Berriak /

FIDMarseille eta Karlovy Vary jaialdiek EQZEn garatutako filmak hartuko dituzte

Frantziako jaialdian El espejismo eta Ezkutuko materialak estreinatuko dira. Estrany riu eta Olivia lanak batu zaizkio KVIFF jaialdiaren programazioari.

2026/07/03
FIDMarseille eta Karlovy Vary jaialdiek EQZEn garatutako filmak hartuko dituzte

Elías Querejeta Zine Eskolako lau film Europako uda zinematografikoko hitzordu garrantzitsuenetako biren programazioan jaso dira: Karlovy Vary International Film Festival (KVIFF), uztailaren 3tik 11ra 60. edizioa ospatuko duena, eta FIDMarseille, uztailaren 7tik 12ra 37. edizioa egingo duena.

FIDMarseillen egingo da Bingham Bryanten El espejismo filmaren mundu-mailako estreinaldia, jaialdiaren sail nagusiaren barruan (Compétition Internationale). 2023-2024ko promozioko Sorkuntza Masterreko ikaslearen film luzeak ameskeria arraro batzuei jarraituz Donostiara bidaiatzen duen frantziar neska baten istorioa kontatzen du. Filmaren protagonistak Francisca Alarcão, Maria Novo eta Jan Baeta dira, eskolako ikasleak, Constance Rousseau eta Rita Azevedo Gomes zinemagilearekin batera. Azevedo Gomesek irabazi zuen iaz lehiaketa horretako sari nagusia, Compétition International saileko Grand Prix saria, Fuck the Polis lanarekin. Azken hori ere eskolan garatutako film bat da, eta aktoreen artean Bryant bera zegoen.

Gainera, 2022-2023 promozioko Sorkuntzako ikasle Luis Esguerra Cifuentesen Ezkutuko materialak lana aurkeztu da lehen aldiz jendaurrean Marseillan, Compétition Flash sailaren barruan. Film laburrak diktadura frankistaren zapalkuntza-garaiko euskararen irakaskuntza klandestinoari buruzko gogoeta egiten du. Esguerraren promoziokidea da Celeste Rojas, eta idazten, argazkigintzan, muntaketan eta soinuan parte hartu zuen. Rojasek epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen 2024an Una sombra oscilante lanari esker. Film hori ere EQZEn garatu zen.

FIDMarseillek, halaber, Natalia Marín zinemagile eta eskolako irakaslearen Crónicas del cansancio filmaren estreinaldia hartuko du. Marínen azkeneko lana Donostian filmatu zen, EQZEren babesarekin.


Bi film Karlovy Vary jaialdian

Bestalde, Karlovy Vary jaialdiak bere programazioan gehitu ditu Estrany riu, EQZEko lehenengo promozioko ikasle Jaume Claret Muxarten opera prima, eta Olivia, eskolako bigarren promozioan trebatutako Sofía Petersenen lehenengo film luzea. Estrany riu Karlovy Vary jaialdira (Horizons saila) ibilbide bikaina egin ondoren iritsiko da: 2025eko Veneziako Mostrako Orizzonti sailean estreinatu zen, Busan, SSIFF, Viennale edo New Yorkeko New Directors/New Films jaialdietatik igaro da, eta Gaudi sarietarako zortzi izendapen eta Goya sarietarako bi izendapen (Zuzendari berri onena eta Aktore hasiberri onena) lortu ditu. Olivia Imagina sailean sartu da, 2025eko Locarnoko zinema-jaialdiko Concorso Cineasti del Presente sailean mundu-mailan estreinatu eta Sevillako zinema-jaialditik igaro ondoren.


Ikasleen beste film batzuk

2026. urtea Francisca Alarcãoren o, film laburraren nazioarteko estreinaldiarekin hasi zen Rotterdamgo jaialdian (IFFR); Rodrigo Soaresen Sono solto eta Francisco Borgesen Como mover uma casa IndieLisboan aurkeztu ziren, eta Adrià Expòsit-Goyren Vegetare lana Nafarroako Punto de Vista jaialdian estreinatu zen. Gainera, ICAAren 2cool4school ekimenak Daniel Alegreteren High River lana aukeratu zuen. Egitasmo horrek, urtero, Cannesko zinema-jaialdiko Short Film Corner espazioan Estatuko zinema-eskoletako lan sorta bat biltzen du. High River lana Kimuak euskal film laburrak hedatzeko programaren 29. ediziorako hautatu dute berriki.