Berriak /

EQZEren presentzia nabarmena ZINEBI 68an

ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 68. edizioan (azaroak 20-27) pisu nabarmena izango dute berriro Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleen filmek, bai eta ZINEBI Gordailuaren funtsetatik —eskolak eta jaialdiak abian jarritako ikerketa-proiektua— berreskuratutako lanek ere.

2026/11/20
EQZEren presentzia nabarmena ZINEBI 68an

EQZEn eginiko bi film labur Sail Ofiziala – Film Laburren Nazioarteko Jaialdian lehiatuko dira. Daniel Alegreteren High River, 1983ko abuztuko uholdeetan High izeneko Bilboko gay klub batean girotutako fikzioa. Film labur hori sortu da Alegrete bera ontzen ari den High film luzearen prestakuntza lanei lotuta. High River Canneseko Short Film Corner sailetik igaro da eta Kimuak katalogoaren azken edizioan hautatu dute.

Luis Esguerra Cifuentesen Ezkutuko materialak film laburrak frankismo garaiko euskararen zapalkuntza jorratzen du, abiapuntu harturik Iñaki Zubeldiaren Euskaldun bat Marten kontakizuna eta Eduardo Chillidaren eskulturak. Esguerra 2023an hasi zen proiektuan lanean, EQZEren Sorkuntza Zinematografikoa Masterraren barruan, eta FIDMarseille jaialdian estreinatu zen.

Sail Ofizialean, Neska bat desagertu da filma ere estreinatuko da, Mikele Landa Eiguren EQZEko ikaslearen lan berria.

‘Bertoko begiradak’ sailean, Rodrigo Soares Teixeiraren Sono solto (Loose Sleep) emango dute. EQZEn ondua, filma estreinatu zen Bartzelonako D’A – Festival de Cinema d’Autor jaialdian, eta IndieLisboatik (Competição Nacional) ere igaro da.

Celeste Rojas Mugica eta José Jiménezen Exterra da ZINEBI Networking-ek azaroaren 23tik 26ra antolatuko duen Bilboko Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren bederatzigarren ediziorako hautatu den hamaika proiektuetako bat. Ingrid Olderöcki buruzko dokumental bat da, Pinocheten polizia sekretuko emakume boteretsuena, haren etxeko patioan eginiko indusketa batetik abiatuta. Rojas Mugica EQZEko ikaslea ZINEBIra itzuli da eskolan eginiko bere lehen film luzearekin —Una sombra oscilante— 2024an ZIFF Sari Nagusia irabazi ondoren.


ZINEBI Gordailua

Grupo Cine Sur izan zen 1976ko kolpe zibiko-militarrean Mexikora erbesteratu ziren gazte argentinar batzuek sortutako animazio politikoko kolektibo bat. Cuernavacan, La persecución de Pancho Villa (1978) lana filmatu zuten, armada estatubatuarraren eta tropa iraultzaile mexikarren arteko borrokari buruzkoa. Ondoren, Nikaraguan, Cine de la Base kolektiboarekin elkarlanean, El compa Clodomiro (1981) serie didaktikoa sortu zuten, Iraultza Sandinista betean.

Lan horiek Bilbon aurkeztu ziren 1978 eta 1982 artean, gaur egun ZINEBI izenez ezagutzen dugun jaialdian. Lau hamarkada baino gehiago igarota, jaialdira itzuliko dira, ‘Animazioa, erbestea eta memoria’ saiora, Andrea Velasco, Andrés Monraz, Ane Garcia, Carmina Frankel eta Carolina Monti EQZEko ikasleek eginiko ikerketa batean eginiko urratsak aurkeztuko dituena.

Saioan aurkeztuko da ere La persecución de Pancho Villa-ren erreprodukzio digital berria, eskolan bertan eginikoa, Euskadiko Filmategiko jaialdiaren funtsean gordetako 16 mm-ko kopia batetik abiatuta, bai eta El compa Clodomiro y el capitalismo eta El compa Clodomiro y la explotación pelikulak ere.

ZINEBI Gordailuaren programazioa osatzeko, Lucha Film kolektibo estatubatuarraren Comunicado desde Argentina (1977) filma eskainiko da, Bilbao Museoan. Lili Massaferro militanteak idatzitako gutun batetik abiatuta, filmak kontatzen du haren ibilbide politikoa eta urte haietako Argentinako historia: hala nola peronismoa eta Evita, haren seme Manoloren heriotza eta hirurogeita hamarreko hamarkadako mugimendu feminista peronista.


Zine izarak

Bilbao Museoan, Zine izarak: el lío en la sábana emango da, ‘Zine izarak: Balizko film baten bila’ tailerretik sortutako lan kolektiboa. Tailerra antolatu zuten EQZEk eta Tabakalerako ikus-entzunezkoen laborategiak 2025ko otsaila eta apirila artean. Harkaitz Cano idazlearekin eta Maria Elorza zinemagilearekin batera, hamar ikasle aritu ziren material komun baten inguruan lanean: garai guztietako filmetako arropa eta maindire eskegien eszenak. Eszena horiek ordenatu behar izan zituzten, logika narratibo baten bila. Izenburuak erreferentzia egiten dio, Erri De Luca idazle italiarraren arabera, Italiako herrietan lehen proiektore ibiltariak izendatzeko erabiltzen zuten esapideari (l’imbroglio nel lenzuolo).