Berriak /

Matías Piñeiro Elías Querejeta Zine Eskolaren Sorkuntza graduondokoaren koordinatzailea izango da

Zinemagile argentinarrak (“La princesa de Francia”, “Hermia y Helena”, “Isabella”) bere filmak Donostia Zinemaldian, Berlinalen, Locarnon, Toronton, Baficin eta Viennalen estreinatu ditu

2020/07/10
Piñeirok Laida Lertxundi ordezkatuko du, Lertxundi bere praktika artistikoan eta karrera profesionalean zentratuko baita
Matías Piñeiro Elías Querejeta Zine Eskolaren Sorkuntza graduondokoaren koordinatzailea izango da

Matías Piñeiro (Buenos Aires, 1982) zinema zuzendaritzako ikasketak egin zituen Universidad del Cine (FUC) unibertsitatean, eta zinemaren zuzendaritza, gidoia eta historia irakatsi zituen bertan. 2011n, Estatu Batuetara joan zen Harvardeko Unibertsitatearen Radcliffe Institutuko bekadun gisa, bere proiektu zinematografikoak garatzeko. Gaur egun, zinematografia zuzendaritza irakasten du New Yorkeko Pratt Institute-n. 2019az geroztik irakasle gonbidatua da Le Fresnoy, Studio National des Arts Contemporains-en (Frantzia) eta Elias Querejeta Zine Eskolan (Donostia).

2010az geroztik, William Shakespeareren komedietako rol femeninoen inguruko film sorta bat garatzen ari da, Las Shakespeareadas izenekoa. Bere film luzeen artean daude El hombre robado (2007), Todos mienten (2009), Rosalinda (2010), Viola (2012), La princesa de Francia (2014), Hermia & Helena (2016), eta Isabella (2020).  Gaur egun, Sycorax film laburra editatzen ari da; filma Lois Patiño zinemagile galiziarrarekin batera zuzendu du, eta La tempestad-en oinarrituta dago. Datorren urtean Ariel film luzea filmatzeko asmoa du, Patiñorekin batera hori ere. Bere filmak hainbat jaialditan estreinatu dira: Berlinale, Donostia Zinemaldia, Locarno, Toronto, New York Film Festival, Mar del Plata, Bafici, Viennale…

Matías Piñeiroren lana nazioarteko hainbat erakundetako atzera begirakoetan aurkeztu dute, hala nola Film Society of Lincoln Center (New York), Jeu de Paume (Paris), Cineteca Nacional (Mexiko DF), Kino Arsenal (Berlin), Athenée Françias (Tokio), CGAI (Coruña), Filmoteca Española (Madril), Cinematek (Brusela), Lightbox Cinemathèque (Toronto), CPH: PIX (Kopenhagen), eta Novos Cinemas-en (Pontevedra). Era berean, Piñeirok programazio zinematografikoan lan egiten du, Iruñeko Punto de Vista zinema jaialdiaren hautaketa batzordeko kide gisa, eta Anthology Film Archives-en (New York), If you can screen it there hileroko emankizunetarako.

Matías Piñeirok Laida Lertxundi ordezkatuko du. Lertxundi Elías Querejeta Zine Eskolako irakaslea eta koordinazio akademikoaren kidea izan da 2017an eskolako jarduera akademikoak hasi zirenetik. Irakaskuntzarekin duen harremana alde batera utziko du aldi batez bere praktika artistikoan eta karrera profesionalean zentratzeko.

Sorkuntza espezialitatearen funtsa da obra bat ideatzeko, sortzeko eta burutzeko prozesurako beharrezkoak diren oinarriak ezagutzea eta zinemagilearen ahots propioa bilatzea. Zinemaren formazio teoriko ez estandarizatu bat eskaintzen du eta hausnarketa eta pentsamendu sortzailerako giro aberasgarri batean parte hartzeko aukera ematen du; halaber, proiektu pertsonal bat garatuko du partaide bakoitzak, tutoreen sistema pertsonalizatu baten bitartez, ikasleen afinitateak eta proiektuaren beharrak kontuan hartuta. Horrela, espezialitate honetan, ikasleak aurre egingo die ideatze prozesuei, lan metodologiei, esperimentazioari eta proiektua kontzeptualizatzeari eta gauzatzeari.