Berriak /
"El diablo fuma" filmak opera prima onenaren saria irabazi du Berlinen
Ernesto Martínez Bucioren lehen film luzea Perspectives atalean lehiatu da, zinema-jaialdiaren atal berria, fikziozko lehen lanei eskainia. Atal honetan, 14 filmek parte hartu zuten, eta horien artean Paula Tomás Marques-en Duas vezes João Liberada ere bazegoen, EQZEn garatutako beste film bat.

Berlingo Zinemaldiaren 75. edizioak, Berlinalek, larunbat honetan opera prima onenaren saria eman dio El diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la misma caja) filmari, Ernesto Martínez Bucio Elías Querejeta Zine Eskolako laugarren promozioko ikasle ohiaren lehen film luzea. EQZEn garatutako lehen filma da Berlinalen aitortza lortzen duena.
Nola ari zara bizitzen ordu hauek?
Ondo. Oso zoriontsu. Oinak lurrean eduki nahian, eta dagoeneko proiektu berrietan pentsatzen. El diablo fuma filmak oraindik bultzadatxoa behar du, zenbait gauza egin behar baitira datozen jaialdietarako, baina dagoeneko badoa bakarrik, eta lan berrietan pentsatu behar da. Une honetan, familiarekin nago, gurasoekin orduak pasatzen, aspaldi ez baitut izan aukerarik haiekin lasai bizitzeko.
Zer espero zenuen Berlingo zinemaldi garrantzitsu horretako sail berri batean parte hartzetik? Filmak bere ibilbidea sail lehiakor batean hastea nahi nuen nik, sail horiek beti arreta handiagoa jasotzen dutelako. Hori onuragarria da filmarentzat; jende gehiagorengana irits daiteke. Horixe espero nuen nik, baina ez nekien nola izango zen dena, hain zuzen ere sail berria zelako. Egia esan, uste baino hobeto joan da dena. Bete-betean asmatu du Berlinalek Perspectives saila sortuz. Garrantzi handia eman zioten, eta estaldura mediatiko ona izan genuen. Hori oso lagungarria da, bereziki gurearen moduko film batentzat, lan txiki bat, barru-barrukoa, zintzoa, baina apustu narratibo eta estetiko arriskatu samar batekin. Uste dut irteera komertzial txukuna izan dezakegula. Jendeak oso erraz egiten du bat filmarekin. Jendearekiko konfiantza handiagoa izan behar dugula iruditzen zait; askok uste dutena baino azkarragoa eta sentikorragoa da.
Paula Tomás Marquesen, eskolako beste kide baten, Duas vezes João Liberada filma ere hautatutakoen artean egon da. Bai, hala da. EQZEren balioan erakusten du horrek. Zerbait ondo dabil mundu askotarikoen inkubagailu horretan. Nik ez nuen ikusterik izan, baina ziur nago film zoragarria dela, eta poz handia ematen dit Berlinalen egon dela jakiteak.
Garrantzitsua izan al da eskola zure proiektua garatzeko? Jakina. Funtsezkoa izan da. Masterreko nire proiektu nagusia filmaren gidoia berridaztea izan zen. Dagoeneko baimenduta geneukan FIDECINEren babesa, eta aurrebaimenduta EFICINErena, gidoiaren beste bertsio batekin, baina, nire ustez, hori ez zen nik filmatu nahi nuena. EQZEn izena ematea erabaki nuen, eta, zorionez, onartu egin ninduten. Gero, are zorte handiagoa izan nuen, Michel Gaztambide jarri baitzidaten tutore gisa. Michel maisu handia da, script doctor benetan ona eta are pertsona hobea. Dagoeneko laguna dut. Karen Plata tutoretzetara bildu zen, bien artean idatzi baikenuen gidoia. Horrela, lau eskutara, hainbestetan ukitu genuen testua, ezen jada ez baitakigu nork idatzi zuen eszena bat edo beste, eta, horrela, film hau sortzen hasi zen. Nik beti diot bi egile dituela. Gainera, jaso nituen eskola guztiek eragina izan zuten gero nire zuzendaritza-lanean. EQZEn ohartu nintzen posible zela beste zinema bat egitea, hizkuntza zinematografikoa pixka bat bultzatzea helburu duena. Iruditzen zitzaidan filmatzen “desikasi” behar nuela filmaren hizkuntza propioa sortzen saiatzeko, arau propiokoa. Izan ditudan irakasle guztiek tresna mordoa eman didate, eta guztiek balio izan didate El diablo fuma elikatzeko. Maitasun handiz gogoratzen ditut haien guztien eskolak: Mariano Llinás, Xabier Erkizia, Ramón Andrés, Jessica Sarah Rinland, Carlos Muguiro, Radu Jude eta Michel Gaztambide bera. Mikele Landa ere ezagutu nuen, promozioko ikaskidea, oso neska argia, sentikorra eta talentuduna; nire lagun onenetako bat eta aliatu bikaina bihurtu zen. Mikele gure scripta (filmaketa-idazkaria) izan zen filmean, baina, funtzio hporretaz harago, beste gauza asko ere egin zituen. Haurrekin egindako entseguetara joan zen, ondoan izan nuen hartualdi bakoitzean, oilo bat nola lumatu azaldu zigun, eta barre eta negar egin genuen elkarrekin.
Eta orain, zer? Orain, gozatu egingo dugu pixka bat, baina baita lan egin ere. Lortu dugunaz harro sentitu. Ia zazpi urteko lana izan da, eta filmari laguntzen jarraitu behar dugu, baina pixkanaka askatu ere egin behar dugu, beste proiektu batez maitemindu ahal izateko. Horrek ateak irekitzea espero dut. Euskal Herrian filmatzeko proiektu bat garatzen hasi gara. Pluralean ari naiz, beti taldean egiten baitut lan: Odei Zabaleta (DoP), Karen Plata (idazlea) eta Isabel Muñoz (soinu-aditua). Erronka handia da, baina oso gustura egiten diogu aurre. Eskolak ere eman nahi nituzke, eta dakidan apurra partekatu. Eta editatzen jarraitu ere bai. Ni editorea naiz, eta oso gustuko dut beste zuzendari batzuekin elkarlanean aritzea. Duela gutxi, Txintxua Filmsen proiektu bat muntatzeko aukera eman zidaten, Koldo Almandoz zuzendari zela. Euskarazko telesail bat da, Zeru ahoak; ziurrenik, laster estreinatuko da. Hitz batean: lanera. “Lanak ez zaitu inoiz uzten”. Halaxe esaten entzun nion behin Lila Avilés zuzendari mexikarrari, eta egia da.