta praktikoaren arte konplexu eta iraunkorrean murgilduta egongo den eskola batean.
6.
Proiektu formatiboa, izan ere, etorkizunean zinema sortu, ikertu eta kudeatuko dutenengana zuzendua dago. Bere hiru ibilbideak murgiltze ereduko graduondokoak dira, non irakaskuntza, praktika esperimentala, ibilaldi profesionalak eta proiektu pertsonalen garapena etengabe uztartzen eta konbinatzen diren. Proiektu pedagogikoaren funtsezko elementuetariko bat oztopo horizontalen haustura da (erakunde zinematografikoaren barruan nahiz kanpoa daudenena), herritarrak ere, saio irekien bitartez, Eskolaren beraren eztabaida formatibo eta sortzailean inplikatzea bilatuko baitugu.
7.
EQZE esperientzia kolektiboa ahalbidetzen saiatzen da (komunitate akademikoarena eta gizartearena), baina baita bidaia indibidual bat ere, ikasle bakoitzak bere buruari eskainiko dizkion ibilbide indibidualizatuen bidez. Eskola bakarra, baina ikasle adina irakasbide. Izan ere, pertsona guztiak desberdinak nagara, zergatik egin guztientzako eskola berdina?

8.
EQZEren metodologia pedagogikoan ikerketa, filmen bibentzia suharra eta praktika esperimentala uztartzen dira; eta ezabatu egiten dira kategoria bertikalak, profesional eta amateurren artekoak, eta kategoria horizontalak, zinemaren eta gainerako diziplina sortzaileen artekoak.
9.
Gure eredu pedagogikoaren ezaugarri nagusietako bat da ez banatzea pentsamendu eta praktika zinematografikoa, pentsatzen dugulako badela kameraren bitartez pentsatzeko era espezifiko bat. Esakune aristotelikoak dioen bezala, “zer egin behar duzun jakiteko, jakin nahi duzuna egin behar duzu”.
10.
Bere kokapenaren ondorioz, amauteurtasunaren eta profesionaltasunaren arteko iraganbidea edo kuriositatearen eta esperientziaren artekoa maiz gurutzatzen da. Nahi genuke iraganbide hori joanekoa bakarrik ez, baizik eta joan-etorrikoa izatea, eta etorkizuneko zinemagilearen bizitzan ohi-ohiko bihurtzea, etengabeko aireberritze eta hausnarketa modura.
EQZEk zinemari buruzko ikerketa eta berrikuntza prozesu baten emaitzatzat dauka bere burua, kontzeptualki eskola bizi gisa zehaztea lortu duena
Ikerkuntza zineman egoteko modu bat da Elías Querejeta Zine Eskolarentzat. Ohitura natural bat. Ikasleei, irakasleei eta profesionalei arduraz jokatzeko eskatzen dien benetako lan metodologia bat.
Zehazki, hazi horretatik eratorri dira zentroan zabaldutako ikerketa baliabide guztiak (mintegiak, proiektuak eta ikerketa ekintzak, argitalpenak…), eta hortik elikatzen dira haren jarduera guztiak (pedagogikoak, akademikoak, intelektualak eta sortzaileak) eta blaitzen ekintza estrategiko guztiak.
Ikerketak egituratzen du EQZEren ikertzaile eta ikastunen komunitatea, eta eragile akademiko eta profesionalen arteko loturen diziplina arteko sarea ezartzeko aukera ematen du.
Elías Querejeta Zine Eskolaren irakaskuntza-proiektua hiru graduondoko programa hauek garatuz zehazten da: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza
Eskolaren xedea da zinemagileak formatzea, zinemagile hitza zentzurik zabalenean eta transbertsalenean hartuta; hau da, bai iraganeko zinemaz (ikerketa eta babesaren bitartez), bai oraingoaz (komisariotza eta programazioaren bitartez), bai eta etorkizunekoaz (sorkuntzaren bitartez) jabetuta eta trebatuta dauden zinemagile gaituak formatu nahi ditu, begirada oso eta bateratu bat garatuz.
Artxiboa espezialitatearen helburua da adituak trebatzea ondare zinematografikoaren eta ikus-entzunezko ondarearen identifikazioan, sailkapenean, errestaurazioan eta zaintzan, eta espezialitatea bera planteatzen du sorkuntza artistikorako eremu gisa. Komisariotza saila oinarritzen da zinea eta ikus-entzunezko arteak objektutzat dituzten era guztietako programazio, argitalpen, interbentzio eta erakusketen kontzeptualizazioan, kudeaketan, garapenean eta hedapenean. Azkenik, Sorkuntza espezialitateak lantzen ditu obra bat asmatzeko, esperimentatzeko, sortzeko eta burutzeko behar diren alderdi guztiak bilatzen saiatzen da.
2019 urtetik EQZEren ikasketak Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) berezko masterrak dira.

Ibermediak 50.000 dolar esleitu dizkio Elías Querejeta Zine Eskolari ikasle latinoamerikarrentzako bekak sortzeko
Ebaluazio Batzordeak EQZEren proiektu pedagogikoaren sendotasuna eta anbizioa azpimarratu ditu, eta nabarmendu du elkarlanean aritzen dela laguntzen duten erakundeekin. 14 ikaslek 2024-2025 ikasturteko matrikularen gastuak ordaintzeko 3.571 dolarreko laguntza jasoko dute.

Gran presencia de EQZE en Zinebi
Tomás Paula Marques hirugarren promozioko ikaslearen Dildotectonics eta Niles Atallah-ren Vitanuova (EQZEko laborategi fotokimikoan garatua, zentroko ikasleen parte-hartzearekin) nazioarteko film laburren Sail Ofizialean parte hartuko dute. Garatzen ari diren bi proiektu: Mikele Landaren Senda eta Lucia Malandro eta Daniel Saucedoren La isla sumergida, hurrenez hurren, Zinebi Networking eta Nokako selekzioen parte dira. Bestalde, Pablo La Parra Pérezek, EQZEko Ikerketa saileko arduradunak, "Artxiboarekin (eta hortik) lan egitea" topaketan parte hartuko du Santiago Aguilarrekin batera, "Zinebi Gordailua" proiektuaren ikertzaile nagusia, hain zuzen ere jaialdiaren zinema-fondoa ikertzen duena. Topaketa horretan Filmoteca Española eta UPV/EHUko ordezkariak ere izango dira, eta ikus-entzunezko ondarea ikertzen duten erakundeen lana nabarmentzea du helburu. EQZEko “Zinemagileak egoitzan” programako egonaldiarekin kointzidituz, Rita Azevedo Gomes ere Zinebin izango da eta Ohorezko Mikeldi sarietako bat jasoko du.

EQZE L’Alternativa zinema-jaialdian
L 'Alternativak programa bat eskainiko dio Elías Querejeta Zine Eskolari zentroan sortutako film saio bat eta Matías Piñeiro eskolako Sorkuntza arloko koordinatzaileak, Laia Manresak eta Paola Lagosek parte hartuko duten topaketa baten bitartez. Bestalde, Dildotectónica eta Wild Flowers filmek, Tomás Paula Marques eta Karla Crnčević ikasleenak, Sail Ofizialean hartuko dute parte. Bertan, Negu kolektiboaren Negu hurbilak proiektatuko da; Ekain Albite zentroko seigarren promozioko ikaslea da kolektibo horretako kidea. La merced, Mario Sanz lehen promozioko ikaslearen garapenean dagoen proiektua, L 'Alternativa Pro Proiektuak garatzeko laborategiaren parte da.