Saioa Miguel artista bisuala, gidoilaria eta kultura ikertzailea da, eta bere proiektuen ardatza fikziozko eta ez fikziozko ikus-entzunezko lanen zuzendaritza eta ekoizpen sailak dira bereziki. Madrilgo Escuela de Artes (TAI) eskolan Zinema Zuzendaritza ikasteko beka bat lortu zuen; hain justu ere, hori izan zen zinema mundura sartzeko baliatu zuen atea. Zinema Dokumentalaren eta Esperimentalaren Zuzendaritzako master amaierako lana Bilboko Escuela de Creación Cinematográfica (ECCBI) eskolan egin zuen aurretik. Zinema eta artea beti interesatu zaizkio, eta 35 mm-ko argazkiak eta collage analogikoak egiten aritu da denbora luzez. Bere lanak hainbat galeriatan izan dira ikusgai, hala nola Madrilgo Ginsburg-en, eta Gau Irekia egitasmoak hainbat urtetan aukeratu du collagearen arloko euskal artista gisa. Madrilen egin zuen egonaldian, Zinema Zuzendaritzako master bat ikasteaz gain, ikastaro bat ere egin zuen LAV: Laboratorio AudioVisual delakoan, Filmo, luego existo. Ondoren, 16 mm-ko ikastaro bat egin zuen, eta horrekin lan bat sortu zuen, El Cuerpo, Cruce de Arte y Pensamienton elkartean erakutsi zena. Urte berean, beka bat lortu zuen Fundación de Arte Contemporáneo (La Fábrica) fundazioan Kultur Proiektuen Kudeaketako Masterra egiteko. Masterraren amaierako proiektua Arte Ederren Zirkuluaren artxiboan oinarritutako dokumental bat egitea izan zen, eta gaur-gaurkoz horretan ari da lanean. Egun, Filosofiako Gradua ikasten ari da UNEDen, eta ikus-entzunezkoen sektorean eta kultur proiektuen kudeaketan lan egiten du. Renoir zinema aretoetan banatzaile gisa eta NoTodoFilmFest jaialdiaren antolatzaile gisa ere lan egin du.
Profil honen azken eguneratzea: 2023