Berriak /
Mintegi eta erakusketa bat aurkeztu ditu EQZEk
Elías Querejeta Zine Eskolak nazioarteko mintegi bat antolatu du urriaren 26, 27 eta 28rako, gaitzat hartuta zinema amateurra, “izenik gabeko” filmak, eta autoretzaren kontzeptua, izenburu honen pean: Zinema anonimo eta zurtzaren historiak (eta estetikak). Aldi berean, ikusgai jarriko da "Izenik gabeko" zinema erakusketa eskolaren espazioan bertan.

Zinema anonimo eta zurtzaren historiak (eta estetikak) mintegiak film kategoria horretako zinemagileak eta aztertzaileak elkartuko ditu urriaren 26tik 28ra
Eskolaren instalazioetan Izenik gabeko zinema izenburua duen ikus-entzunezko erakusketa ere jarriko da
Elías Querejeta Zine Eskolak nazioarteko mintegi bat antolatu du urriaren 26, 27 eta 28rako, gaitzat hartuta zinema amateurra, “izenik gabeko” filmak, eta autoretzaren kontzeptua, izenburu honen pean: Zinema anonimo eta zurtzaren historiak (eta estetikak). Mintegia irekia da jendearentzat, oro har, eta bere hiru jardunaldietara bilduko ditu zinema zurtza eta artxiboen sekretuak lantzen dituzten espezialistak, kontserbatzaileak, artista bisualak, zinemagileak eta aztertzaileak. Programako saioak -hiru proiekzio eransten dira Euskadiko Filmategiaren eta Tabakalera kultura proiektuko Zinea eta Ikusentzunezko alorren lankidetzarekin- saio misto gisa pentsatuak daude, hau da, filmetako zati laburrekin ilustratutako hitzaldiak. Aldi berean, ikusgai jarriko da Izenik gabeko zinema ikus-entzunezko erakusketa, eta leit motiv beraren inguruko zinema erakustaldi zabala hartuko du eskolaren espazio berean.
Egilerik edo autoretzarik gabeko zinema, zinema zurtza deitutakoa, ez da bitxikeria, baizik eta XX. mendeko zinema produkzioaren zati handi baten ezaugarri komuna. Zinema anonimoa sinadurarik gabeko zinema da: etxeko zinema, zinema zurtza, zinema industriala, zinema amateurra, osatu gabeko edo zentsuratutako zinema, erabaki politikoak edo testuinguru sozial jakin batzuk direla-eta artxibo batean ahaztutako zinema, beren burua egile gisa ikusi ez zuten zinemagileen pelikulak edo film-erakundeak pelikulatzat hartu gabeko zinema. Zinema anonimoa da, orobat, kredituak izan arren –baita autore zigilua ere–, jende anonimoaren bizitzako uneak jasotzen dituena: zinema horretako protagonistak ez dira izarrak, begitarte iheskorrak baizik.
Autoretzaren kontzeptua ezin berezizkoa da zinemaren historia interpretatu den modutik, aurrena, star system delakoarekin (izarren sistema), eta gero, la politique des auteurs delakoarekin (autoreen politika). Beraz, “izanik gabeko zinema” aipatzeak ezeztatu egiten du zinemaren historiaren eta kritikaren funtsezko kategorietako bat. XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, zinema amateurraren, zinema zurtzaren eta zinema anonimoaren errebalorizazioak eta azterketak historiaren gune ezezagunak ikertzeko bide berriak ireki dituzte eta, ondorioz, anonimotasunak film-kategoria berri bat gaitu du, deitzeko, identifikatzeko, sailkatzeko eta zehazteko zailtasuna duen kategoria; eta galdera ugari planteatzen dituena eta leku komun ugari zalantzan jartzen dituena.
Zinema anonimo eta zurtzaren historiak (eta estetikak) mintegiaren asmoa da, hain zuzen, zinemari begiratzeko modu berri horiek erakustea eta gai horren inguruan mundu osoan egiten ari diren azterketak eguneratzea. Ikuspegi didaktiko batetik abiatuta, eta mota horretako zinema produkzioen ikerkuntzan eta hedapenean lan egiten duten nazioarteko erakunde nabarmenetako profesionalen partaidetzarekin (ikusi programa), “izenik gabeko” zinemaren historiaren zati bat da arakatuko da mintegian eta, halaber, alor hauetako gaiak aztertuko dira: mendearen hasierako zientzia eta medikuntza alorreko zinema, eta gerra aldiko eta zinema militante eta politikoari buruzko zinema historikoa; gainera, etxeko pelikulak erakutsiko dira eta baita ere material anonimo berezi hauetatik abiatuta egindako sorkuntza artistikoak.
Izenik gabeko zinema erakusketa
Mintegiarekin bat eginez, Elías Querejeta Zine Eskolak bere instalazioak irekiko ditu galeria baten itxura hartuta, zinemaren historiaren zehar izandako zinema izenik gabearen, zurtzaren eta amateurraren erakustaldi antologikoa hartze aldera. Proiektu honen helburua da, alde batetik, “zinemaren aurpegi ezkutua” identifikatzea: etxeko pelikulak, amateurrak, egile garbirik gabekoak, baztertutakoak, osatugabeak, isilarazitakoak, eta jendeari erakusteko asmorik gabe egindakoak, eta, bestetik, film bat ahaztuta eta egile argirik gabe gelditzeko izan diren arrazoi material, komertzial, kultural, eta historikoak argitzea.
Izenik gabeko zinema erakusketak zinema zurtzaren adiera desberdin guztiak hartzen ditu: zinemaren historiarako interes handia duten filmen zati laburrak (Edison-en materialak eta American Vitagraph-en materialak), asmo artistikoekin egindako obra amateurrak (Amateur Cinema League-ren barruan hogeita hamarreko hamarkadan egindakoak), Sobietar Batasunaren bihotzean egindako etxeko zinema burgesa, Madrilgo Instituto de Investigaciones y Experiencias Cinematográficas institutuan, berrogeita hamarreko hamarkadan, matrikulatutako lehen emakumeen praktika ahaztuak, eta artisten esku-hartzeak found footage teknikatik (Rebeca Baron, Goug Goodwin, eta Jen Proctor-en obrak) eta YouTubeko bukaezineko fluxutik abiatuta.
Erakusketa hau osatzen duten programen komisarioak aditu hauek dira: Guy Edmonds, Sonia García López, Clara Sánchez-Dehesa (EQZEren Artxibo Departamentuko koordinatzailea), Mirco Santi, Dan Streible, Mark Toscano, Maria Vinogradova, eta gehienek mintegian parte hartuko dute; guztira, 30 film edo film zurtzen zati baino gehiago bilduko dira, 1894. urtetik gaur artekoak. Erakustaldiaren erdiko gunean, gainera, euskal zinema amateurraren tradizio luzearen film hautaketa jarriko da.
Erakusketak aukera ematen dio bisitariari Elías Querejeta Zine Eskolako irakaskuntza espazioa bisitatzeko, mugimenduan dauden irudiak ikusten dituen bitartean. Eskolaren banaketa espaziala prestakuntzarako eta ikaskuntza praktikorako pentsatuta dago, baina baita ere toki malgu eta balioaniztun izateko, erakusketa galeria edo gune bihurtu daitekeena, kasu honetan bezala, Komisariotza saileko ikasleek esku-hartzeko eta proiektuak aurkezteko aukera izan dezaten.
Erakusketak 26an irekiko ditu ateak arratsaldeko 16:00etan eta azaroaren 1era arte izango da ikusgai. Ordutegia honakoa da: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Ikusi argazki gehiago (Iñigo Royo)