Publikazioak /
Profundidad de campo. Mis historias de cine III
Mis historias de cine izeneko sail baten hirugarren liburukia. Hemen, zinemarekin erlazionatzeko nire modu berezia garatzean era batera edo bestera garrantzitsuak izan diren obra zinematografikoekin “kontuak ateratzen” saiatzen naiz. Ibilbideko une honetan, egokia iruditzen zait zinematografoaren artea nola ulertzen dudan pixka bat esplizituago egitea.
Ohiko irakurlea (halakorik baldin bada) honezkero jabetuko zen niretzat zinema, azken beltzean, filmek osatzen dutela. Azken finean, zazpigarren arte deritzonaren eta ikuslearen arteko benetako elkargunea filmak dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, film bakoitzak, bere erara, arazoak ez dakartzanik; arazo horiek, filmikoak ez ezik (alegia, estetikoak, azkar eta labur esatearren), zinematografikoak (sozialak, zentzu zabalean) ere badira. Horretan datza aukeratutako filmetara hurbiltzeko estrategia: arreta merezi duen zinema-lan bakoitza (eta ez dira kritikari batzuek egunero saltzen dizkigutenak bezainbeste) objektu berezi bat da, eta bere banakotasun erradikalean aztertu behar da. Ez da ahaztu behar banakotasun horrek era guztietako arazo orokorrak (sozialak, ekonomikoak, politikoak, kulturalak eta estilistikoak) islatzen dituela forman, eta, gero, bere modura sartzen eta moldatzen dituela.
Maila-aniztasun hori kontrolatzeko, ez zait hura aztertzeko modu zentzuzkoagorik bururatu elkarren artean behar bezala konektatuta dauden zirkulu zentrokide gero eta estuagoen politika aplikatzea baino. Edo hobeto esanda: kasuan kasuko filma bere dimentsio errealean ulertzeko garrantzitsuak diren alderdiak nabarmentzea. Argi eta garbi esango dut horrek zerikusia duela testuinguru egoki deiturikoarekin, aztertzen den filmak zuzenean seinalatzen baitu idazlanaren materialtasun estilistikoan inskribatutako jarraibide batzuen bidez. Irakurleak ideia horren inguruko askotariko ariketak aurkituko ditu beharbada orain zabalduko duen liburukia osatzen duten testu guztietan. Artelanen munduan, dena beti amaieratik hasten da.
Santos Zunzunegui
Santos Zunzuneguiren “Historias de cine” liburu bildumaren hirugarren liburukia. EQZEk eta Tabakalerak antolatutako izenburu berdineko film-zikloan katedradunak emandako hitzaldien testuak biltzen ditu.
Biografia
Katedradun emeritua Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Publizitatean (EHU). Semiologoa, analista eta historialari zinematografikoa. Irakasle gonbidatua izan da Europako, AEBko, Mexikoko, Argentinako eta Kolonbiako hainbat unibertsitatetan.
Bere liburu nagusien artean daude: Mirar la imagen (1984); El cine en el País Vasco (1985); Pensar la imagen (1989); La mirada cercana. Microanálisis fílmico (1996; edizio berria, berrikusia eta zabaldua 2016), Robert Bresson (2001); Historias de España. De qué hablamos cuando hablamos de cine español (edizio berria, berrikusia eta zabaldua, 2018); Metamorfosis de la mirada. Museo y semiótica (2003); Orson Welles (2005); Las cosas de la vida. Lecciones de semiótica estructural (2005); La mirada plural (2008), “Francisco Ayala” Saikerako Nazioarteko Saria jaso zuen. 2013an, Lo viejo y lo nuevo (Cátedra) argitaratu zuen, Caimán. Cuadernos de Cine aldizkarian lan egindako bost urteak biltzen dituena; Zunzunegui aldizkari horren Argitalpen Batzordeko kide da. 2014ko azaroan, sari bat jaso zuen Groupe de Recherche et Investigation de l’Image dans le Monde Hispanique (GRIMH) taldearen eskutik −Frantziako hispanista eta irudian adituek osatutako taldea−. 2017an, Bajo el signo de la melancolía. Cine, desencanto y aflicción lana argitaratu zuen, melankolia izeneko «gaixotasun kulturalaren» film dimentsioaren inguruko azterketa sakona.
Fitxa teknikoa
Egilea: Santos Zunzunegui
Editorea: Shangrila Textos Aparte, Elías Querejeta Zine Eskola
Orrialde kopurua: 408
ISBN: 978-84-125928-1-8
Urtea: 2023