Berriak /
Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleen bost filmek parte hartuko dute Donostia Zinemaldian
Hiedra (Ana Cristina Barragán), Veneziako Mostrako Orizzonti sailean gidoi onenaren saria jaso duena, Horizontes Latinos sailean emango da. Estrany riu (Jaume Claret Muxart) eta Duas vezes João Liberada (Paula Tomás Marques) Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztuko dira. En el balcón vacío (Jomí García Ascot, 1961) filma zaharberritu da EQZEn, eta Klasikoak sailean proiektatuko da. A solidão dos lagartos (Inês Nunes) filma Nest sailean arituko da lehian.

Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleen filmek presentzia handia izango dute berriz ere Donostia Zinemaldian. Eskolako ikasle ohiek eta ikasleek eskolan bertan sortutako ekoizpen ugari sartu dira Zinemaldiaren 73. edizioko programazioan; hain zuzen ere, guztira, bost film eta garatze-prozesuan dauden hiru proiektu.
Presentzia Horizontes Latinos eta Zabaltegi-Tabakalera sailetan
Horizontes Latinos sailean ikusi ahal izango dugu Ana Cristina Barragán (Quito, 1987) hirugarren promozioko ikasle izandakoaren azken lana; 2022ko edizioan sailari amaiera zion La piel pulpo lanarekin, eta 2016an epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Alba filmari esker. Lan berria Hiedra da, eta umezurztegi batean bizi den mutil gazteago batekin obsesionatutako emakume bat da protagonista. Ekuadorreko zinemagilearen film berria Donostia Zinemaldiaren, CICC Tabakaleraren eta EQZEren Ikusmira Berriak garapen-programaren zortzigarren ediziorako (2022. urtea) aukeratu zuten, eta Veneziako Mostrako Orizzonti saileko gidoi onenaren saria eskuratu du berriki.
Zabaltegi-Tabakalera sailaren barruan, bi lan estreinatuko dira Estatuan lehen aldiz: Jaume Claret Muxart-en (Sant Cugat, 1998) Estrany riu eta Paula Tomás Marques-en (Oporto, 1994) Duas vezes João Liberada.
Estrany riu filmean, Dídac eta Biel anaiak bidaia bat egiten ari dira bizikletaz beren senideekin Danubio ibaian barrena, baina gazte misteriotsu bat agertu eta gorabeherak gertatzen hasiko dira. Hiedra bezalaxe, lehen promozioko ikaslearen lehen lan luzearen munduko estreinaldia Veneciako Mostrako Orizzonti sailean izan zen. Eta Ikusmira Berriaken zortzigarren ediziorako hautatutako lanetako bat izan zen hori ere.
Duas vezes João Liberada filmean, Lisboako emakumezko aktore bat da protagonista, João, eta Liberadari buruzko film biografiko bat egiten ari da; Liberada bere generoarekin bat ez zetorren portugaldar emakume bat izan zen, XVIII. mendekoa, eta Inkisizioa atzetik izan zuen arrazoi horregatik. Joãok aurre egiten dio zuzendariari, ez dagoelako ados Liberadaren ondarea irudikatzeko moduarekin, eta, horren ondorioz, ekoizpena gudu-zelai bihurtzen da. Hirugarren promozioko ikasle ohiaren opera prima Berlinalen aurkeztu zen, Perspectives sailean, eta harrezkero hainbat jaialditan izan da ikusgai, hala nola Uruguaiko Zinema Jaialdian, Taipei Film Festival edo Karlovy Vary jaialdian.
Klasikoak eta Nest sailak
Donostia Zinemaldiaren Klasikoak sailean En el balcón vacío (Jomí García Ascot, 1961) filma zaharberrituta aurkeztuko dute. María Luisa Elío nafarraren memoriak oinarri hartuta, Mexikon filmatu zen filma Errepublikaren erbesteko zinemako filmik garrantzitsuenetako bat da. Filma zaharberritzeko proiektu hori Elías Querejeta Zine Eskolan egin zen, seigarren promozioko Artxiboko ikasle Luis Alberto Juárez Pinedaren Master Amaierako Lanaren barruan. En el balcón vacío filmaren bertsio berria Boloniako Il Cinema Ritrovato jaialdirako aukeratua izan zen ekainean.
Edizio honetan ere, EQZEko ikasle baten filmak parte hartuko du zine-eskoletako ikasleen Nest sailean. Zehazki, Inês Nunes (Lisboa, 1993) bosgarren promozioko ikaslearen A solidão dos lagartos lanak. Cannesko Jaialdiko film laburren lehian estreinatutako filma spa batean gertatzen da; alabaina, ilunabarrarekin batera spa hori eraldatu egiten da. Film hori eta beste hamalau ekoizpen hautatu dituzte lehiarako, 57 herrialdetako 220 zinema-eskolatako 473 proposamenen artetik.
Nest sailean lehiatuko da, halaber, zazpigarren promozioko ikasle Marlon Weber-en Only Making Out. Film labur hori HFBK Academy of Fine Arts Hamburg eskolako ikasketen esparruan sortu zen.
Lantzen ari diren proiektuak
Donostia Zinemaldian parte hartuko duten beste hiru proiektu garatze-prozesuan daude: alde batetik, hurrenez hurren, seigarren eta hirugarren promozioetako ikasle diren Alexandra Latishev Salazarren (Costa Rica, 1987) Sirenas eta Jaime Puertas Castilloren (Puebla de don Fadrique, 1996) Retorno al valle, Ikusmira Berriak programaren azken edizioan egoiliar izandakoak; eta, bestetik, laugarren promozioko ikasle Inés Caleroren (Alcoi, 1993) Una Thermomix en el desierto, Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren barruan.
EQZEko ikasle ohiek eta ikasleek Zinemaldiko beste arlo batzuetan ere parte hartuko dute (industria, programazioa, arlo teknikoa, komunikazio arloa, harreman publikoak, etab.), eskolako praktika profesionalen programaren bidez eta SSIFFk zuzenean kontratatuta. Eskolako zazpigarren eta zortzigarren promozioetako ikasleek agenda espezifiko bat izango dute Zinemaldiak irauten duen bitartean, eta proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute.