Berriak /

Veneziako Mostraren 82. Edizioan Elías Querejeta Zine Eskolan garatutako bi film luzeren mundu mailako estreinaldia egingo da

Estrany riu (Jaume Claret Muxart) eta Hiedra (Ana Cristina Barragán) Orizzonti sailean lehiatuko dira. Azken urte honetan, Elías Querejeta Zine Eskolan garatutako film ugarik nazioarteko proiekzio nabarmena lortu dute.

2025/07/22
Veneziako Mostraren 82. Edizioan Elías Querejeta Zine Eskolan garatutako bi film luzeren mundu mailako estreinaldia egingo da

Orizzonti, Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdiko bigarren atal garrantzitsuena, Elías Querejeta Zine Eskolan sortutako bi film luzeren mundu mailako estreinaldiaren agertokia izango da. Horietako bat Estrany riu da, Jaume Claret Muxart EQZEko lehenengo promozioko Sorkuntza arloko ikasleak zuzendutakoa (Sant Cugat del Vallés, 1998); eta Hiedra, Ana Cristina Barragán (Quito, 1987) hirugarren promozioko ikaslearen hirugarren film luzea. Orizzontiren edizio hau 19 filmek osatzen dute.

Estrany riu filmak Didac eta Biel anaiek Danubio ibaian barrena bizikletaz egiten duten bidaia kontatzen du; gazte misteriotsu bat agertzen zaienean, gorabeherak izango dituzte haien oporretan. Nausicaa Bonnín eta Jordi Oriol dira protagonistak, Jan Monter, Bernat Solé, Francesco Wenz eta Roc Colell gazteekin batera. Espainiak eta Alemaniak elkarrekin ekoiztutako filma da, ZuZú Cinema eta Miramemira ekoizpen-konpainia espainiarrek eta Schuldenberg Films alemaniarrak osatutako Alma Cinema EIT taldearen eskutik. Estrany riu filmean partaide da 3CAT eta Eurimages, ICAA, ICEC, FFF Bayern eta DFFF erakundeen babesa du. Jaume Claret Muxart-en aurreko lanak hainbat sariketa eta jaialditan estreinatu dira, hala nola Rotterdameko Nazioarteko Jaialdian, FIDMarseillen, Donostia Zinemaldian eta Semincin.

Hiedra filmean, umezurtz-etxe batean elkarrekin anaiak bailiran bizi diren nerabeak zelatatzen dituen emakume bat (Karla Souzak antzezten duena) da protagonista. Botón Films konpainiak (Ekuador) ekoiztu du, BHD Films (Mexiko) eta Ciné Sud Promotion (Frantzia) ekoizpen-etxeekin batera, eta Ekuadorreko Kultura funtsak jaso zituen, gidoia idazteko, filma garatzeko, ekoizteko eta haren postprodukziorako; baita Ibermedia, EFICINE, ICAA eta CNC Aide aux cinémas du Monde entitateen laguntza ere. Ana Cristina Barragán zinemagilearen filmak Rotterdameko Nazioarteko Zinema Jaialdian, Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdian (TIFF) eta Donostia Zinemaldian estreinatu dira; azkeneko horretan, Alba bere lehenengo lanak Epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen 2016an, Horizontes Latinos sailean.

Proiektu biek hartu zuten parte Ikusmira Berriak egonaldi-programaren 2022ko edizioan; EQZE programa horretako kide da, Donostiako Zinemaldiarekin eta Tabakalera KGNZ zentroarekin batera.


Nazioarteko proiekzio nabarmena

Azken urte honetan, Elías Querejeta Zine Eskolan garatutako film ugarik nazioarteko proiekzio nabarmena lortu dute, eta eskolaren presentzia sendotu dute mundu osoko zinema-jaialdi garrantzitsuenetan. Horien artean, Ernesto Martínez Buciok zuzendutako El diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la misma caja) film luzeak opera prima onenaren saria irabazi zuen Berlinalen. Jaialdi berean parte hartu zuen Paula Tomás Marquesen Duas vezes João Liberada lanak.

EQZE-n sortutako beste hainbat ekoizpen hautatuak izan dira besteak beste Rotterdamgo Zinema Jaialdian (La durmiente, Maria Inês Gonçalves, eta La nostra habitació, Jaume Claret Muxart), Cannesen (A solidão dos lagartos, Inês Nunes), FIDMarseillen (Fuck the polis, Rita Azevedo Gomes –Nazioarteko Lehiaketako Sari Nagusia–), Locarnoko Zinema Jaialdian (Olivia, Sofía Petersen), Karlovy Varyko Zinema Jaialdian (Duas vezes João Liberada, Paula Tomás Marques) eta Jeonjuko Nazioarteko Zinema Jaialdian (Ulysses, Hikaru Uwagawa), besteak beste.

Veneziako Mostraren 82. Edizioa abuztuaren 28tik irailaren 7ra arte egingo da.