Nortasuna
Elías Querejeta Zine Eskola (EQZE) graduondoko unibertsitate-eskola bat da, zinema-prestakuntzan jarduten duena. Eskolaren egoitza Donostian dago, eta profesionalak trebatzen ditu iraganeko zinema ikertzeko eta gordetzeko, orainekoaren komisario izan eta programatzeko, eta etorkizunekoa sortzeko.
Proposamen hori hiru programaren bitartez zehazten da:
- Artxibo Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa Masterra
- Komisariotza Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa Masterra
- Sorkuntza Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa Masterra
Irakaskuntza-jarduera eta Ikerketa Sailak egindako lana bizikide dira, eta ikasleek Sailaren proiektuetan parte hartu dezakete.
Filmen historiari eta tradizioari buruzko ikuspegi berezia duenez, EQZE “zinemaren hiru aldien eskola” gisa identifikatzen da, eta eredu horrek ez du baliokiderik nazioarteko prestakuntza zinematografikoaren esparruan.
Egitura
EQZE 2017an sortu zen, hiru zinema-erakunderen ezagutza-arloetan oinarritua: Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Izaera horretako erakundeekin teilatupe berean bizitzeak ekosistema zinematografiko berezi baten barnean kokatzen du eskola. Hiru erakundeek azterketa- eta ikerketa-planak garatzen parte hartzen dute, eta, gainera, eskolako zuzendaritza akademikoan ere parte hartzen dute.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak bultzatu eta finantzatu zuen, zinemaren eta ikus-entzunezkoen sektorearekin zuen konpromisoaren esparruan. 2019az geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) balio akademiko eta profesional osoko berezko titulutzat hartzen ditu EQZEren prestakuntza jarraituko masterrak. EQZE, gainera, Film Artxiboen Nazioarteko Federazioko (FIAF) kide elkartua da.
Metodologia
Elías Querejeta Zine Eskolako metodologiak ikerketa, praktika esperimentala eta proiektu pertsonal baten garapena uztartzen ditu. Eredu pedagogikoaren oinarria pentsamenduaren eta zinema-praktikaren arteko bereizketarik eza da, bai eta diziplinen eta kategoria profesionalen arteko mugak gainditzea ere.
Ikasle bakoitzak ibilbide indibidualizatu bat marrazten du ikaskuntza-esperientzia kolektibo baten barruan, programak irauten duen hamabost hilabeteetan zehar.
Eskola proiektu pedagogiko ireki gisa ulertzen da, eraikuntza iraunkorrean dagoena, etengabeko hausnarketari eta zalantzan jartzeari irekia.
Berdintasuna eta aniztasuna
Elías Querejeta Zine Eskola askatasun- eta zaintza-eremu bat da. Eskolak konpromisoa du aukera-berdintasunarekin, aniztasunarekiko errespetuarekin eta EQZEko komunitatea osatzen duten pertsona guztientzako tratu duinarekin.
Hori bermatzeko, eskolak jazarpen- eta diskriminazio-egoerak prebenitzeko eta horiei aurre egiten laguntzeko protokolo propioa du, EHUren arau-esparruarekin bat etorrita.
Jazarpen eta diskriminazio egoeretan jarduteko protokoloa [PDF]
Konpromiso publikoa
EQZE finantzaketa publikoa jasotzen duen erakundea da, eta jatorri hori bere nortasunaren parte gisa onartzen du. Eskolaren iritziz, sortzen duen ezagutza —irakaskuntzaren, ikerketaren eta praktika zinematografikoaren bidez— hura sostengatzen duten lurraldera, komunitatera eta sektorera itzuli behar da.