Proyectos de investigación /

Artxiboa: Zertarako balio du zinema-jaialdi batek?

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren lehen edizioetan ekimenaren nortasuna definitzeko eta gailentzeko lehiatu ziren bi ikuspegi edo pentsamolderen esplorazio kritiko bat proposatzen du proiektu honek: ikuspegi kultural bat —1955 eta 1960 artean pisu handiagoa izan zuena— eta ikuspegi industrial bat —1961etik aurrera indarra hartzen joan eta 1967tik aurrera behin betiko nagusitu zena—. Alde batetik, zinema adierazpen artistiko gisa eta tresna pedagogiko gisa ikusten zuten batzuek; bestetik, zinema ikuskizun eta negozio-eredu gisa ulertzen zuten beste batzuek.

165 / 8. edizioko kartel ofiziala, 1960. Artxiboa, ID: 30662.
8. edizioko kartel ofiziala, 1960. Artxiboa, ID: 30662.

Proiektu honen oinarrien aurrekaria Zinemaldia 70 proiektua: historia posible guztiak ikerketa-proiektua izan zen. Elías Querejeta Zine Eskolak garatu zuen ikerketa-proiektu hori 2018an eta 2022an, eta Artxiboa sortzea ekarri zuen, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren artxiboa. Oraingo honetan, José María Aycart (1928-2010) Funtsa izango da ikerketa honen ardatza; Zinemaldiko Batzorde Exekutiboko kidea (1958-1964) eta Zuzendaritza Batzordeko kidea (1963) izan zena. Aycart funtsezko figura bat da, bi eremutan izan baitzuen eragina: politikan (Donostiako Udaleko alkateorde izan zen) eta Donostiako Zineklubaren sortzaile eta lehendakariorde (1950-1961) gisa eta Zinekluben Espainiako Federazioko kide gisa. Aycart Funtsa (2025eko ekainean ez dago katalogatuta) bost kaxak osatzen dute; Donostiako Zineklubaren funtzionamenduari buruzko eta erakunde horrek Donostiako Zinemaldiarekin batera antolatu zituen jarduera guztiei buruzko dokumentuak daude kaxa horietan. Dena den, Artxiboko beste funts batzuk ere kontsultatuko dira —Artxibo Orokorraren Funtsa, Prentsa Artxiboaren Funtsa, Argazki Funtsa, Filmategia eta Festival aldizkariaren funtsa—, bai eta tokiko, autonomia-erkidegoko eta estatuko beste fitxategi batzuk ere.

166 / [Cine Club San Sebastiánen programak jasotzen dituen karpeta] (1960-1961) / José María Aycart Funtsa, Donostia Zinemaldiaren Artxiboa
[Cine Club San Sebastiánen programak jasotzen dituen karpeta] (1960-1961) / José María Aycart Funtsa, Donostia Zinemaldiaren Artxiboa

Proiektuak funtsezko bi helburu lantzen ditu:

  1. Ikerketa kritiko bat garatzea, lau ikerketa-ildotan oinarrituta:
    1. Donostiako Zineklubak prestakuntzaren alorrean egindako lana, Zineklubaren programazio-lerroak eta abiarazi zituen ekimen pedagogikoak, bai eta beste zineklub batzuekin, Ikerketa eta Esperientzia Zinematografikoen Institutuarekin (IIEC) eta  EOC Zinema Eskola Ofizialarekin (estatuan zinematografiako ikasketak eskaini zituen lehen zentro ofiziala) izandako harremanak ere.
    2. Zineklubaren eta Zinemaldiaren arteko harremanak eta bien arteko zuzeneko eta zeharkako lankidetza; lankidetza etengabea izan zuten Zinemaldia sendotu zen urteetan, eta garrantzi handia izan zuen publiko espezializatua sortzeko. 
    3. Javier Aguirrek egindako lana; bereziki, Donostiako Zineklubeko zuzendari gisa, IIECn ikasten ziharduen zinemagile gisa eta idazle zinematografiko gisa egindako lana. 
    4. Donostiako Zinekluba ikuspegi feminista batetik. Erakunde horien historiari lehen begiratu bat emanda, emakumeek lidergo-roletan eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte-hartze oso urria izan zutela dirudi. Baina arreta gehiago jartzen badugu, haien presentzia hautematen da, eta begien bistakoa da zinemari buruzko ezagutzaren gosea, zeina IIEC-EOCn ikasi zuten emakumeengan islatzen baita. 
  2. Programa publikoen diseinua eta zabalkundea:
    1. Proiektu honetan, proposatzen da sinergiak ezartzea eskolako prestakuntza-prozesuekin; besteak beste, “(Hiru) Fitxategien mapa” ikasgaiarekin, ikerketako atala lantzen ari den “jakintzaren poetikak” ikerketa-lerro iraunkorrarekin eta Zine Eskolako Zineklubarekin, zeina Komisariotzako ikasleek antolatzen eta garatzen baitute.  
    2. Proiekzioekin batera banatzeko liburuxka eta programak lantzea, diseinatzea eta egitea.
    3. Artxiboaren zabalkunde-lanetan laguntzea, ‘Hilabeteko dokumentuak’ ekoitziz.
167 / [[Cine Club San Sebastiánen programak jasotzen dituen karpeta] ] (1960-1961) / José María Aycart Funtsa, Donostia Zinemaldiaren Artxiboa
[[Cine Club San Sebastiánen programak jasotzen dituen karpeta] ] (1960-1961) / José María Aycart Funtsa, Donostia Zinemaldiaren Artxiboa

Fitxa teknikoa

Ikertzaile nagusia:

Sonia García López

Ikasleak C08:
Beatriz Bizarro Rodrigues, Chiara Cucciniello Gómez, Manuel Hevia Carballido, Yerai Martinez Velasco

Erakunde parte hartzaileak:

SSIFF - Donostiako Nazioarteko Zinemaldia

Kronologia:

Proiektu berria

Hizkuntzak: Gaztelania / Euskara / Ingelesa