Berriak /
Ikusmira Berriak-en bostgarren edizioaren lehen fasea abian
Lau aste hauetan, jasotako 174 proposamenetatik hautatuko bost errealizadoreek (Raven Jackson, Martina Juncadella, Alberto Martín Menacho, Aitziber Olaskoaga eta Michael Wahrmann) euren proiektuak garatu dituzte Tabakalerako Sortzaileen Gunean.

Valeska Grisebach, Sergio Oksman eta Savina Neirotti osatzen dute Adituen Batzordea
Otsailaren 11n hasi zen Ikusmira Berriak programaren bosgarren edizioa, eta igande honetan amaituko da bere lehen fasea. Lau aste hauetan, jasotako 174 proposamenetatik hautatuko bost errealizadoreek (Raven Jackson, Martina Juncadella, Alberto Martín Menacho, Aitziber Olaskoaga eta Michael Wahrmann) euren proiektuak garatu dituzte Tabakalerako Sortzaileen Gunean.
Bosgarren edizio hau Ikusmira Berriak-en egitura berriarekin egin da: lehen aldiz bi egonaldi egin dira, otsailean eta irailean. Horren xedea da errealizadoreek egonaldiari ahalik eta etekin handiena ateratzea, denbora izatea proiektua garatzen jarraitzeko aurkeztu aurretik eta Donostiako Zinemaldian produktore, inbertitzaile eta banatzaileekin bilerak izatea.
Prozesu horretan laguntzeko, Donostiara etorri dira, halaber, Valeska Grisebach, zinemagile alemaniarra, zeinak aurten hartuko duen parte lehen aldiz programan, eta Sergio Oksman, zuzendari brasildarra. Horiek TorinoFilmLab laborategiko eta Turineko Scuola Holden eskolako zuzendari Savina Neirottirekin batera Adituen Batzordea osatuko dute.
Egonaldiaren lehengo astean, eta aurtengo berrikuntza gisa, elkar gurutzatu dira Elías Querejeta Zine Eskolako programak eta Ikusmira Berriak: egoiliarrek banakako tutoretzak izan dituzte Oliver Laxerekin eta Salomé Lamasekin (EQZEko tutoreak), eta eskolako agendan parte hartu eta EQZEko ikasleekin batera jardueretara joateko aukera izan dute.
Beste urte batez, Tizza Covi eta Rainer Frimmel zinemagile eta Vento Filmsen sortzaileek zinemaren gaineko jakintza eta esperientziak partekatu dituzte egoiliarrekin.
Martxotik irailera bitartean, zinemagileek euren proiektuetan lan egiten jarraituko dute, eta tarte horretan adituen sareko tutoretza jasoko dute. Irailean, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak betetzera. Itzulera horretan, proiektuak garapen handiagoa izango du, zinemaren industriarekin partekatu ahal izateko. Azken fase horretan, merkatuaren gaineko ikaskuntza-tailer bat antolatuko da, eta pitching saiorako prestatuko dira (proiektuaren aurkezpena), Zinemaldian egongo diren industriako profesionalekin bilerak adostu ditzaten.
Ikusmira Berriak-en lehen edizioetan hautatutako hiru proiektu amaitu eta Zinemaldian aurkeztu dira: Pablo Álvarezen El extraño, Leo Calicen eta Gerhard Tremlen Calipatria eta Tamyka Smithen Gwendolyn Green film laburrak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu ziren 2016an eta 2017an. Horiez gain, iaz Ikusmira Berriak-en lehengo edizioko egoiliarren bi film luze estreinatu ziren: Xacio Bañok zuzendutako Trote Locarnon eta ondoren Zabaltegi-Tabakaleran, eta Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa Gijonen. Gainera, iaz egoiliar izan zen Manuel Abramovichek Berlinale film laburren nazioarteko lehiaketako Epaimahaiaren Saria, Zilarrezko Hartza, jaso du Blue Boy lanagatik.
Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta lengoaia berrien alde egiten duten talentu berriak eta ikus-entzunezko ekoiztetxe eta industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak utzitako ondarearen parte da.