Berriak /

EQZEk "Inês" zaharberritu du, Delphine Seyrigen lehenengo bideo aktibista

Filma 1974an egin zen, eta Inês Etienne Romeu brasildar aktibistak diktadura militarrean jasandako atxilotzea eta torturak salatzen ditu. Zaharberritzea EQZEren laborategietan gauzatu zen Centre audiovisuel Simone de Beauvoirekin lankidetzan, eta Cinéma du Réel jaialdian aurkeztuko da martxoaren 27an.

2026/03/25
EQZEk \Inês\ zaharberritu du, Delphine Seyrigen lehenengo bideo aktibista

Elías Querejeta Zine Eskolak Inês zaharberritu du, Delphine Seyrig aktore eta zinemagile franko-estatubatuarrak 1974an grabatutako lehenengo bideo aktibista. Filmak Inês Etienne Romeu (1942-2015) brasildar aktibistaren kasua hartzen du abiapuntutzat. Inês diktadura militarraren aurkakoa zen, 1971n bahitu egin zuten, espetxean torturatu eta bortxatu, eta biziarteko espetxealdira kondenatu zuten 1972an. Inês espetxean sartu zutelako eta babesa erakuste aldera, Seyrigek bideo hau egin zuen, Norma Bengell brasildar aktorearekin batera. Etienne Romeu 1979an askatu zuten.

Inês lanak espetxeratzearen birsorkuntza eta jasandako indarkeria eta Inês askatzeko deia uztartzen ditu. Filma aktibista feministen sare batek bultzatutako nazioarteko kanpainaren barruan dago, eta mugarria da Seyrigen politika eta zinema ibilbidean. Hurrengo urtean Les Insoumuses bideo kolektibo feminista sortu zuen Carole Roussopoulos eta Ioana Wiederrekin batera.

Filmaren zaharberritzea Parisko Cinéma du réel jaialdian aurkeztuko da martxoaren 27an, Classic Documentary Film Rendez-Vous sailean. Nicole Fernández Ferrerrek (Centre audiovisuel Simone de Beauvoir zentroko presidentea) eta Amanda Soaresek (EQZEko Artxibo Zinematografikoa Masterreko ikaslea eta obra zaharberritzearen arduraduna) aurkeztuko dute lana.


Zaharberritzea

Filma, berez, EIAJ hazbete ½-ko zintan grabatu zen, eta 2006an materiala Digital Betacamera transferitu zen. Lan hori egiteko, bi euskarriak digitalizatu ziren, jatorrizko zintako irudia eta Betacamaren soinua konbinatuz. Irudia digitalki zaharberritu zen, euskarriaren zahartzeak eragindako kalteak murrizteko –nagusiki irudien galera puntualak eta argi eta kontraste mailen aldaketak–, nahiz eta seinalearen nolabaiteko ezegonkortasuna duen oraindik ertzetan eta zarata beheko aldean, jatorrizko materialaren berezkoak. Soinua prozesatu egin zen adigarritasuna hobetzeko, grabazioaren ezaugarriak aldatu gabe.

Zaharberritze lan hau EQZEren laborategietan egin da, Centre audiovisuel Simone de Beauvoir zentroarekin lankidetzan. Erakunde hori Seyrigek berak sortu zuen 1982an, emakumeek egindako zinema babesteko.