Berriak /

Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek parte hartu dute Kutxa Fundazioa Kubo aretoko “Harun Farocki efektua” erakusketaren ikerketa prozesuan

Zinemagile alemaniarraren artxiboko dokumentazioa Artxibo eta Komisariotza masterretako ikasleek ikertu, katalogatu eta hautatu dute. Antje Ehmann eta Carles Guerra komisarioek diseinatutako erakusketa 2026ko ekainaren 19tik irailaren 27ra bisita daiteke. Lan hau Kutxa Fundazioaren eta EQZEren arteko lankidetzaren parte da.

2026/06/17
Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek parte hartu dute Kutxa Fundazioa Kubo aretoko “Harun Farocki efektua” erakusketaren ikerketa prozesuan

Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) ikasleek Kutxa Fundazioak ekainaren 19an Kutxa Fundazioa Kubo aretoan inauguratuko duen “Harun Farocki efektua” erakusketan (ekainaren 19tik irailaren 27ra) parte hartu dute. Erakusketa egituratzen duen Harun Farockiren artxiboko dokumentazioa eskolako Artxiboa eta Komisariotza masterretako ikasleek ikertu eta hautatu dute, Antje Ehmann eta Carles Guerra erakusketako komisarioekin batera.

"Harun Farocki efektua" erakusketak zinemagile alemaniarraren (1944-2014) lanak zinema-aretotik museoko espaziora egindako mugimendua erakusten du, eta instalazioak eta filmak biltzen ditu. Hirurogeiko hamarkadako lehen lan militanteetatik —Two Paths (1966), The Words of the Chairman (1967), Inextinguishable Fire (1969)— irudi operatiboei eta lanaren automatizazioari buruzko ikerketetaraino, hala nola Eye/Machine I-III (2000-2003), Counter-Music (2004) edo Workers Leaving the Factory in Eleven Decades (2006).

Kutxa Fundazioak eta Elías Querejeta Zine Eskolak elkarrekin garatutako lana jarduera publiko batean gauzatuko da, irailaren 10ean. Bertan, eskolako ikasleek azalduko dute, komisarioekin batera, erakusketaren artxiborako egindako ikerketa-prozesua. Lan hau Carles Guerrak EQZEn emandako ikastaro-tailer baten barruan kokatzen da; saioak Kubo Aretoan bertan garatu dira, Farockiren artxiboko materialetatik abiatuta.

Lan-taldeak ikasle hauek osatu dituzte: Victoria Irene Barco, Guillermo Biedma Pérez, Beatriz Bizarro Rodrigues, Pablo Salvador Boido, Javier Esteban Navarro, Helena Flò Monteagudo, Carmina Frankel, Ane García Sánchez, Leonor Guerra, Manuel Hevia Carballido, Alexandre Kröner Moreira, Nita Kruger Hidalgo, Susel Legón, Clara Lezama, Yerai Martínez Velasco, Carolina Monti, Palmira Sabaté eta Delfina Vázquez, EQZEko Artxibo eta Komisariotza masterretako ikasleak.