Berriak /

Ibermediak 50.000 dolar esleitu dizkio Elías Querejeta Zine Eskolari ikasle latinoamerikarrentzako bekak sortzeko

Ebaluazio Batzordeak EQZEren proiektu pedagogikoaren sendotasuna eta anbizioa azpimarratu ditu, eta nabarmendu du elkarlanean aritzen dela laguntzen duten erakundeekin. 14 ikaslek 2024-2025 ikasturteko matrikularen gastuak ordaintzeko 3.571 dolarreko laguntza jasoko dute.

2023/11/29
Ibermediak 50.000 dolar esleitu dizkio Elías Querejeta Zine Eskolari ikasle latinoamerikarrentzako bekak sortzeko

Ibermedia Laguntza Funts Iberoamerikarrak Elías Querejeta Zine Eskolaren proposamena aukeratu du berriz ere prestakuntza-programak babesteko modalitatean (2023ko deialdia). Modalitate horretan, Latinoamerikako ikus-entzunezkoen industriako zinema- eta telebista-eskola, unibertsitate, lanbide-heziketako ikastetxe, sozietate pribatu eta elkarte profesionalek parte har dezakete.

Azaroaren hasieran argitaratutako ebazpena berretsi ondoren, EQZEk 50.000 dolar jasoko ditu funtsetik, matrikula ordaintzeko beka eta laguntzak sortzeko. Kategoria horretako ebaluazio-organoak adierazi du proiektua "sendoa eta handinahia" dela, eta honako hauek baloratu ditu: proiektuak "garatzen direnetik merkaturatzen diren arte" laguntzen dituela, "zaintzaren eta komisariotzaren inguruko azterlanek garrantzi handia" dutela eta "Donostiako Zinemaldiarekin, Unibertsitatearekin, Tabakalerarekin eta beste jaialdi batzuekin elkar hartzen" duela. Gainera, epaimahaiak ia puntuazio handiena eman dio atal hauetan: azpiegiturak, ekipamendua, irakasle-taldea eta plan akademikoa.

Eskolak 3.571 dolarreko 14 bekaren bitartez banatuko du laguntza, aukeratutako hautagaien artean. Hautagaiak, betiere, pizgarrien programan parte hartzen duten 23 herrialde hauetakoak izan behar dute: Argentina, Bolivia, Brasil, Dominikar Errepublika, Costa Rica, Ekuador, El Salvador, Espainia, Guatemala, Honduras, Italia, Kolonbia, Kuba, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Puerto Rico, Txile, Uruguai eta Venezuela.

Elías Querejeta Zine Eskola Espainiako estatuan kategoria horretan funtsaren babesa jaso duten bi zentroetako bat da (bestea ECAM da, Madrilgo Erkidegoko Zinematografia eta Ikus-entzunezkoen Eskola). Kategoria berean, beste 23 prestakuntza-proiektu aukeratu dituzte, 12 herrialdetako 45 proposamenen artean. Berariazko programa horren helburua da Iberoamerikako eta Italiako ikus-entzunezkoen industriako profesionalei etengabe prestatzen laguntzea.

2023ko laguntza-deialdiari esker, 115 proiektuk jasoko dituzte Ibermediako funtsak, arlo hauetan: koprodukzioa, garapena, telesailen garapena eta prestakuntza. Iberoamerikako zinematografiari eta ikus-entzunezkoei laguntzeko Ibermedia Programa 1998an sortu zen. Ordudanik 30 deialdi baino gehiago egin dira, eta 1.049 koprodukzio-proiektu eta garapen-fasean zeuden ikus-entzunezkoen 1.130 proiektu babestu dira; gainera, 2.950 prestakuntza-beka eman dira. Hori guztia 23 herrialdetan. Guztira, 118 milioi dolarreko inbertsioa egin da, eta 3.300 proiektuk jaso dute programaren babesa.