Claire Mullen

Archivo
Claire Mullen (2024-2025)

Claire Mullen Lehen Hezkuntzan zegoela hasi zen filmak egiten eta, Bigarren Hezkuntzan zegoenean, Academy of Integrated Humanities and New Media (AIM) eskolan sartu zen, gizarte-ikasketak eta dokumentalgintza integratzen dituen bi urteko programan. Gero, Humanitateen eta Ikus-entzunezkoen gradua ikasi zuen Scripps College-n. Bere ikerketaren arreta nagusia komunikazioak justizia sozialaren arloan aurrerapausoak emateko tresna gisa duen paperean jarri zuen. 2009an Boliviara joan zen ikastera. Bertan, dokumental bat egin zuen Evo Moralesen bigarren hauteskunde-kanpainan zehar komunitateko irrati-sareei emandako erabilera bereziari buruz. Dokumental hori bere tesinaren parte bihurtu zen, non Estatu Batuetako, Boliviako eta Alemaniako gorroto-diskurtsoen gaineko legeak eta hedabideen jabetza konparatzen baitzituen. Boliviako komunitate-irratiekin izandako esperientziak areagotu egin zuen irratigintzaren baliabide demokratikoen inguruan zuen interesa eta KQED eta KALW irrati-etxe nazional publikoetan aritu zen lanean, San Frantziskon. Gero, lau urtez aritu zen lanean soinu-ekoizle gisa Radio Ambulante irratian, gaztelaniazko ez-fikziozko podcast narratiboan. 2014-2015ean soinu-ingeniaritzako praktikak egin zituen Women’s Audio Mission grabaketa-estudio eta heziketa-zentroan. Emakumez bakarrik osatutako erakundea da, eta emakumeek musika-ekoizpenaren eta grabaketaren arloan aurrerapausoak ematea du helburu. Ondoren, enpresa barruko soinu-ingeniari gisa aritu zen bi urtez Reveal izeneko kazetaritza-ikerketako asteroko ordubeteko saioan, Center for Investigative Reporting zentroan. 2017az geroztik Mexiko Hirian bizi da eta soinu-teknikari eta -diseinatzaile autonomo gisa dihardu lanean. Ingeniari-lanak egin ditu hainbat proiektutan; adibidez, Ayotzinapako sarraskiari buruzko lau ataleko ikerketa batean, Reveal saioak eta Segurtasun Nazionaleko Artxibategiak elkarlanean ekoitzita. Gainera, audio-kontakizunak eta dokumentalak ekoitzi ditu %99 Invisible, Public Radio International eta NPR irrati-kateentzat, besteak beste. Soinu-diseinu irakasle gisa ere aritu zen UC Berkeley Advanced Media Institute-n, soinuaren inguruko KPFA trebakuntza-programan. Bere lana saritu eta aintzatetsi dute. Besteak beste, finalista izan zen 2021eko Gerald Loeb Awards sarietan, Alfred I. Dupont- Columbia Award saria irabazi zuen 2018an, finalista izan zen 2018ko Adelante Reporting Fellowship sarian, TC/RHDF Director’s Choice Award saria irabazi zuen 2016an eta finalista izan zen 2016ko KCRW Radio Race-n. Literatura-kritikarien Elkarte Nazionaleko kide izan zen 2019tik 2021era eta hainbat argitalpen kaleratu ditu literatur-, arte- eta zinema-kritikari gisa The Nation, The Believer, Artsy, Lithub, Public Books eta beste hedabide batzuetan. Argazkilari eta kamerari gisa, 35 mm eta Super 8 formatu analogikoen oso zalea da Claire, eta komunitateko hainbat gela ilunetako ohiko kide izan da 2007az geroztik.

Profil honen azken eguneratzea: 2024