Berriak /

EQZEtik datorren euskal uzta

EQZEko euskal ikasleak film kopuru inportante bat ari dira garatzen, eta horietako hiru proiektu nahiko aurreratuta daude dagoeneko: Marina Palacioren Y así serán las cosas, Julen Etxebarriaren Terra dei ciclopi eta Iker Reyesen Gaubela. Horiez gain, Daniel Alegrete, Laura Ibañez, Mikele Landa, Ekain Albite eta Saioa Miguel ere lanean dabiltza, beste hainbat izenburu filmatzen, finantzaketa bilatzen edo abian jartzen.

 

2026/09/22

EQZEtik datorren euskal uzta
"Y así seguirán las cosas" (Marina Palacio)

Denborazko esperientzia bat da Elías Querejeta Zine Eskola, zinema bera bezain bizia, mudakorra eta atzemanezina, askotan. Han, elkarrekin nahastuta bizi dira asmo zirriborratuak, filmatze zatikatuak, muntaketa zalantzakorrak eta askotariko berridazketak. Horregatik, egiteko bidean dauden filmen argazki bat ateraz gero, ezinbestean izango da lausoa eta osatugabea. Eta, hala ere, egiteko bidean dauden filmen argazki bat da hau: Euskal Herriko ikasle ohiak sortzen ari diren lanen errepaso bat. Merezi baitu jardun agorrezin horri begiratzea. Mamituen dauden proiektuak Marina Palacioren Y así serán las cosas, Julen Etxebarriaren Terra dei ciclopi eta Iker Reyesen Gaubela dira.

Marina Palacio lehen promozioko ikaslea izan zen, eta bere aurreneko lan luzea filmatzen bukatu berri du. Ez edozein modutan: sei urte eman ditu Y así serán las cosas pelikulan lanean, sei abuztu, haur berberekin filmatzen Palentziako herri batean. Filmak, udaz uda, hango ume baten haurtzaroa kontatzen du, jendez —eta, beraz, haurrez— husten ari den inguru batean. Gidoi “aldakor” batekin aritu da: “Egitura sendoa izan du, baina irekia. Urtero berridatzi dugu, haurrak eta pertsonaiak hobeto ezagutu ahala, haiengana egokitzeko”.

Ya no duermo laburra (2020) Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatu eta gutxira murgildu zen Palacio proiektu berrian, lantalde txiki batekin, hasieran, eta modu profesionalean, azkenean, Gariza Films ekoiztetxearen bultzadari esker. “Detaileak aldatu dira, baina filmaren esentzia duela sei urte irudikatzen nuen hori bera da, pozik gaude horrekin”. Datorren urtean dira estreinatzekoak, Elastica Filmsek banatuta.

Zenbait udatan, Sizilian izan da Julen Etxebarria, Luchino Viscontik La terra trema (1948) filmatu zuen lekuan. Gaur egun, Aci Trezza helmuga turistiko bat da, Viscontiren filmeko arrantzale herria baino gehiago. Behinola aktore aritutako arrantzaleen ondorengoek turistak gidatzen dituzte beren txalupetan ziklopeen uharte ikusgarrietara. Kondairak dioenez, Odisea-n Polifemok Ulisesi botatako arrokak dira irla horiek. “Paisaiaren dimentsio mitikoaren, filmaren memoriaren eta turismoak markatutako errealitatearen elkarbizitza horrek piztu zidan interesa esploratzeko nola aritzen diren elkarrizketan iragana eta oraina leku berean”, azaldu du.

Hala, Terra dei ciclopi laburrak uda bat kontatuko du, hiru zatitan: aurretiko prestaketak, arroketarako itsas bidaiak eta ondorengo eguneroko bizitza. Etxebarria muntatzen ari da orain, datorren urtean bukatzeko asmoz. Hark Nest sailean parte hartu zuen zuen bere aurreko lanarekin: El tercer paisaje (2024).

Eskolara proiektu argi batekin sartu zen Iker Reyes, eta film luze batekin atera. Gidoia fintzeko eta filmatzeko baliatu zuen ikasturtea: “Nire erara lan egin nahi nuen, nire denboran, laguntzen zain egon gabe”. Iazko udan filmatu zuten Gaubela. Espainiako gerran girotu du istorioa, 1937ko maiatzean, Askuren mendiaren inguruan; gudu asko izan ziren han, harik eta, ofentsiba frankista betean, Alemaniako eta Italiako aire armadek bonbardatu zuten arte. Testuinguru horretan, Reyesek hiru ahizpa irudikatu zituen baserri batean: “Imajinatu dezakegu zer gertatzen den gudu zelaian, baina zer gertatzen da ezer egin ezin duten pertsonekin? Filmak erakusten du etxean sartuta bizi direnek zer harreman duten kanpoko biolentziarekin”.

16 mm-tan filmatu zuten pelikula, hiru aktorerekin, bi lekutan —etxean eta mendian— eta elkarrizketa gutxirekin. Gaur egun, ordu eta erditik gorako muntaketa bat du esku artean, eta soinua lantzea du hurrengo zeregina.

Beste zenbait proiektu ere martxan daude. Daniel Alegretek, High film luzea garatzeko prozesuan —Bilboko High gay klubean girotutako fikzioa—, High River laburra egin du: Cannesko jaialdiko merkatuan izan da, ICAAk sustatuta, eta Kimuak programarako hautatu dute.

Azken urteetan Ikusmira Berriak programatik igaro eta gero, Mikele Landa eta Ekain Albite Senda eta Akira film luzeak garatzen ari dira, hurrenez hurren. Finantzaketa lortzeko eta filmaketak prestatzeko lanean dabiltza. Migrazio prozesu batek elkartutako hiru lagunek eta beren mundu ikuskerek, talka egin ordez, bat egiten dute Senda-n. Akira-k, berriz, Lemoizko zentral nuklearreko hondakinen eta Georgiaren arteko bidaia gautar bat proposatzen du. Bestalde, Saioa Miguel Leize filma idazten ari da, Noka Sorkuntza, D’A Lab eta Apika Lab programetan parte hartu berritan.

Andoni Imaz