noticias /

Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleen bost filmek parte hartuko dute Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan

Ana Cristina Barragánen La piel pulpo Horizontes Latinos sailaren klausurako filma izango da, eta La hiedra proiektua ere aurkeztuko du Ikusmira Berriak programan

Mikele Landak eta Carlota González-Adriok haien Noizko basoa eta La casa de los cáctus film berriekin parte hartuko dute Nest Film Students eta Made in Spain sailetan

Jaume Clareten Estrany riu ere ikusgai izango da Ikusmira Berriak programan

“Zinemaldia 70. Historia posible guztiak” ikerketa proiektuaren lehen fasea amaitu da, EQZEko hogei bat ikasleren parte hartzearekin

2022/09/15

Elias Querejeta Zine Eskolak berriz ere presentzia handia izango du Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan. Lehen lau promozioetako ikasleek EQZEn sortutako hainbat proiektuk lekua izango dute SSIFFeko jardueretan eta programazioan.

Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleen bost filmek parte hartuko dute Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan

Ana Cristina Barragán (Quito, 1987) EQZEko hirugarren promozioko ikasleak bere bigarren film luzea aurkeztuko du Horizontes Latinos sailean; hala, sail horren klausurako filma izango da La piel pulpo, 2021eko WIP Latam-en parte hartu ondoren. Barragánen lehen filmak, Alba (2016) izenekoak, Lions Film Award saria lortu zuen Rotterdameko zinema jaialdian, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia 2016ko SSIFFeko Horizontes Latinos sailean. Laugarren urtez jarraian, EQZEk aurkeztutako film bat egongo da Nest Film Students zinema eskoletako ikasleen sailean. Oraingo honetan, Mikele Landa Egiguren (Bilbo, 1995) laugarren promozioko ikasleak zuzendutako Noizko basoa izango da. Beste hamahiru filmekin batera aukeratu dute Egigurenen film laburra, 44 herrialdetako 160 ikastetxek proposatutako 350 filmen artean. Nagore Muriel Letamendiaren (UPV/EHUko ikaslea) Noizko basoa eta Erro bi dira Nesten 21 urteko historian lehiatuko diren euskarazko lehen bi film laburrak. Bestalde, Carlota González-Adrio (Bartzelona, 1996) EQZEko hirugarren promozioko ikasleak Made in Spain sailean parte hartuko du, La casa entre los cáctus opera primarekin.

Garatzen ari diren beste bi proiektuk ere lekua izango dute SSIFFen, eta Ikusmira Berriak programaren azken ediziotik datoz. Jaume Claret (Sant Cugat, 1998) lehen promozioko ikaslearen Estrany riu eta Ana Cristina Barragánen La hiedra proiektu berria dira. Bi zinegileek beren proiektuetan egindako aurrerapenen berri emango dute, jaialdiak berak, Tabakalerak eta EQZEk antolatutako egonaldiaren bigarren zatian. Ikusmira Berriak programatik datoz, hain zuzen ere, Donostia Zinemaldian proiektatuko diren beste lau film: Mikel Gurrearen Suro (Sail Ofiziala), Manuel Abramovichen Pornomelancolía (Sail Ofiziala), Elena López Rieraren El agua (Zabaltegi-Tabakalera), eta Arantza Santestebanen 918 gau (Zinemira).

EQZEko ikasle ohiek eta ikasleek Zinemaldiko beste arlo batzuetan ere parte hartuko dute (industria, programazioa, arlo teknikoa, komunikazio arloa, harreman publikoak, etab.), praktika profesionalen programaren bidez eta SSIFFek zuzenean kontratatuta.

Historia posible guztiak

2018an, Elias Querejeta Zine Eskolak “Zinemaldia 70: historia posible guztiak” proiektua sortu zuen SSIFFekin batera, Zinemaldiaren artxibo historikoa kontserbatu, aztertu eta kontsulta publikora zabaltzeko asmoz. Artxibo horrek funts ugari biltzen ditu (eskutitzak, argazkiak, kartelak, prentsako artxiboak, aldizkariak, liburuak, etab.), 1953an Zinemaldia jaio zenetik kontserbatu direnak. Artxiboko funtsak Tabakalerara eraman zituztenean abiatu zen proiektua, Euskadiko Filmategiaren nabeetan behar bezala kontserbatuko zirela bermatzeko. Azken urteotan bilduma katalogatzen, digitalizatzen eta aztertzen jardun dira.

Proiektua hasi zenetik hainbat ikerketa foku definitu dira, eta EQZEko graduondoko ikasleek garatu dituzte, Pablo La Parra Pérez ikertzaileak zuzenduta eta Zinemaldiko sailekin lankidetzan. Foku horiek Zinemaldiaren historiako alderdi ez oso ezagunetan edo argitaragabeetan jartzen dute arreta: zentsura zinematografikoa diktadura frankistan, eraldaketak eta demokratizazioa Trantsizio garaian, Zinemaldiaren historia bisualaren berrikuspen kritiko eta feminista haren argazki ondarearen bidez, ikasleen eta zine eskolen parte hartzea jaialdian, edo 1982tik 1985era bitarteko bideo lehiaketa. 2019az geroztik, proiektuaren emaitzen berri eman izan da artikulu akademiko, biltzar eta mintegi espezializatu, erakusketa, ikastaro eta dibulgazio jardunaldietan. Zinemaldiaren 70. urteurrenarekin bat, 2022an proiektuaren lehen fasea amaitu eta artxiboa kontsulta publikora zabalduko da.

Elias Querejeta Zine Eskolan 2022-2023 Ikasturtea hasi eta lau egunetara hasiko da Donostia Zinemaldiaren 70. edizioa. Eskolako laugarren eta bosgarren promozioetako ikasleek agenda espezifiko bat izango dute Zinemaldiak irauten duen bitartean, eta proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute, Zinemaldia barrutik ezagutzeaz gain.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua, EQZEk proiektu pedagogiko berdingabe eta berezi bat du, graduondoko hiru programaz osatua: Artxiboa, Komisariotza, eta Sorkuntza. Eta programa horiei forma emateko, oinarrizkoak dira eskolaren kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru erakundeen ezagutza esparruak; Euskadiko Filmategiaren, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Donostia Zinemaldiaren ezagutza esparruak, hain zuzen. Elias Querejeta Zine Eskola Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako zentroa da.