Berriak /

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuak José Ángel Herrero-Velarde bekak sustatu ditu, Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko

Helburua da ikerketa-lan originalen sorrera babestea, Artxiboa webgunea ireki eta Tabakaleran funtsak eskuragarri jarri ondoren

2023/03/09

Gipuzkoan bizi edo jaio diren hiru laguni 3.500 euroko dirulaguntza bana eta bi astez Euskadiko Filmategian lan egiteko espazioa emango zaizkie
 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuak José Ángel Herrero-Velarde bekak sustatu ditu, Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak lehen aldiz José Ángel Herrero-Velarde bekak sustatu ditu, Gipuzkoako lurralde historikoan bizi edo jaio diren ikertzaileentzat. Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatutako programaren lehen edizioan hiru laguntza emango dira.

Helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa sustatzea, testu akademiko argitaragabeak sortzeko, iturri nagusi moduan erabiliz Zinemaldiaren artxibo historikoa. Hala, jaialdiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko elkarrizketa ezarriko da. Azken lau urteetan Elías Querejeta Zine Eskolarekin koordinatu den Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerkuntza-proiektutik abiatuta artxiboa eskuragarri jarri izanaren ondorio da beka horien sorrera.

José Ángel Herrero-Velarde Notariori omenaldia egiten diote beken izenak. Zinemaldiko funtsezko figura izan zen azken lau hamarkadetan, zuzendaritza eta hautaketa batzordeko kidea eta iaz zendu zen.

Beka-programaren azken xedea da hiru artikulu akademiko argitaragabe sortzea. Programan parte hartzen duten instituzioek osatuko duten batzorde batek ikuskatuko ditu. Zinemaldia artikuluak argitara daitezen ahaleginduko da, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari ospetsuen arteko bitartekari gisa jardungo du. Ikerketa horiek Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Euskadiko Filmategiak batera argitaratzen duten Zine: ikerketa zinematografikorako koadernoak aldizkari akademikoaren argitalpen batzordeak ere kontuan hartu ahal izango ditu.

Eskatzaileek proiektu bat aurkeztu beharko dute adieraziz ikerketaren gaia, metodologia eta iturriak, asmoen gutun batekin eta curriculumarekin batera. Eskaerak Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira, han baitaude, deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak.

Ikerketa-proiektuak aurkezteko epea 2023ko martxoaren 15etik apirilaren 17ra artekoa izango da. Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute. Maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran jakinaraziko dira hautatutako hiru proiektuak eta egonaldia uztailean izango da.

Hautatutako ikertzaileek 3.500 euroko dirulaguntza bana jasoko dute. Halaber, artxibora sartzeko edukiko dituzten bi asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak eskainiko zaizkie. Gainera, programak Gipuzkoako lurralde historikoan bizi ez diren eta programan parte hartzeko hautagai izan daitezkeen onuradunen bidaia eta ostatua bere gain hartuko ditu. 

Tabakalera eraikineko egonaldi fasean, non Zinemaldiaren artxiboa osatzen duten material guztiak dauden, Euskadiko Filmategian Interneterako konexioa duen lanerako eta kontsultarako gune bat eskainiko zaie. Bestalde, eraikinean eta aldamenekoetan dauden funts eta artxibo zinematografikoetarako sarbidea bermatuko da, eta eraikineko baliabide eta jardueretarako sarbidea emango da, hala nola zinema-saioetarako, tailerretarako edo eskola magistraletarako.

Lanak (6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte), zazpi hilabeteko epean amaitu beharko dira, hautaketa-datatik kontatzen hasita, eta gehienez bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.