Ágata De Pinho

Creación
Ágata De Pinho (C08 (2025-2026))

Ikasketak Balleteatro (Oporto) Dantza Garaikideko eta Antzerkiko Lanbide Eskolan lehenik, eta, gero, Lisboako Antzerki eta Zinema Goi Eskolan egin ondoren, Agata de Pinhok aktore-lanak egin ditu, antzerkiarekin eta zinemarekin lotutako bizimodua izanik 20 urtez baino gehiagoz. Hainbat film labur eta luzetan parte hartu du aktore gisa eta, besteak beste, honako zuzendari hauekin egin du lan: Democrudia Varejão, Isadora Neves Marques, Filipa Reis eta João Miller Guerra, Gabriel Abrantes, Miguel Clara Vasconcelos eta Alexander David.

“The bitches ditch” izan zen Agatak idatzi, zuzendu, ekoitzi eta interpretatu zuen lehen obra. Casandraren greziar mitoaren egokitzapena da; emakumeen aurka gerra-arma gisa egiten diren indarkeria-ekintzak salatzen ditu, baita ahots horiek sistematikoki minimizatu eta gutxietsi direla ere. “New Creation” da Agataren bigarren lana, “kostu txikiko zientzia-fikziozko antzerki-ekoizpena” izan zen, eta, ahaztuta dauden zientzia-fikziozko emakumezko idazle portugaldarren memoria historikoa ikertzearekin batera, emakumeak bakarrik bizi diren planeta bat nolakoa izan zitekeen irudikatu zuen. Bi lan horiek Lisboako Maria II.a Antzoki Nazionalak ekoitzi zituen 2015ean eta 2016an.

Beti maite izan du istorioak sortzea, baina azken urteotan gehiago aritu da Agata zinemaren arloan, gidoiak idazten eta zuzentzen. “Blue has no dimensions” (AZUL) izan da Agatak idatzi, zuzendu, ekoitzi eta interpretatu duen lehen filma; Rotterdamgo Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zen 2022an, eta beste hainbat jaialditan proiektatu zen. “AZUL” erdi-autobiografikoa da, eta egun batzuk barru, 28 urte betetzean, desagertu egingo dela uste duen pertsona baten istorioa da. Hainbat gaitan sakontzen du, hala nola osasun mentala, fedea, belaunaldien arteko trauma eta autokontzientzia. “Raw+Porous” du bigarren film laburra, eta 2025ean estreinatuko da IndieLisboa jaialdian. Gizatasuna, organikotasuna eta apartekotasuna gogora ekarrita, maitasun obsesiboari eta entropia sexualari buruzko maitasun-istorio bat da, desira erabatekoan murgiltzen diren bi pertsonaren artean.

Agataren lehen film luzea, “Femmes de Ménage”, hainbat urtez Luxenburgon etxeko langile gisa aritu zenean bizi izandako esperientzian oinarritzen da, eta beste emakume etorkin batzuk ezagutu zituen bertan. Topaketa eraldatzaile horiek izanik inspirazio-iturri, filmean ikusten da emakume horiek, lanez gainezka eta prekarietate-egoeran egon arren, beren burua antolatzen hasi zirela, bizimodu hobe eta duinago baten alde borrokatzeko. “Femmes de Ménage” lanak ICAren (Portugal) eta Film Funden (Luxenburgo) finantzaketa jaso zuen idazteko eta garatzeko, baita ekoizpenerako finantzaketa ere, ICAren eskutik. Proiektua idazteko fasean dago gaur egun, eta koprodukziorako finantzaketa bilatzen ari dira.

Profil honen azken eguneratzea: 2025