Hipotesiak

flecha

Elías Querejeta Zine Eskola proiektuen eskola bat da eta bakoitzean zinearen aitzinirudi bat: hipotesi bat

Zinemaren hipotesia terminoak erreferentzia egiten die biharko zinemagintzaren irudikapenean oinarritutako proiektu pedagogiko ezberdinei. Aipatu behar ditugu, zehazki, Ermanno Olmik eta Paolo Valmaranak Bassano del Grappan (Italia) sortutako Ipotesi Cinema eskola, eta Alain Bergalaren 2002ko L’Hypothèse cinéma: Petit traité de transmission du cinéma à l’école et ailleurs liburua. Bi ekimen handi horien omenez, Hipotesi deitzen diegu ikasleen lanei, zeinak, berez, zinemaren proiekzio bat baitira etorkizunari begira.

Hipotesien denbora EQZEren amaierako jarduera da, eta bertan, ikasleek jendaurrean jartzen dituzte, hain zuzen ere, beren “zinema hipotesiak”, hau da, ikasturtean egin dituzten lanak: egin nahi diren eta agian lehen zirriborroa bakarrik duten filmak, begiztatzen diren baina gauzatu ezin diren lanak, etorkizuneko zinemaren utopiak, aurkikuntza zinematografikoak, ikerketa proposamenak, artxiboko edo film arkeologiako jarduketa planak, instalazioak… Eta, jakina, ikasturtean gauzatutako lan guztiak.

Eskolak zinemari buruz pentsatzen badu urte osoan, ekitaldi horrek ikusgai jartzen ditu hipotesi horiek, eta ikasturtearen ertzetatik harago luzatzen du horien gauzatzea.

Loading...