Claire Atherton zine muntatzailea da, 1963an San Franciscon jaioa. Filosofia taoistak eta ideogramek erakarrita, Txinatar hizkuntza eta zibilizazioaren inguruko ikasketak egin zituen. Ondoren, Parisko Ecole Louis Lumière-eko adar profesionalean eman zuen izena. Soinuarekiko interesa zuen eta argazki zuzendari gisa ere aritu zen lanean. Hala ere, bere arloa edizioa zela ohartu zen. Centre audiovisuel Simone de Beauvoir zentroan egin zuen lan urte batzuez bideo-teknikari gisa, Carole Roussopoulos eta Delphine Seyrig-ekin elkarlanean.
Filmazio batean, Chantal Akerman ezagutu zuen, 1984an. Bi urte geroago, Letters Home filma muntatu zuen, non Delphine eta Coralie Seyrig aritu baitziren aktore gisa. Lan horrek Akermanekin zuen konplizitatea eta sentsibilitate partekatua nabarmen atera zituen argitara. Bi ezaugarriok indartzen joan dira ordutik aurrera ekoitzitako dokumental, fikziozko film eta instalazioetan. Atherton eta Akerman 30 urte baino gehiagoz aritu ziren elkarlanean, Akermanen azken filma (No Home Movie) eta azken instalazioa (Now) egin arte. Gaur egun, Akermanen instalazioen sorkuntzaren eta espazializazioaren arduradun da Atherton. Instalaziook mundu osoko erakusketetan egoten dira erakusgai.
2023an, Chantal Akermanen lanaren inguruko Facing the Image erakusketa antolatu zuen Athertonek Bartzelonako La Virreina Centre de la Imatge-n.
Gainera, zinemagile eta artista askoren editore gisa egin du lan. Eric Baudelaire-ren film eta instalazioetan aritu da lanean urte askoz, eta, azkenaldian, baita Wang Bing-ekin ere.
2019an, Vision Award Ticinomoda saria eman zion Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdiak, bere lanagatik.
Profil honen azken eguneratzea: 2024