Publikazioak /

Itzalen gela

Itzalen gela proiektua liburu batek eta film batek osatzen dute, eta zinemagileak 2019-2020 ikasturtean eman zuen mintegi batetik abiatzen da. Horren ondoren, eskolak tailerraren aztergaiarekin lotutako obra bat ekoiztera gonbidatu zuen: munduaren irudiak eta irudikapenak sortzen diren testuingurua zalantzan jartzea, eta horiek errealitatean duten eragina.

Proiektuak hainbat artelan, film, liburu eta argazki zeharkatzen dituen ibilbidea marrazten du, artea eta haren adierazpenak interes ekonomikoak ezartzeko, ideologiak sustatzeko, kolonizazio estrategiak ezartzeko eta edozein motatako diskriminazio sozial eta kulturalak gauzatzeko erabili direla erakusteko. Menderatze mekanikak nabarmentzen dituzten obrak dira, baina, bestalde, emantzipaziorako bideak eta tresnak ere adierazten dituzte. Francis Alÿs, Fernando Botero, Bertolt Brecht, Guy Debord, Paul Klee, Alexander Kluge, Milan Kundera, Chris Marker, Susan Meiselas, Charlotte Perkins Gilman, Sophie Ristelhueber, Martha Rosler, Deborah Stratman, Kidlat Tahimik, René Vautier eta Robert Walser dira Itzalen gela lanean erreferentzia egiten zaien artistetako batzuk.

Argitalpenak zein filmak, liburua osatzen duten 26 saiakeren eszenaratzeak, besteak beste saiakera eta fikzioa narrazio formak aztertzen dituzte, eta marrazketa, argazkia, zinema, mugimenduzko irudia eta antzeko elementu bisualak dituzte oinarri.

Biografia

Camilo Restrepo Parisen bizi da eta han egiten du lan 1999az geroztik. Restreporen filmek, besteak beste, honako jaialdi hauetako hautaketetan hartu dute parte: Cannesko jaialdiko La Quinzaine des cinéastes, Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdia eta New Yorkeko Zinema Jaialdia. Pardino d 'Argento saria birritan irabazi du Locarnoko Jaialdian. 2020an, Restreporen lehen film luzeak, Los Conductos delakoak, Berlinaleko Encounters saileko opera prima onenaren saria irabazi zuen.

Fitxa teknikoa

Egilea: Camilo Restrepo
Editoreak: Elías Querejeta Zine Eskola
Orrialde kopurua: 154
ISBN: 978-84-7907-864-5
Urtea: 2024