Berriak /
Elías Querejeta Zine Eskolak bederatzigarren promozioarekin emango dio hasiera 2026-2027 ikasturteari
Elías Querejeta Zine Eskolak ongietorria egin dio ikasleen bederatzigarren promozioari. 2026-2027 ikasturtea gaur hasi da, eta hamabost hilabete barru amaituko da, 2027. urteko abenduan, ikasleen azken lanen aurkezpenarekin. Ikasle berriak 17 herrialdetakoak dira

2026-2027 ikasturteko ikasleak eskolako Zuzendaritza Akademikoak hautatu ditu, Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako, Donostia Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariek, onarpen-epean aurkeztutako 215 hautagairen artetik. Honako hauek dira bederatzigarren promozioa osatzen duten 17 herrialdetako 45 ikasleen jatorriak: Euskal Autonomia Erkidegoa (9), Estatuko gainerako erkidegoak (12) eta beste herrialde batzuetakoak (24).
2026-2027ko promozioko ikasleen profila askotarikoa da, eta eskolako hiru jakintza-arloetan esperientzia duten espezialistak biltzen ditu: artxiboaren eta babestearen arloetako, kuradoretzaren eta programazio filmikoaren arloetako profilak, eta film laburren eta luzeen errealizadoreak. Gainera, hainbat diziplinatan trebatutako irakasleak eta ikertzaileak daude taldean, hala nola Arte Bisualetan, Arte Ederretan, Politika Zientzietan, Ikus-entzunezko Komunikazioan, Literatur Ikasketetan, Filosofian eta Artearen Historian. Zinema-eskoletako egresatuak eta zinemagintzako hainbat roletan esperientzia duten profesionalak ere badaude, hala nola ekoizpenean, muntaketan, soinuan, arte-zuzendaritzan eta argazkigintzan. Promozio berri honetan, badira zinemara antzerkiaren eta musikaren munduetatik edo beste ibilbide batzuetatik datozen ikasleak ere, esate baterako informatika-ingeniaritzatik, zuzenbidetik edo kazetaritzatik datozenak.
Ongi etorria emateko jardunaldiak (irailaren 14tik 17ra) eskolara lehen hurbilketa egiteko dira. Ikasketa-plana eta hiru programak aurkeztuko dira, ikasleek Euskadiko Filmategiaren nabeak bisitatuko dituzte eta programan proposatutakoa osatzen duten espazioetan eta Tabakalerako lan-espazioetan barrena ibiliko dira. Programan ibilbide bat ere badago Egian zehar, eskola kokatuta dagoen auzoan zehar, alegia. Harkaitz Cano idazlea izango da gidaria. Auzoaren iraganaren eta orainaren barrena eta auzoko eguneroko bizitza eta bizitza kulturala gertatzen diren espazioetan barrena egingo den ibilbidearen bitartez, EQZE dagoen lurraldera eta bertako komunitatera hurbilduko dira ikasleak.
Ikasturtean sei modulu ematen dira. Lehenengo bost moduluak (iraila-uztaila) irakaskuntzakoak dira, eta presentzialak. Seigarren moduluan (abuztua-abendua), master-amaierako lana garatu eta aurkeztu behar dute, eta erdi-presentziala da. Guztira, hamabost hilabete dira, modu zirkularrean egituratuta, bat etorriz horrela EQZEren oinarrian dagoen ikaskuntzaren eta esperientziaren filosofiarekin. Ohiko eskolaldia irailaren 28an hasiko da, Donostia Zinemaldiaren 74. edizioa amaitu ondoren.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatuta, Elías Querejeta Zine Eskolak proiektu pedagogiko bakar eta berezi bat du, graduondoko hiru programaz osatuta dagoena (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programek forma hartzen dute haren kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru erakundeen ezagutza-eremuetatik abiatuta: Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia. 2019az geroztik, Elías Querejeta Zine Eskola UPV/EHUri atxikitako ikastegia da.