Berriak /

EQZEk lehen ikasturterako eskainitako 45 plazak bete dira

Ikasleen % 60 emakumezkoa da (27) eta % 40 gizonezkoa (18). 10 ikasle EAEkoak dira (Gipuzkoakoak 9); 17, estatuko beste toki batzuetakoak, eta, 18, atzerritarrak (Latinoamerikako 11). Ikasle atzerritarren jatorria askotarikoa da: Andorra, Argentina, Kolonbia, Ekuador, AEB, Mexiko, Erresuma Batua, Serbia, Tailandia, Ukraina eta Venezuela. Batez besteko adina 29 urtekoa da.

2018/07/09
2018-2019 ikasturterako eskainitako plazak mundu osoko 113 eskaeren artean aukeraketa egin ondoren bete dira
EQZEk lehen ikasturterako eskainitako 45 plazak bete dira

Elías Querejeta Zine Eskolak ateak irekiko dizkie lehenengo promozioko ikasleei irailaren 19an

Joan den maiatzaren 31n amaitu zen Elías Querejeta Zine Eskolan 2018-2019 ikasturterako izena emateko prozesua. Eskolak, urtarril hasiera ezkero, guztira 113 eskaera jaso ditu eskaintzen dituen hiru graduondoetarako: EAEko 34 izangai (Arabako 2, Bizkaiko 10 eta Gipuzkoako 22), estatuko beste toki batzuetako 36 eta atzerriko 43. Azken talde horretako eskatzaileak Latinoamerikako herrialdeetatik datoz, neurri handi batean. Hala ere, Ipar Amerikako, Asiako eta Europako herrialdeetako eskaerak ere jaso dira.

Jasotako dokumentazioaren balorazioa eta aurrez aurreko elkarrizketak egin ondoren, Zuzendaritza Akademikoak (Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako, Donostia Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariek osatua) eskaerak onartzeko ezarritako bi epeetan egin zirenak, zentroak aurten, bere lehen urtea den honetan, eskaintzen dituen 45 plazak betetzea lortu du, hain zuzen, espezialitate bakoitzeko 15.

Ikasleen % 60 emakumezkoa da (27) eta % 40 gizonezkoa (18). 10 ikasle EAEkoak dira (Gipuzkoakoak 9); 17, estatuko beste toki batzuetakoak, eta, 18, atzerritarrak (Latinoamerikako 11). Ikasle atzerritarren jatorria askotarikoa da: Andorra, Argentina, Kolonbia, Ekuador, AEB, Mexiko, Erresuma Batua, Serbia, Tailandia, Ukraina eta Venezuela. Batez besteko adina 29,1 urtekoa da.

Profilari dagokionez, ikasleak Zinemagintza, Ikus-Entzunezko Komunikazioa, Arte Ederrak, Artearen Historia edo Kontserbazio eta Zaharberritzea ikasketetako graduatuak dira, eta ibilbide interesgarria izan dute orain arte: haien lanak jaialditan estreinatu edo galeriatan aurkeztu dituzte, ikus-entzunezko komisariotzan edo produkzioan edota kultura-ekitaldi eta zinemaldien kudeaketan eta programazioan aritu izan dira, hainbat sorkuntza- eta ikerketa-alorretako ikerlari izan dira, diziplina anitzeko sortzaileak, zinemagintza-industriako profesionalak...

EQZEk irailaren 19an irekiko dizkio ateak bere lehen promozioari, ikasleei ongietorria eta harrera eginez. Bi egun geroago, Donostia Zinemaldiko 66. edizioa hasiko da, eta hark iraun bitartean, ikasleek proiekzioetara, masterclassetara, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara nahiz beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute, baita jaialdia barne-barnetik ezagutzekoa ere. Behin Zinemaldia amaituta, urriaren 2an hasiko dituzte ohiko eskolak: 56 asteko bidaia izango dute, eta hasi diren tokian amaituko dute, Zinemaldiaren hurrengo edizioarekin bat, gutxi gorabehera. Orduan iritsiko dira lehen mailako ikasleak ibilbidearen azken geltokira, nahiz oraindik denbora izango duten beren proiektuak burutzeko; aldi berean, eskolako ikasle berriak ere orduan jarriko dira martxan.

2018-2019 Ikasturtea

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako eskolak proiektu pedagogiko bakarra du, hiru espezialitatetan banatua: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza. Banaketa horrek eskolaren kontzeptualizazioan esku hartu duten hiru instituzioen (Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa) jakintza-alorretan du oinarria. Ildo bakoitzaren plangintza hiru ataletan banatzen da. Atal horietan konbinatzen dira hausnarketa, zinema egitearen bizipena, lan munduarekiko harreman zuzena eta praktika esperimentala. Ikasturtea 56 astekoa da, sei modulutan banatua, bakoitza bostetik zazpi astera bitartekoa. Modulu bakoitzak koherentzia pedagogikoa du; horren arabera, sasoi horretako ikasgai eta jarduera guztiak gai nagusi baten ingurukoak dira, espezialitate bakoitzean.

Antolamendu horren eta hiru ibilbideen helburua da ikasleek ahalik eta ikuspuntu zabalena eta zeharkakoena lortzea, zeinak zinemaren hiru denborekin elkarrizketan aritzeko aukera emango dien: iraganarekin (ikerketa eta babesa), orainarekin (komisariotza eta programazioa) eta etorkizunarekin (sormena). Espezialitate bakoitzeko arduradunak honako hauek dira, hurrenez hurren: Clara Sánchez-Dehesa, film eta ikus-entzunezko materialen kontserbazio eta zaharberritzean aditua, L. Jeffrey Selznick School of Film Preservation eskolan, eta Ikus-Entzunezko Ondarearen masterduna, UCMn; María Palacios Cruz, komisarioa, idazlea zein mugimenduzko zine eta irudien irakaslea, Festival Courtisaneko (Belgika) zuzendari-ohia eta egun zuzendari laguntzailea LUXen (Londres), mugimenduan diren irudien inguruko arte-jarduerak sustatzen dituen organismoa bera; eta Laida Lertxundi, Arte Ederretako eta Giza Zientzietako irakaslea Art Center College of Designen (Pasadena, Kalifornia), Kaliforniako Arte Institutuko Arte Ederretako masterduna eta mundu osoko museotan, jaialditan eta galeriatan proiektatutako lanen egilea.

Irakasle-taldea hiru espezializazio-alorretan son handiko prestigiodun irakasleek osatzen dute eta nazioarteko profil nabarmena dute. Leire Apellaniz, Peio Aguirre, Carlo Chatrian, Samuel M. Delgado, Carolina Figueroa, Thierry Frémaux, Helena Girón, Gema Grueso, Mikel Gurrea, Oliver Laxe, Luis Macías, Natalia Marín, Ana Pfaff, Matías Piñeiro, José Luis Sanz, Esther Urlus, Vincent Maraval eta Santos Zunzunegui izan dira zabaltze-bidean zen proiektu honetan sartzen azkenak. Ordurako dagoeneko partaide genituen, besteak beste, Koldo Almandoz, Cristina Álvarez, Manuel Asín, Erika Balsom, Luciano Berriatúa, Harkaitz Cano, Esperanza Collado, Xabier Erkizia, Vanesa Fernández Guerra, Beatrice Gibson, Dan Kidner, Reto Kromer, Salome Lamas, Anna Manubens, Takashi Makino, Adrian Martin, Ricardo Matos, Maider Oleaga, Garbiñe Ortega, Filipa Ramos, Kara van Malssen eta Paulino Viota. Gainera, Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako eta Donostia Zinemaldiko irakasleek ere parte hartzen dute. Azken horrek irakasgai berezi bat izango du programa akademikoan, eta bertan ikasleekin partekatuko ditu Zinemaldiaren prestakuntza-prozesua eta programaziorako darabiltzaten aukeraketa-irizpideak.

Lehen urtea jardueraz josia

Elías Querejeta Zine Eskolak bere lehen urte honetan espazioaren egokitzapenari buruzko lanak monitorizatu ditu, ikasketen lehen maila antolatu du, eta ikerketa-programa garatu du, eta, hori gutxi balitz, eskola hasia da bere programa publikoa zabaltzen ere. «Zinema anonimo eta zurtzaren historiak (eta estetikak)» nazioarteko mintegiak eta «Izenik gabeko zinema» ikus-entzunezko erakusketak ireki zizkien eskolako ateak zinemagileei, nahiz zinemaren ikerlariei, adituei eta zaleei. Geroago, ikerkuntzari eta dibulgazioari zuzenduriko bi jardunaldi («Andréi Tarkovskiren lezio galduak») izan ziren abenduan eta martxoan, eta P. Adams Sitney historialari estatubatuarraren «Abangoardiako zinema programazioaren mende erdia» konferentzia, martxoan, Punto de Vista jaialdiarekin eta Reina Sofía Museoarekin batera antolatua. Bestalde, EQZE lankidetzan aritu da Euskadiko Filmategiarekin, Tabakalerako Zinema eta Ikus-Entzunezkoen alorrarekin eta SSIFF Donostia Zinemaldiarekin, esate baterako, Lucrecia Marteli (Donostia bisitatu zuen bere lanaren inguruan mintzatzeko), Argentinako Zinema Unibertsitateari eta Andréi Tarkovskiren zinemari eskainitako zikloetan. Era berean, eskolak Mariano Llinásen Historias Extraordinarias filmaren (Argentina, 2008) DVD edizioan parte hartu du, Caimán Cuadernos de Cinerekin, IBAFF Festival Internacional de Cine de Murciarekin, OUFF Festival de Cine Internacional de Ourenserekin eta Tabakalerarekin batera.

Egitarauaz gainera, Elías Querejeta Zine Eskola Tabakalerak eta SSIFF Donostia Zinemaldiak antolatutako Ikusmira Berriak egonaldi programako kide egin da duela gutxi. Horri esker, hautatutako proposamenak lau izatetik bost izatera igaro dira. Eskolak abiarazitako beste proiektu bat dugu Zinema (h)abian - Cinema en curs. Zinema-pedagogiaren proiektu bat da, A Bao A Qu kultura-elkarteak sortua, eta 2005-2006 ikasturtea ezkero, ikastetxe eta institutuetako ikasleei film-sorkuntza gerturatzea du helburu. Tabakaleraren kolaborazioari esker, 2017-2018 ikasturtean, Zinema (h)abian - Cinema en curs proiektuak Lasarteko Oriarte Institutuan izan zuen egoitza. Bertan, DBHko 1. mailako 22 ikaslek hartu zuten parte.

Azkenik, EQZE elkarlanean aritu da Donostiako Dock of the Bay Musika Dokumentalen Jaialdiarekin, eta, duela gutxi, (H)emen-Here kolektiboarekin eskolaren instalazioak utziz mintegi bana antolatzeko.